KOTOIGINTZAN ARITUTAKO EMAKUMEEN INGURUKO ERAKUSKETA BERGARAN

Kotoiaren Emakumeak. Bizi istorioak erakusketak emakume langileak omentzea du helburu, Algodonera San Antonio lantegian lan egin zuten emakumeak zehazki. Arte diziplina desberdinen bitartez (ilustrazioak, poesiak, argazkiak, literatura, moda...) emakume haien bizi istorioak kontatzen dira, haiek bizi izan zuten guztia azalduz. Erakusketa Bergarako Laboratoriumean dago ikusgai urriaren 10era arte.
Hasiera batean moda proiektua zen, baina pixkanaka kutsu kulturala hartu zuen Andoainen sortutako proiektuak. Andoainen Algodonera Guipuzcoana izeneko lantegi bat izan zen 1857-1965 urteetan. Bertan, langileen % 90 emakumeak ziren. Emakume guzti horiek omentzeko eta indartzeko asmotan jaio zen Kotoiaren Emakumeak erakusketa. Martxoaren 3tik 20ra Andoainen izan zen ikusgai eta Bergara izan da bigarren geltokia, ehun-fabrika itxi zenean bertan lan egiten zuten emakume asko Bergarara joan baitziren lanera.
Erakusketa totemez dago osatua, eta bertan, poesiak, argazkiak, ilustrazioak...daude ikusgai. Andoaingoak zuri kolorekoak dira eta Bergarakoak, aldiz, urdinak, mahoi koloreari erreferentzia eginez.
Algodonera San Antonio lantegian lan egin zuten emakumeen bizi istorioak kontatzen ditu eta, horretarako, zortzi emakumerekin bildu dira, momentu zaharrak gogoratzeko. Erakusketako totem askok QR kode bat daramate emakumeen ahots eta istorioekin. Halaber, istorio guztiak biltzen dituzten hainbat katalogo txiki ere badira.
Bisita gidatuak
Erakusketa bere baitan ondo ulertzen den arren, hainbat bisita gidatu antolatu dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Bisita hauetan, erakusketa azaltzeaz gain, hainbat anekdota eta kontu txiki ere azalduko dira. Hauek dira hurrengo bisita gidatuen datak: uztailak 21, uztailak 28, abuztuak 4, abuztuak 25 eta irailak 1. Eguerdiko hamabietan izango dira guztiak.
Unitate didaktikoa
Aurretik, Bergarako Udalak Ehun lantegiak Bergaran unitate didaktikoa sortu zuen. Orain, erakusketak hainbat bizi-istorio eta dokumentazio gehitu dizkio proiektu horri. Aipatutako unitate didaktikoa hemendik jaitsi daiteke.
Hitzaldiak eta ikastaroak
Emakume hauek egiten zuten lana garrantzian jartzeko, eta bizimodu jasangarri bat sustatzeko asmotan, hitzaldiak antolatu dituzte. Jasangarritasunari garrantzia emateaz gain, Algodonera de San Antonio lantegian haria eta oihala nola lantzen zen azalduko dute hitzaldietan, prozesu guztiak ondo azalduz eta emakumeen testigantzak audio edo bideo formatuan emanda. Irailaren 23an egingo dituzte, 10:00etan haurrei eskainia eta 18:00etan helduei.
Kotoiaren inguruko ikastaroak ere prestatu dituzte. Joan den larunbatean egin zuten bat, haurrei zuzendua, eta hurrengoa ostiralean, hilak 16, egingo dute, Apaindu kotoiarekin izenekoa; kotoizko bolatxoak erabiliz, kotoiaren lorea egingo dute eta dekorazio pieza desberdinak sortuko dituzte. 13 urtetik aurrerakoek parte hartuko ahalko dute, gehienez 6 pertsonak.