Korrontzi taldearen eta Igor Yebraren ikuskizuna gaur Bilbon

Korrontzi taldearen eta Igor Yebraren ikuskizuna gaur Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/korrontzi-taldearen-eta-igor-yebraren-ikuskizuna-gaur-bilbon/@@download/image/20128235263korrontzi_3.jpg
2012/12/13
berria
Aste Nagusia aurrera doa pixkanaka Bizkaiko hiriburuan. Gaur gauean, hain zuzen, Igor Yebra ballet dantzari ezagunaren eta Korrontzi musika taldearen txanda izango da, Abandoibarrako gunean ariko baitira 23:30etan.

Bilbotarra mundu mailako ballet dantzari hoberenetakoa da, eta egunotan bere jaioterrira hurbildu da Korrontzi taldearekin batera ikuskizun berezi eta berritzailea prestatzeko. Orain bi urte hartu zuen parte lehen aldiz Aste Nagusian, aretoetatik irten eta dantza klasikoa kalera eramanaz.

Gaurkoan, dena den, oso bestelako lana erakutsiko duela adierazi du Yebra berak. Korrontzi taldeak trikitixak ditu oinarri, eta mandolinaz, albokaz eta bestelako haize instrumentuez lagunduriko ikuskizunak prestatzen dituzte. Dantzariarekin batera, sorpresaz beteriko gaua  osatuko dute gaurkoan, euskal dantzetatik haratago, saio borobila eskainiz.

Emanaldia gaueko 23:30etan izango da Abandoibarrako gunean, Guggenheim museoaren ondoan. Hurbildu Bilboko festa gauez gozatzera!

Igor Yebra


1972an Bilbon jaio zen. Atheltic-eko jokalaria izan nahi zuen, baina 13 urterekin balleteko oinetakoak probatu eta bere ibilbidea erabat aldatu zuen. 15 urterekin Madrilera joan zen Victor Ullateren konpainian ikastera, eta hurrengo urtean Parisen ari zen dantzan. Moscuko Kremlin Antzokian sartu zen lehen dantzari atzerritarra izan zen, eta orain batetik bestera dabil mundu osoan barrena.
Bilbon dantza eta koreografia eskola bat du, eta urtez urte neska eta mutil gazte gehiagok izena ematen dute beren lehen dantza pausuak ematen ikasteko. Yebra oso pozik dago egindako lanarekin.


Korrontzi


Korrontzi taldea 40 kontzertuz osaturiko bira potoloa eskaintzen ari da azken hilabeteotan. Herbehereetan, Belgikan, Alemanian, Italian, Frantzian… ikuskizunak eskaintzen ari da ohiko bidelagun izaten duen Oinkar dantza taldearekin batera. Euskal musika eta dantzak munduan zehar hedatzen ari dira atsedenik gabe.