Korrikaren ibilbidea osorik: Atharratzetik Bilbora egingo duen bidea
24. KORRIKAren ibilbidearen berri eman du AEK-k: 2175 kilometro izango dira eta 3436 lekuko aldaketa. Korrika martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik, 15:30ean, eta Euskal Herriko 460 herritatik igarota, Bilbora iritsiko da martxoaren 29an.
Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da bertara. Donibane Garazira martxoaren 20an helduko da (02:50ean). Iruñean martxoaren 22an izango da, Alde Zaharrean 14:30 aldera sartuko da. Martxoaren 24an, Baionaren txanda izango da, 20:30ean. Donostian martxoaren 25ean ibiliko da, eta Alde Zaharrean eguerdi aldean ailegatuko da. Gasteizera martxoaren 27an iritsiko da, 21:00ak aldera. 07:20ak pasatuta sartuko da Bilbon eta eguerdiko 12:05ean helduko da Areatzara, eta bertan irakurriko dute lekuko barruko mezua.

Ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan eta webgunean kontsulta daitezke. Kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da
Korrikaren aplikazioan informazio guztia
Korrikaren aplikazioa mugikorrean dutenek eguneko bideokronika bereziak ikusi ahal izango dituzte Korrikak iraun bitartean. Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: une oro jakin ahal izango da non dabilen lasterketa, eta furgonetako zuzeneko irudiak ere eskainiko dira 24 orduz. Horretaz gain, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak erakusten dira bertan.
IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri eta doakoa da.
