Korrikaren historiari buruzko podcastak sortu ditu AEK-k

Korrikaren historiari buruzko podcastak sortu ditu AEK-k Edizio bakoitzaren inguruko informazioa bildu dute audio formatuan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/korrikaren-historiaren-podcastak-sortu-ditu-aek-k/@@download/image/948378d6a67ac0d7c7c6728581b072ab_XL.jpg
2022/02/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Edizio bakoitzaren inguruko informazioa bildu dute audio formatuan.
Korrikaren historiari buruzko podcastak sortu ditu AEK-k

Korrikaren historiaren berri podcast eran jaso ahal izango da hemendik aurrera, edizio bakoitzaren zertzelada eta pasadizo nagusiak audio formatuan bildu baitituzte. "Proiektu xume" hau Korrikaren webgunean zintzilikatu dute, Historia atalean. Naiz irratiarekin elkarlanean sortu dutenez, irrati bidez ere entzun ahal izango da.

Podcastak 22 atal ditu guztira, atarikoa eta KORRIKAren aurreko 21 edizioetako bana, eta transkripzioak ere eskegi dituzte. Gainera, webguneko Historia atalean aurkitzeaz gain, Korrikateka atal berrian ere ipini dituzte. Izan ere, kokaleku berri horretan bildu nahi dute KORRIKAren ondare guztia.

Herritarrak podcasta entzutera animatu nahi dituzte. "...mila eta bat istorio daude edizio bakoitzaren atzean... Gurekin batera errepasatu nahi dituzu? Podcastetatan egongo gara zuen zain!".

'Uhinak' dokumentala gaur ETB1en
22.Korrikaren Uhinak dokumentala ETB1en eta eitb.eus-en estreinatuko dute gaur, 23:30ean. "Euskal Herriko arteria grisetako bederatzi errealitate linguistiko eta emozional" biltzen ditu Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako dokumentalak. Honela deskribatu dute egileek ikus-entzunezkoaren nondik norakoa: “Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena abiatu gara eta bederatzi ahots topatu ditugu bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional. Hitzekin jolasteko gonbita egin diegu, eta elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika jaso dugu bueltan.”

Hauek dira dokumentaleko bederatzi protagonistak: Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga), Monica Fernandez Cuesta (Cintruénigo), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara), Myryam Quintana Urrea (Kanpezu), Itxaso Balza de Vallejo Carbajo (Maeztu), Joxe Landa Odriozola (Itziar), Suhar Anzorandia Peritz (Barakaldo), Etxahun Anakabe Tapia (Barakaldo), eta Marie-Agnès Gorostiague Salaberri (Ainhize- Monjolose). Off ahotsa, berriz, Lorea Agirrerena da.