Korrika Munduan bideo lehiaketan bozkatzeko aukera dago
23. Korrikak Euskal Herriko kaleak zeharkatuko ditu martxoaren 14tik 24ra, Irundik Baionara. Euskararen eta Korrikaren aldeko aldarria nazioartean ere zabalduko da, ordea, unibertsitate eta euskal etxeetan.
Korrika bideo lehiaketa jarri dute martxan beste behin, Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletzetako ikasleei eta Euskal Etxeetako euskara ikasle eta komunitateari zuzenduta. Bideo-sorta bildu dute dagoeneko honako txoko hauetatik: Argentinako hiriburuko Laurak Bat eta Beti Aurrera Euskal Etxeak, Valladolideko Gure Txoko, Txileko Santiagoko Euzko Etxea, Peruko Euskal Etxea, Txileko Viña del Marreko Euzko Etxea, Txekiar Errepublikako Masarykova unibertsitatea, Eskoziako Edinburgoko unibertsitatea, Frantziako Sorbonakoak eta Australiako Sidney hiriako Euskal Etxekoak.
AEKren Youtubeko kanalean sartu eta "Atsegin dut" botoia sakatuz bozka daiteke gogokoena. “Atsegin dut” gehien dituzten bi bideoek, unibertsitate sareko bateak eta Euskal Etxetako batek, AEK-k antolatutako online barnetegi pertsonalizatu bana jasoko dute, bi pertsonarentzako.
Martxoaren 1era arte eman daiteke bozka.
