Korrika Munduan bideo lehiaketako lanak bozkatzeko epea zabalik da
22. Korrikak martxoaren 31tik apirilaren 10era zeharkatuko ditu Euskal Herriko bazterrak, Amurriotik Donostiara. Nazioartean ere badu, ordea, oihartzuna euskararen aldeko lasterketak. Hori dela eta, edizio honetan ere Korrikari babesa emateko, Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen unibertsitateetako irakurletzetako ikasleei eta Euskal Etxeetako euskara ikasle eta komunitateari zuzendutako bideo lehiaketa antolatu du AEK-k, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.
Munduko hainbat txokotatik iritsitako hamabi bideo jaso dituzte: Berlin, Helsinki, Cork, Tokio, Poznan, Mexiko, Palma, Valladolid, Bordele eta Sidney. AEKren Youtubeko kanalean ikus daitezke bideoak, eta 'atsegin dut' sakatuz bozka daiteke gogokoena, martxoaren 28ra bitarte.
'Atsegin dut' gehien dituzten bi bideoek, kategoria bakoitzeko batek, hau da unibertsitatekoek eta euskal etxeetakoek, AEK-k antolatutako online barnetegi pertsonalizatu bana jasoko dute, bi pertsonarentzat.
Martxoaren 29an jakinaraziko dute, Etxepare Euskal Institutuaren webgunean, bideo irabazlea zein den.

