Korrika Kulturalaren eskaintza aurkeztu dute

"Elkarlanaren bidetik", AEK-k prest du Korrika Kulturalaren menua. Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta Hautsi da Anphora ikuskizuna ekarriko dute plazetara. Ruper Ordorikaren azken proiektua da hau, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin batera egina. Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko dela aurreratu dute: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan. Bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten ere lagunduko du Korrika Kulturalak, besteak beste, eRRe ikuskizuna eta Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea.
Aitziber Balantzategi AEK-ko kideak aipatu duenez, "Korrika Kulturala AEK-k Euskal Herriari Korrikaren alde egindako lana eskertzeko jaio zen, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez". Ildo horretatik, herriz-herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman nahi dituzte Kulturalen agendara. Horretarako, Korrikaren webgunean 'Menua' izeneko baliabidea txertatu dute, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, "udalerri orori irekia". Menuaren barruko artista eta ikuskizunetako bat Eñaut Zubizarreta “Trigger” musikariarena izango da. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du, 'Agenda' atalean.
Asier Amondo Korrika arduradunak aipatu duenez, 22. edizio hau "trantsiziotzat" hartu dute, eta 23.Korrikatik aurrera, AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan garatuko da Kulturalaren programa. "Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute". Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri.