Koronabirusari buruzko hamar albiste on

Koronabirusari buruzko hamar albiste on Koronabirusa pandemiatzat hartu ala ez, gaia serio hartzekoa da. Ez zaio duen garrantzia kendu behar, bi hilabetetan hainbat kontinentetara zabaldu baita. Hala ere, badira albiste on batzuk ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koronabirusari-buruzko-hamar-albiste-on/@@download/image/shutterstock_1650154681-1.jpg
2020/03/06

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Koronabirusa pandemiatzat hartu ala ez, gaia serio hartzekoa da. Ez zaio duen garrantzia kendu behar, bi hilabetetan hainbat kontinentetara zabaldu baita. Hala ere, badira albiste on batzuk ere.
Koronabirusari buruzko hamar albiste on

Pandemia gaixotasun baten transmisio jarraitu eta eraginkorra da hiru lurralde geografiko ezberdinetan aldi berean ematen bada. Argi dago, pandemia fasean gaudela, baina pandemia ez da heriotzaren sinonimoa. Kontzeptuak ez dio patogenoaren hilgarritasunari erreferentzia egiten, baizik eta zabaltzeko duen ahalmenari.

Azkarrago zabaldu da ordea beldurraren pandemia. Historian lehengo aldiz epidemia bat denbora errealean bizitzen ari gara: komunikabide guztiak, egunean behin baino gehiagotan, egunero, planeta osoan, koronabirusari buruz hizketan ari dira. Albiste jarioa zuzenean jarraitzen ari gara.

Egoera txantxetakoa ez bada ere, argi dago koronabirusaren biktima nagusia herrialde batzuen ekonomia izan dela. Hori dela eta, noski, gertatzen ari denaz informatu beharra dago, baina albiste onak ere behar ditugu. Hemen horietako hamar:

1. Badakigu zein den
IHESAren lehen kasuak 1981ean deskribatu ziren eta bi urte behar izan ziren gaixotasuna sortzen zuen birusa identifikatzeko. Lehengo pneumonia kasu gogorrak 2019ko abenduaren 31an erregistratu ziren Txinan eta urtarrilaren 7rako birusa identifikatua zegoen.

Genoma eskuragarri zegoen urtarrilaren 10erako. Badakigu 2B taldeko koronabirus bat dela, SARS familiakoa. Gaixotasuna COVID19 deitzen da. Sagu-zaharren koronabirusarekin lotura du. Azterketa genetikoek argitu dutenez jatorri natural berria du (azaro amaiera, abendu hasierakoa) eta birusak mutatuz bizi badira ere, bere mutazio maiztasuna ez da oso altua.

2. Badakigu nola hauteman
Urtarrilaren 13tik eskuragarri dago mundu osoan RT-PCR entsegua birusa antzemateko. Azken hilabeteetan froga hauek asko perfekzionatu dira, hauen sentsibilitatea finduz.

3. Txinan egoera hobera doa
Txinak ezarritako kontrol neurri zorrotzek eta isolamenduak bere emaitzak eman dituzte. Azken asteetan diagnostikatutako kasuak murriztuz doaz egunero. Beste herrialdeetan jarraipen epidemologiko oso zehatza burutzen ari da. Fokuak oso zehatzak dira eta horregatik erraztasun gehiagoz kontrolatu daitezke.

4. Kasuen %80 arinak dira
Gaixotasunak ez du sintomarik sortzen edo kasuen %81etan sintoma arinak ditu. Geratzen den %14ean pneumonia larria eragin dezake eta %5engan kritikoa edo hilkorra izan liteke.

5. Jendea sendatzen da
Komunikabideetan batez ere azaltzen diren datuak baieztatutako kasu berriak eta heriotza dira. Baina kutsatutako jende gehiena sendatu egiten da. Hildako baino sendatutako 13 paziente gehiago daude eta proportzioa haziz doa.

6. Adin txikikoei ez die (ia) eragiten
Kasuen %3 bakarrik gertatzen da 20 urtetik beherakoetan eta hilkortasuna 40 urtetik beherakoengan %0.2koa da. Adin txikikoen artean sintomak horren arinak direnez oharkabean igarotzen dira.

7. Birusa errez desaktibatzen da
Birusa gainazaletatik modu eraginkorrean desaktibatu daiteke etanol soluzio batekin (alkohola %62-71ra), ur oxigenatuarekin eta hipoklorito sodikoarekin. Ur eta xaboiarekin maiztasunez garbitzeak ere kutsatzea modu eraginkorrean ekiditen du.

8. Jada 150 artikulu zientifikotik gora daude
Zientzia eta kooperazio garaia da. Hilabete gutxi batzuen ondoren, jada koronabirusari buruzko 164 artikulu zientifiko kontsultatu daitezke. Aurretiazko lanak dira bakunei, tratamenduei, epidemologiari, genetikari eta filogeniari buruzkoak. Artikulu hauek mundu osoko 700 egile inguruk sortu dituzte. Gainera, aldizkari zientifiko gehienek irekiak utzi dituzte koronbirusari buruzko euren informazioak.

9. Bakunen prototipoak jada badaude
Gure bakunak diseinatzeko gaitasuna ikusgarria da. Koronabirusaren aurkako zortzi proiektu baino gehiago daude jada. Badira taldeak beste birus antzekoentzako bakunak sortzen ari zirenak eta orain birus hau aldatzen saiatzen ari direnak.

Bakunen garapena luzatu daiteke kutsakortasun, albo-kalte, segurtasun eta eraginkortasun frogak burutu behar direlako. Hori dela eta, hilabeteak edo urteak itxaron beharko da, baina bakunaren prototipoak jada martxan daude.

10. 80entsegu kliniko baino gehiago daude martxan antibiralekin
Bakunak prebentiboak dira. Garrantzitsuagoa da jada gaixo dauden pertsonen tratamendu posibleak. Hori dela eta, 80 entsegu klinikotik gora daude koronabirusaren aurkako tratamenduak aztertzeko. Beste infekzioetarako erabilitako antibiralak erabiltzen dira, jada frogatuak daudenak eta badakigunak seguruak direla.

Gripearen pandemiak 1918an 25 milioi hildako baino gehiago utzi zituen 25 astetan. Horrelako zerbait gertatu al liteke egun? Ikusi dezakegunez, ia ziur ezetz. Ez gara inoiz horren prestatuak egon pandemia bati aurre egiterako garaian.