Koronabirusaren eragina etorkizuneko zineman

Koronabirusaren eragina etorkizuneko zineman Zaila da fikzioan murgiltzea errealitateak honen bertsio hiperbolikoa dirudienean. Gure bizitzak betiko aldatuko dituen pandemia, eta gure egunerokotasunaren oinarrizko xehetasunetan ondorio handiak izango dituen zerbait dela iragartzen dute askok. Zinema zoritxarrez, industria gehienak bezala, horietako bat izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koronabirusaren-eragina-etorkizuneko-zineman/@@download/image/Screenshot_2020-04-07 El cine club Kresala estrena hoy nueva sede en los cines Trueba.jpg
2020/04/07

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Zaila da fikzioan murgiltzea errealitateak honen bertsio hiperbolikoa dirudienean. Gure bizitzak betiko aldatuko dituen pandemia, eta gure egunerokotasunaren oinarrizko xehetasunetan ondorio handiak izango dituen zerbait dela iragartzen dute askok. Zinema zoritxarrez, industria gehienak bezala, horietako bat izango da.
Koronabirusaren eragina etorkizuneko zineman

Zaila da zinemagintza standby egoeran sartzeak eragingo dituen kalte guztiak aurreikustea, etengabeko mugimenduan dagoen sektorea baita. Industriarentzat galerak izugarriak izango dira -kaleratze ugari ekarriko dituen zerbait noski-, baina baita ikuslearentzat ere, ahalmen ekonomikoa galduko baitu eta lehentasun eskala batean, zinema goiko postuetan kokatua ez dutenek, agian baztertu egingo dutelako.
Hala ere, itxaropentsu egoteko motiboak ere badaude.  XX. mendean zehar, fikzioan babestu izan baikara gizartean gertatzen denarekiko baltsamo gisa –Estatu Batuetako eta Ingalaterrako biztanleen portaera II. Mundu Gerraren ondoren adibidez –.
Jarraian, COVID-19ren krisiak zinema garaikidean izan ditzakeen eraginaren oinarrizko hainbat puntu azalduko ditut, nire ustez garrantzitsuak direnak.

Zinemaren etorkizuna

Euskal Herriko eta mundu osoko aretoak itxi egin dira eta estreinaldi guztiak atzeratu egin dira. Makineria independentea, industria erraldoi horietatik urrunago bizi dena alegia, gezurra dirudien arren, ñabardurak salbu, uste dut onik aterako dela. Konpainia erraldoiak bizi diren gurpil horretatik kanpo daudelako eta beraien estreinaldiak beste oinarri batzuetan zimendatzen dituztelako, baina hori ikusi beharko da.

Ipar Amerikako banatzaile enpresa erraldoi askok bide berriak bilatzen ari dira beren “stockari “ irteera emateko. Badirudi irtenbide “errazena”, online atariak irekitzea izango dela – egungo plataformen antzekoa –, datak bete daitezen eta egutegian overbooking erraldoirik gerta ez dadin. Online eta fisikoaren arteko eztabaida, hondamendi baten erdian konpontzen hasiko dela dirudi. Zoritxarrez, pandemia bat izan daiteke streaming plataformak behin betiko egonkortuko dituena. Testuingurua oso zaila da, pentsatu nahi dut bi modalitateak elkarrekin biziko direla eta etorkizun hurbilean bateragarriak izango direla. Zinema aretoak ezin dira desagertu. Magia zoragarri hori. Berrito diot, nire nahia da, zer gertatuko den nork daki.

Zinema jaialdien garrantzia

2020ko lehen laurden honetan, Sundancen, Rotterdamen, Göteborgen eta Berlinen ospatu dira zinema jaialdiak. South by Southwest (Austin), Tribeca edta Las Palmas bezalako pisu handiko beste batzuk atzeratu behar izan dira. Beste batzuek, Bartzelonako D 'A esaterako, datak mantentzea erabaki dute, baina online formatuan. Cannes, jaialdien ikur nagusia, ekainaren amaierara arte atzeratzea erabaki dute. Zinemaldiak sustapen zinematografikoaren funtsezko zatia dira. Ekoizpena eta banaketa sostengatzen dituzten merkatu fokuak ere badira. Cannes gabe, adibidez, udazkenean izenburu/sarien overbookinga ez litzateke hain ohikoa izango. Zama hori ezingo lukete jasan ez banaketak, ez prentsak, ez, noski, ikusleak. Frantziar jaialdiaren zuzendaritzak irtenbide bat aurkitu nahi du, "aurkariak" gainditzeko beldur batek inspiratuta-Venezia indarra hartzen joan baita azken urteotan-. Zinemaren osasuna  jaialdien araberakoa ere izango da. Ikusiko dugu zer gertatzen den Donostiako Zinemaldiarekin, mantendu dezagun esperantza oraingoz.

Datu batzuk

Zoritxarrez estatu espainiarreko datuei erreparatu behar diegu, Euskal Herrikoak oraindik ez ditugulako zehazki ezagutzen, baina gurean gertatu denaren edota daitekeenaren termometro ona izan daiteke. 300 filmaketa baino gehiago bertan behera geratu dira Espainian martxoaren 11tik, COVID-19ren ondorioz, horien% 52 ekoizpen espainiarrak dira eta% 48 nazioartekoak, Spain Film Commissionek egindako zenbaketaren arabera. Horietatik 34 film luzeak dira (fikzioa, dokumentala eta animazioa) eta 28 film laburrak dira. Galerak eguneko 20 milioi ingurukoak izango direla aurreikusi dute ekoiztetxeek. Zenbaki horiei gehitu behar zaizkie aretoak ixtearekin eta marketin kanpainak etetearekin batera estreinaldiak gelditu eta bertan behera uztea, baita Malagako eta Cannesko jaialdien atzerapenak ere. Mariano Barroso  Espainiako Zinema Akademiako presidenteak azaldu zuenez, ikus-entzunezko sektoreak Jose Manuel Rodriguez Uribes Kultura eta Kirol ministroari bidali dion proposamenetako bat da "laguntzek eta kontratuek markatzen dituzten epe guztiak malgutzea" estreinaldiei dagokienez, baita "jaialdietan sartu eta zinemetan estreinatu nahi duten ekoizpen guztientzako euskarri ekonomikoa" ere. Gainera, zinemaren munduak deialdiak ez atzeratzea eta enpresek aseguru-partzuergoaren laguntzak jaso ahal izatea ere eskatu du; izan ere, "Estreinaldi datarik gabeko 50 titulu inguru daude, urtea amaitu baino lehen atera behar direnak", Barrosok nabarmendu zuenez.

Euskal Herrian ere kasu ugari, adibidez Zinea.eus atarian emandakoa: ‘Ilargi guztiak’ lanaren filmaketa eten dute Covid-19aren krisiak eraginda. "Igor Legarretak zuzendutako Ilargi guztiak film luzearen filmaketa bertan behera utzi du lan-taldeak, koronabirusaren krisiaren eraginez, osasun larrialdi egoera ezarri bezain laster. Filmaren taldeko kideen segurtasuna eta ongizatea bermatu nahian hartutako erabakia dela azpimarratu dute ekoizleek, hala, COVID-19ren hedapena geldiarazten laguntzeko gizarte-erantzukizuneko konpromisoarekin bat egin dute."

 

Ekoizpenak eta errodajeak

Estreinaldi asko gelditu egin dira, baina baita errodajeak ere, eta, horrekin batera, galdutako lanpostu ugari eta bete ezin izan diren epeak. Filmaketa edota ekoizpen ondorengoko film askok ez dute 2021era arte argirik ikusiko, kasurik onenean. Lehen azpimarratu dudan bezala, horrek eragina izango du aurrekontu handiko sorkuntzetan, egutegi eta epeen menpe bizi direnetan eta, neurri txikiagoan, ekoizpen apalagoetan ere. Proiektu batzuk bizirik irtengo dira, baina tamalez beste askok ezingo dute jarraitu. Dena den baikorra naiz, uste dut zinemak bizitza propioa duela, eta bere industria aurrera aterako dela. Denbora eta pazientzia kontua izango da.

Errekuperatzen garen bitartean, gozatu zinemaz etxean.

Gora zinema!