Koronabirusak eragindako antsietatea, geroz eta pisutsuagoa

Dagoeneko atzean gelditu da martxoan bizi izan genuen egoera surrealista; egun batetik bestera denok etxean sartu behar izan genuen, mundua osorik irentsitako pandemiari aurre egiteko. Lehenik aste batzuetako kontua izango zela uste genuen, ondoren hilabetetan luzatu zen, eta azkenik kalera irteteko askatasuna berreskuratu genuenerako, "normaltasun berriarekin" egin genuen topo.
Horrekin nahikoa ez, eta badirudi udazkenarekin batera martxoko egoerara eraman gaitzakeen bigarren olatuaren mehatxua geroz eta indartsuago datorrela; eta noski, beldur eta alarma egoeran bizitzeak antsietate mailak ikaragarri igo ditu gizartean. Hain zuzen, Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera, koronabirusa jasan duten gaixoen artean depresioa eta antsietatea albo-ondorio nagusietakoa izaten ari da. Gaixoekin batera, osasun langileek bereziki jasan dute antsietatea, eta batzuek trauma ondorengo estresa jasan dute.
Normaltasun berria egoera normala dela pentsatzeak ere ez du gehiegi laguntzen, errealitatea ukatzea delako, eta horrek ere ondorio negatiboak eragiten dituelako osasun mentalean. Baina, zer egin dezakegu depresio eta antsietatetik aldentzeko? Lehenik eta behin, errealitatea onartu, ez beldurrez, arduraz baizik. Pandemiaren aurretik ere ez genekien zer gertatuko zen etorkizunean, baina aurrera egiten genuen berdin. Horrekin batera, garrantzitsua da doomscrolling (etengabe albiste negatiboak bilatzen egotea) egiteari uztea; informaturik egotea beharrezkoa da, baina kontuz gehiegizko informazioarekin edo informazio faltsuekin.
Bestalde, adi ingurukoen umorearekin; emozioak kutsatu egiten dira. Emozio negatibo gehiegirekin topatu bazara, saiatu zure animoak altxatuko dituen ekintzaren bat egiten. Azkenik, gogoratzen itxialdian zenbat botatzen zenuen faltan kirola egiteko aukera? Ziur asmo on guztiak atzean utzi dituzula. Bada kalean kirola egiteak on handia egingo dio zure osasun mentalari, beraz, altxa sofatik!