'Kopaz kopa' antzezlana Iruñean

'Kopaz kopa' antzezlana Iruñean Adin-krisiak jota, ezkondu aurreko agur-festaren aitzakian astebeteko bidaia egitea erabakiko duten bi lagunen istorioa kontatzen du obrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kopaz-kopa-antzezlana-irunean/@@download/image/kopaz_web-1024x565.jpg
2021/10/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Adin-krisiak jota, ezkondu aurreko agur-festaren aitzakian astebeteko bidaia egitea erabakiko duten bi lagunen istorioa kontatzen du obrak.
'Kopaz kopa' antzezlana Iruñean

Ados Teatroak Kopaz Kopa antzezlana taularatuko du gaur, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Iruñeko Udalak udazkenerako prestatutako Antzerki Aroa zikloaren barruko emanaldia izango da. Sarreren prezioa 8 eurokoa da, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean edo antzokiko leihatilan erosi ahalko dira ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.

Miguel eta Andres bizitza osoko lagunak dira antzezlaneko protagonistak, bikote bitxia osatzen dutenak, porrot egindako grinak eta gaztaroa pasatu izana soilik baitute komunean. Balantzaka dabiltza biak ere, modu arriskutsu eta komikoan adin-krisialdi horretan. Miguel, dibortziatu deprimitua da, idazle zapuztua eta ardozale amorratua, ezkor hutsa. Andres, ezkontzekotan dagoen aktore zapuztua da, limurtzaile hutsa. Astebeteko bidaia egitea erabakiko dute, Andresen ezkondu aurreko agur-festa gisa. Biek daramatzate kopaz kopa euren segurtasun gabeziak arrastaka, zerbaiti heldu nahian, bizirik sentiarazi eta eskastasunari ihes egiteko aukera emango dien zerbaiti.

Ainhoa Aierbe, Asier Sota, Ainara Ortega eta Iñigo Aranbarri arituko dira oholtza gainean, Garbi Losadaren zuzendaritza duen obra honetan. Ane Labakak ekarri du euskarara Rex Pickett-en testua.