Koparekin, hileroko laburragoa

Koparekin, hileroko laburragoa Kopara aldatzerakoan gertatu zaizue? Ez zarete bakarrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koparekin-hileroko-laburragoa/@@download/image/menstrual_cup_dangers-800x400.jpg
2020/07/02

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Kopara aldatzerakoan gertatu zaizue? Ez zarete bakarrak.
Koparekin, hileroko laburragoa

Azken urteetako kontua dirudien arren, hilerokoaren kopa 1937an asmatu zuten; sinestezina dirudi, ezta? Bada silikonazko edukiontzi honen abantailak asko dira. Egin ditzagun kalkulu azkar batzuk; urtean hamabitan, bizitzan 500 bat alditan, 12 urterekin hasi eta 50 urteetara iritsi arte, 28 egunean behin eta bost eguneko tartean, munduko emakume guztiek hilerokoaren bisita jasotzen dute. Inoiz pentsatu al duzue zenbat zabor (konpresak, tanpoiak...) produzitzen duen hilekoa izateak 30 urtetan zehar? Eta ze kalte eragiten duten produktu hauek zuritu, isuriak xurgatu eta usaina neutralizatzeko osagai kimiko toxikoek?

Horren aurrean, kopa daukagu; bakar batek hamar urte irauten ditu, eta silikonaz eginda dagoenez, ezin hobeto doakio gorpuari; hilekoa xurgatu ordez, jaso egiten du, eta 12 ordutan egon daiteke jarrita aldatu gabe. Baina ekologismoa eta ekonomia (eta noski, osasuna) ez dira edukiontzi honen abantaila bakarrak.

Put A Cup In It taldeak 1.400 emakumeri galdeketa luzatu die, eta ondorio bitxi bat atera dute ikerketa horretatik; %53 adierazi zuenez, kopa erabiltzen hasi zirenetik hilerokoak laburragoak direla nabaritu dute. Zoritxarrez, oraindik ez dute gertakari hau aztertzeko ikerketa zientifikorik abian jarri, baina... zuei ere gertatu al zaizue?

BENETAN LABURTZEN OTE DA HILEKOA?

Ez dago argi, baina badakiguna hauxe da; koparekin, hilekoaz dugun pertzepzioa nabarmen aldatzen da. Kopa erabiltzen hasi eta berehala sumatzen diren bi gauza garrantzitsuenak hauek dira; hilekoak ez duela usainik (konpresa eta tanpoien iragarkiek dioten moduan) eta uste duguna baino odol gutxiago isurtzen dela. Ados zaudete?