Kontzertuetako sarreren birsalmenta buruhauste bat da artistentzat
Artisten amets-gaiztoa izan ohi da sarreren birsalmenta. Abeslari eta musika talde ezagunenek euren sarrerak berehala agortzen direla behatzen dute. Ondoren ohartzen dira ez direla denak saldu, baizik eta ekonomia bat dagoela eraikia hauen inguruan, Viagogo eta StubHub bezalako erakundeek sustatutakoa. Modu masiboan erosten dituzte sarrerak eta ondoren garestiago saltzen saiatzen dira. Arazoa da musikari askorentzat eta horregatik bada berau debekatzeko neurriak hartu dituenik ere.
Rammstein taldea da hori, Viagogo tribunaletara eraman baitu. Alemaniako metal industrialeko taldeak justiziara jotzea erabaki du bere 2023ko europar biran sarrerekin arazo hau ez edukitzeko.
Rammstein bere promotorearekin, MCT Agentur, batu da demanda aurkezteko eta Viagogok sarrerak saldu ditzan ekiditeko.
Justiziara joateaz gain, Rammstein-en bira berriko sarrerak nominatiboak izango dira taldeak hala eskatuta. Sarrera erosterakoan izen-abizenak eta NAN-a tekleatu beharko dira eta informazio hori sarreran agertuko da. Sarrera birsalmentako webgune batean erosiz gero, erosle honek ez du inongo eskubiderik izango. "Iruzur baten biktima izango zara" azaltzen dute salmentako baldintzetan.
Rammstein-en abokatua den Sebastian Ott-ek polemikaren harira bere ikuspuntua zabaldu du: "Erosleak askotan ez dira konturatzen ez direla sarrerak antolatzaileari erosten ari, baizik eta bigarren mailako merkatu batean. Legislaturak hutsune hauek onartu ditu eta ekintzak hartu ditu".
Rammstein eta Viagogo-ren aurrez aurrekoa aspalditik dator. 2018. urte amaieran taldeak jada erakundearen metodoak kritikatu zituen: "Abisu bat da Rammsteinen sarrerak prezio oso puztuetan saldu eta gainera bilaketa motor erabilienetan iragartzen dituzten horientzat". Izan ere, birsaltzaileak gai dira bilaketa garaian lehenengo postuetan jartzeko euren iragarkiak, askotan kate ofizialen aurretik.
Erregulazio faltak espekulazioa errazten du. Sarreren salmenta arloan hutsune legala dago. Mundu fisikoan kaleko birsalmenta debekatua dago, baina ondasun digitaletan ez dago oraindik arautegi argi bat. Horregatik erabaki du Rammstein taldeak zuzenean salaketa bat jartzean, epaileek erabaki puntuala har dezaten euren kasuarentzat.

