Kontzertua, Xiberoko Botzaren 30 urteak ospatzeko

Kontzertua, Xiberoko Botzaren 30 urteak ospatzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzertua-xiberoko-botzaren-30-urteak-ospatzeko/@@download/image/xiberukobotza_k_1361964806.jpg
2013/02/27
berria
Emanaldia martxoaren 2an izango da, larunbatez, Maule ondoko Sohüta herriko kirol gelan. Xiberoako irrati libre eta euskaldunaren urteurrena omentzeko, gaueko 21:00 orenetatik goiti Xabi San Sebastian, Bizardunak, Emon eta Sei Urte taldeak igoko dira eszenatokira, nahiz eta lehenagotik pintxo dastaketa eta züntzürbustitzea ere izango diren.


Xiberoko Botza irrati eta elkartea duela 30 urte sortu zen Maulen. Iragan abenduan jada hasi ziren ospakizun ekitaldiekin, eta orain hitzordu berri bat proposatzera datoz. Datorren larunbatean izango da, martxoaren 2an.

Gaueko 20:00ak aldera Sohütako kirol gelara hurbiltzen direnek aperitif alageratu edo animatua dastatzeko aukera izango dute: ikastolako etxekoek prestatutako pintxoak, pastelak… eta guzti-guztia Atharratzeko zenbait musikari gaztek alaituta.
Ondoren, 21:00etan, kontzertua hasiko da Sei Urte, Xabi San Sebastian, Bizardunak eta Emon taldeen eskutik.

Sarrera 10 euroren truke eskura daiteke eta informazio zehatzagoa www.xiberoko.botza.org webgunean topatuko duzue.

Hiru hamarkada xiberotarrez


Xiberoko Botza, düala 30 urte sortürik izan den Mauleko alkarte eta irrati libre bat da. Bere lehen emankizüna Irabarneko gaztelütik zabaltü züan, hanko zühaiñ handi baten gaiñean tzilintzautürik zen antena txar baten bidez.
Geroztik, bide eginik izan da. Hatsarrean bolondresek behar bezala eramaiten balin bazüen ere, egün Xiberoko Botzak sei langile kontatzen dütü, eta beste lagüntzale hanitx, hetarik zonbeit sortüz geroz hor direlarik!

1997tik goiti Xiberoko Botza Eüskal Irratien federazionean sartürik da. Beste hiru irratiekilan jüntatürik balin bada ere, bere programazione berezia egün oroz eskeintzen dü, goizetik arrestiri apalealat. Xiberoko Botza, osoki eüskaraz edo xiberotarrez ari den irratia da!

2008tik geroz, inteneten webgüne bat sortürik izan da: www.xiberoko.botza.org helbideareki agertzen dena. Tresna berri honen bidez, Xiberoko Botza xüxenean entzüten ahal da prefosta, bai eta ere dejarik iganik izan diren emankizün, kronika eta beste.

Xiberoko Botzaren xede eta helbürüa, xiberotarraren biziaraztea eta ahal bezaiñ lekü edo eremü desbardinetan entzünaraztea da.