Kontzertua eta erakusketa antolatu dituzte Gasteizen, Rockin' Ladies ekimenaren barruan

Kontzertua eta erakusketa antolatu dituzte Gasteizen, Rockin' Ladies ekimenaren barruan Egitasmo honek gizonei lotutako agertokietan emakumeak duen presentzia nabarmendu nahi du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzertua-eta-erakusketa-antolatu-dituzte-gasteizen-rockin-ladies-ekimenaren-barruan/@@download/image/EUSKADI MAIALEN.jpg
2022/06/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Egitasmo honek gizonei lotutako agertokietan emakumeak duen presentzia nabarmendu nahi du.
Kontzertua eta erakusketa antolatu dituzte Gasteizen, Rockin' Ladies ekimenaren barruan

Rockin’ Ladies elkartearen izen bereko proiektuak historikoki genero maskulinoari lotutako eszenatokietan, hala nola rockean eta metalean, emakumeak duen gero eta rol handiagoa ikusarazi eta horren inguruan kontzientziatu nahi du, estereotipoak hautsiz ikusgarritasunaren eta normalizazioaren bidez.. Arabara iritsi da ekimena orain, eta bihar Urban Rock Concept aretoan kontzertua egingo dute. Horretaz gain, uztailaren 31ra arte Kultura Etxean ikusgai izango den erakusketa ere antolatu dute.

Raquel Garcia argazkilaria izan zen proiektu horren sortzailea, kontzertu eta jaialdietan urte asko eman ondoren, agertokietan emakume gutxi agertzen zirela ohartu baitzen. Orduan Espainiako Estatuan barrena bidaiatzeari ekin zion, bere objektiboen aurrean dozenaka Rockin’ Ladies (abeslariak, gitarristak, teklatu-jotzaileak, baxu-jotzaileak, bateria-jotzaileak…) jartzeko, saioetan eszenatokien gaineko eta azpiko esperientziak kontatzen zituztenak. 200 musikari emakume baino gehiagorekin izan dira harremanetan, eta 100 argazki saio inguru egin dira. Saio horietan, gainera, betidanik gizonentzat gorde izan diren musika eta estiloetan aritzearen inguruko esperientzia ugari jaso dituzte.

Sara Dacunha musika sustatzaile (marketinean eta komunikazioan aditua), Paris Lakryma (bateria jotzailea, baxu jotzailea, antzerkiko aktorea eta trans aktibista) eta Estefanía Garciaren (abeslari, irakasle, proiektuen optimizatzailea) laguntzarekin, proiektua espero zena baino askoz gehiago hazi zen, eta herrialde osoko emakumeek osatutako lankidetza plataforma bihurtu zen, esperientziak partekatzeko, sinergiak eratzeko, musika sortzeko eta, batez ere, bide beretik jo nahi duten beste emakumeentzako erreferente eta inspirazio iturri izateko.

Egindako lan guztia argazki bilduma batean laburbildu dute. Bilduma horren helburuak honako hauek dira: emakumeen presentzia ikusaraztea musikan; inspirazio iturri izatea eta erreferenteak sortzea, ezinbestekoak baitira neskak musika ikastera eta sortzera anima daitezen; eta emakume musikari horiek harremanetan jartzea, kezkak eta esperientziak partekatu ahal izatearen ondorioz proiektu berriak sortzen direla ikusita.

Kontzertua eta erakusketa
Biharko ikuskizunean emakumeek hamabost minutuko tribu-rock dantza egingo dute eta, ondoren, 120 minutuko jam kontzertua Urban Rock Concept aretoan. 

Ehun argazkiz osatutako erakusketa, berriz, Ignacio Aldecoa kultura etxean ikusi ahal izango da, bihartik uztailaren 31ra bitarte, ohiko ordutegian.