[Kontzertu kronika] Kerobia (Azpeitia, 2021-11-27)

[Kontzertu kronika] Kerobia (Azpeitia, 2021-11-27) Kanpoan euriak eta hotzak etenik ez bazuen ere, Azpeitiko Soreasu antzokira sartzeko ilaran zeuden musikazaleak irribarretsu eta gogotsu nabaritzen ziren, 2014ko etenaren ostean, berriz ere oholtza gainera igo den Kerobia taldea ikusteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzertu-kronika-kerobia-azpeitia-2021-11-27/@@download/image/Captura de pantalla 2021-11-29 a las 9.06.21.png
2021/11/29

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Kanpoan euriak eta hotzak etenik ez bazuen ere, Azpeitiko Soreasu antzokira sartzeko ilaran zeuden musikazaleak irribarretsu eta gogotsu nabaritzen ziren, 2014ko etenaren ostean, berriz ere oholtza gainera igo den Kerobia taldea ikusteko.
[Kontzertu kronika] Kerobia (Azpeitia, 2021-11-27)

Kontzertu hauek iragarri zituztenenean taldearen 20. urteurrena ospatzeko aitzakia besterik ez zirela esan zuen talde nafarrak, hiru kontzertu eta kito. Azpeitikoa izango zatekeen gainera azkeneko hori, baina ostiralean Iruñeko Baluarten boskoteak iragarri zuen taldearen ibilbideak jarraipena izango zuela disko berri batekin eta kontzertu gehiagorekin. Beraz, zaleak gogotsu hautematearen beste arrazoietako bat hori izan zitekeen. 

Guztiagatik antzokia, berehala, mukuru bete zen, zale askorentzat gure bidelagun izan diren abestiak entzun eta kantatzeko prest. 20:10 inguruan boskote nafarra agertokira agertu eta txintik esan gabe 4-5 abesti jo zituzten errenkadan, etenik gabe, gupidarik gabe, zaleei Kerobiaz berriz ere gozatzen ari zirela ohartzeko betarik eskaini gabe kasik. Materia organikoa eta gainerakoak, Papera eta kartoia eta Ontziak disko trilogiako zenbait abesti entzun ahal izan ziren, baita lehen diskoko Paradisua abesti mitikoa ere, baina zuzenerako moldaketa bereziarekin, Mando Diao taldearen ukitua duena. Urteak neramatzan abesti hori entzun gabe, eta nostalgia eta poz uholde izugarriak sortu zizkidan. Ni bezalaxe publikoko asko horrela sentitzen ari ziren sentsazioa izan nuen gainera.  Ordurako, jada entzule guztiok kontzertuan erabat sartuta geunden. 



Argazkia: Josetxo Perez @josetxoperez (Baluarten emandako kontertuko argazkia da hau, ez Azpeitikoa)

Ondoren, gaueko lehen hitzak jaurti zituen Xabi Bandinik. Esker hitzak izan ziren: "Garrantzitsuena gaur gu hemen zuekin egotea da, beste guztiak ez du axola. Helburua bakarra da: gozatzea. Eta hau aukerakoa da, baina nahi baduzue gurekin kantatzea ere bai". Ez zuen bi aldiz esan beharrik izan, momentu hartatik aurrera jotako abesti guztietan entzun zitekeen jendea kantuan. Rose Escargot diskoko abesti batzuk iritsi ziren gero, baita Esaldi sinple bat galdera handiegirako abesti ederra ere. Kantu batetik besterako tarteetan, noizik behin "gora Kerobia" oihuek apaintzen zuten eder zihoan gaua. 

Burueraileen farola abestian, farolen argia irudikatu nahian publikoko zenbaitzuk euren mugikorretako linternak ere piztu zituzten. Ordurako taldea eta publikoak sentimendu olatu beraren gainean surfean ari ginen. 

Supernova diskoan aurkitu daitekeen Birak abesti samurra interpretatzeko Nøgen taldekoen laguntza eduki zuten. Oholtzaren ertzera hurbildu ziren Kerobiatarrak talde donostiarreko kide batzuekin batera, eta ia a cappellan abestutako bertsio biluzia eskaini ziguten.


Taldeak arnasa hartzeko egindako bigarren geldialdian Bandinik aipatzen du aurreko egunean Kerobiak jarraituko duela iragarri zutela. Baina aipatzen du testigua pasako dietela taldeko hiruk besteei. Honela, Mikel, Txabas eta Rubenen azken kontzertua izan zen Azpeitiakoa eta hemendik aurrera Eneko, Carlos eta Lur arituko dira euren tokian. Azaldu zuen eraberrituta eta disko berri batekin itzuliko dela taldea eta abenduaren 1etik aurrera lan berriaren inguruko xehetasun gehiago jakin ahalko direla. Honela ari zela, Mikel Zorrilla, bateria-jotzailea altxatu eta atzetik hurbildu zitzaion: "Hau ez zegoen prestatua, Xabik ez zekien ezer, baina hitz batzuk esan nahiko nituzke". 

Mikelek, hunkituta, Kerobiari dena eman diola esan zuen, baina bueltan Kerobiak ere dena eman ziola. Ondoren, Xabirengana zuzendu zen: "Xabik ohitura du proiektu ezberdinak sortzeko, izen ezberdinekin, Anticontinente eta abar, baina ez zarena ohartzen da Kerobia zu zarela, Xabi. Milesker urte hauetan guztietan nire bidaide izateagatik". Bandini lurrean belauniko erabat hunkituta nabaritzen zen Zorrillaren hitzak entzuten.

Hain justu, honen ondoren, beste taldekideak joan eta oholtza gainean Txabas teklatuan, eta Mikel eta Xabi mikrofonoen aurrean jarri, eta Xabi Bandiniren bakarkako proiektuko Zalantza eta egia abestia kantatzen hasi ziren. Elkarrizketa bat bailitzan, duo ederra osatuz, bertan geunden guztioi pozezko hotzikara sortu ziguten. 



Argazkia: Josetxo Perez @josetxoperez (Baluarten emandako kontertuko argazkia da hau, ez Azpeitikoa)


Nabari zen kontzertuaren azken zatira iristen ari ginela. Honen ondoren, taldeko guztiak berriz ere oholtza gainean, Kerobiaren abesti klasikoenetako ugari interpretatu zituzten. Tartean Asteroideen antzokian artista eraila abestia. Kantu honen erritmo biziengatik eta jada pilatutako emozio andanagatik nabari zen publikoari zaila zitzaigula eserlekuetan geldi mantentzea. 

Abestia bukatu eta berehala taldea joan egin zen, publikoa "beste bat" oihuka utziz. Baina ez genuen gehiegi itxaron beharrik izan, etaorduan bai, euren abesti ezagunenetakoa den Esnatu naiz interpretatzen hasi zirenean, benetako agur kutsua zuela nabaritu genuen guztiok. Kontzertua bere amaierara iristen ari zenez, jada lotsa guztiak alde batera utzita, jendeak eztarriak urratu beharrean abestu zuen. Hala ere, taldeak, lehen ere ohikoa zuen bezala, kantua amaitzea bere instrumentuak hartu eta publikoarekin nahasi zen, elkarrekin Plus deitutako abestia txalo eta dantza artean jotzeko, jada antzokiko jende asko zutik baitzegoen. 

Denbora luze batean ahazten ez den kontzertu horietakoa izan zen, bihotzeko txoko txiki batean gordetzen den horietakoa. Izan ere, ez zen nabaritu taldea 2014tik geratuta zegoela, denbora pasatu ez balitz bezala izan zen. Taldekideak lehengoko pasio eta zintzotasun berdina helarazten du eta abestiek, jada urte batzuk badituzte ere, izugarri ondo funtzionatzen dute zuzenekoetan. Zaleak beraz, kontzertua hasi aurretik Kerobia ikusteko irrikan bageunden, kontzertua amaitzean gogo handiagoz geratu ginen. Eskerrak jarraituko duten! Gora bizitza!