Kontzertu eskaintza oparoa euskal hiriburuetako udako jaietan

Kontzertu eskaintza oparoa euskal hiriburuetako udako jaietan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzertu-eskaintza-oparoa-euskal-hiriburuetako-udako-jaietan/@@download/image/20117214009ASTE-NAGUSIA-4.jpg
2012/12/13
berria
Gasteiz, Donostia eta Bilboko Aste Nagusietako egitarauak eman dituzte ezagutzera jada. Baionako bestetako egitarau alternatiboa iragarri berri dute. 

Abuztuan ospatuko dira, bata bestearen atzetik, EAEko hiru hiriburuetako jai nagusiak. Lehena Gasteizen egingo dute, abuztuaren 4an hasten dira Andre Maria Zuriaren jaiak Zeledon jaitsierarekin. Kainoi hotsek ematen diote lekukoa Donostiari, abuztuaren 15eko astean. Azkenik, Marijaiak zabaltzen du jai giroa Bilboko kaleetan zehar.

Arratsaldeko 6etan, txupinazoarekin batera, ekingo dio Zeledonek bere jaitsierari. "Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón". Elizako kanpandorretik Posta kaleko balkoi batera, eta handik Andra Mari Zuriaren plaza lepo betetzen duen jendartera, festaz gozatzera. Kontzertuak behintzat izango ditu aukeran. Foruen plazan gauerditik aurrera abuztuaren 4tik 8ra Jarabe de Palo, Carlos Baute, Dios Salve a la reina, Funanbulista + Maldita Nerea eta Ken Zazpi urrenez urren. Txosnetan ere egunero hainbat kontzertu egingo dituzte, besteak beste EH Sukarra, Kiko Veneno, Split 77, Zopilotes Txirriados eta Bad Sound Sistem. Eta Gaztetxean beste hainbeste: Creradores de la Memoria, Ze esatek!, The Trikiteens, Opium…
 

"Artillero, dale fuego ezkontzen zaigula pastelero (…)". Abuztuaren 14an udaletxeko terrazatik artilleroak botatzen duen kanoikadarekin hasiko da Donostiako Aste Nagusia. Kanoikadena baina burrundara handiagoa sortu du aurten bertako kontzertuen egitarauan Udal gobernu berriak sartu dituen aldaketak. Euskararen presentzia areagotzeko Melocos eta Mala Rodriguezen ordez, Berri Txarrak eta Su Ta Gar sartu dituzte azken orduan. Honela gelditu da, gune nagusian, Sagues-en eskainiko den kartela: abuztuaren 13tik 20ra. Marta Sanchez, Berri Txarrak, Muchachito Bombo Infierno, Def Con Dos + Billy Jeans, Su Ta Gar, Esne Beltza + Zea Mays, Melendi eta Celtas Cortos. Donostiako Piratek ere aterako dute euren egitaraua, baina oraindik ez da ezagutzen.

Bilbon gune ezberdinetan banatuko dituzte Mari Jaiaren ohorez eskainiko diren kontzertuak. Botika Zaharrean, esaterako, 20tik 27ra honako taldeak arituko dira egunez egun 24:00etatik hasita: Asfalto + Medina Azahara, Simple Plan, Ken Zazpi, La Fuga, Kaotiko + Gatibu, El Mentón de Fogarty + Dani Martín eta Melendi. Alondigan, berriz, egunero 23:30etatik aurrera Hostoak, The Chaftains, Kepa Junkera eta Malú, besteak beste. Eta Bilborock-en bertako pop rock taldeen aukera interesgarri bat eskainiko da urtero legez. 20an The Riff Truckers; 21ean, One Last Cigarette eta Chivo; 22an, Quaoar eta Basaki; 23an an The Krell; 24an, Red Garage eta Haggish; 25ean, Ero eta Steel Puppets; 26an, Sweet Oblivion eta Gringo; eta, azkenik, 27an, The Yellow Big Machine eta Zapatotipobota. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Hegoaldeko hiru aste nagusiek badute 'aperitiva' Iparraldean: Baionako bestak uztailaren 27tik 30era. Egitarau ofizialaren inguruan datu harrigarriarekin egin dugu topo: 2,1 milioiko aurrekontutik 1,5 segurtasun atalerako (polizia, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak) baliatuko direla. Eta egitaraurako bideratu dutena ez dute kontzertuetara bideratu. Ez da harritzekoa, bada, bertako hainbat elkartek ekainaren 30erako besta alternatibora deitzea. Gazte eguna ospatuko dute herri bazkari, hainbat joko eta kontzertuarekin. Arratseko zortzietatik aurrera Norte Apache.