Kontzertu bat landareentzat

"Ongi etorriak Liceu Antzokira. Mesedez, itzali zuen mugikorrak eta ez egin argazkirik emanaldian zehar. eskerrik asko". Gradetan, aldiz, isiltasuna; eserlekuetan, mota guztietako 2.292 landare, eszenatokira begira, adi. Horrela hasi zen igandean Eugenio Ampudia artistaren kontzertu artistikoa. Mezua entzun eta jarraian, UceLi Quartet taldea taula gainera igo zen kontzertuarekin hasteko.
Emanaldian ez zen eztulik edota karameluen paperik entzun; mugikorrik ez zen piztu, eta amaieran, txaloak izan baziren, musikariek ez zituzten sumatu ahal izan. Pucciniren Crisantemi entzun zuten gonbidatutako landareek.
Biozenoaren kontzertua izeneko obra artistiko honen helburua landareak gizakion maila berean kokatzea izan da; artistak azaldu duenez, kontzertua geure etxeko landareek ere entzun dezakete, streaming bidez. Noski, aldarrikapen ekologista izan da benetako helburua: "Garai baten amaiera bizi dugu, eta paradigma asko aldatu behar ditugu. Uste dut artistok badugula aldaketa hori burutzeko ahalmena".
Ondoren, landareak osasun langileei, supermerkatutako langileei eta ikerlariei oparitu dizkiete, artistaren hitzetan, pandemian haiek izan direlako guztion zaindariak.