Kontxak izotzetan

Kontxak izotzetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontxak-izotzetan/@@download/image/kontxak_1382621953.jpg
2013/11/04
erreportajea
Iaz sortu zuten Donostiako Kontxak emakumezkoen hockey taldea. Dagoeneko 25 neska bildu dira, baina ateak zabalik dituzte kirola probatu nahi duen ororentzat.


Donostiako udan, eguzkipean, kirolzale asko dira Groseko olatuetan surfean, Kontxako pasealekuan korrika edota Ondarretatik Santa Klara uhartera igerian aritzen direnak. Behin negua sartzen denean baina, aterpearen goxoan egiten diren kiroletan aritzeko gogoa izaten da. Donostian hamaika dira aukerak, eta behin freskotasunean sartuta, Txuri Urdin Izotz Jauregian hockeyra jolastea aukera ederra izan daiteke. Taldean entrenatu, ikasi, eta partidak jokatzeko gogoa duten neskek, badute orain aukera.

Lidia López eta Teresa Jiménez andaluziarrek Malagan gurpil gaineko hockeyan aritzen ziren. 2012ko udan Donostiara bizitzera etorri zirenean, patinaje artistikoko irakasle eta izotz gaineko beteranoen hockey taldeko kide Igor Tudurirekin jarri ziren harremanetan. Honek berarekin entrenatzera joaten zen Lorena Zabala aurkeztu zien, eta orduantxe sortu zen ideia. Konturatu orduko baziren hamabost bat neska eta hiru entrenatzaile proiektua martxan jartzeko gogoz. Euskal Herrian, Gasteizko Sumendi eta Huarteko Artic ziren ordura arte emakumezkoen hockeyan zeuden talde bakarrak.

Udako etenaldia amaituta, irailean berrezarri zuten Donostiako Izotz Jauregiko izotza, eta ordutik, astean bitan batzen dira Kontxak entrenamendu saioak egiteko. Gainontzeko kiroletan gertatu ohi den legez, instalazioen erabilerarako lehentasunak betikoak dira: gizonezkoak lehenengo, emakumeak gero. Hala, daukaten aukera bakarrenetakoa baliatuta, astelehen eta asteazkenetan entrenatzen dute, gaueko hamaiketan. "Ordua txarra da, oso berandu, baina kirola gustatzen zaigunez bigarren mailara pasatzen da hori", dio Kontxak taldeko jokalaria den Xixili Egigurenek. Orain, behar bezala patinatzen ikasi, eta hockeyaren nondik norakoak ezagutzeko fasean dago taldea. Helburua argia da: guztiek batera hobetu, eta konpetizioan aritzeko behar den oinarrizko maila eskuratzea.

Izan ere, ‘kontxak’ oraindik ez dira txapelketetan lehiatzen. Momentuz, lagunarteko partidak jokatzen dituzte, jokoa pixkanaka hobetzen joan eta txapelketetako maila izan daitekeen horretara ohitzen joateko. Orain arte, Huarteko Artic eta Logroñoko El Milenio taldeekin hiruko formatuan jokatu dituzte partidak, eta emaitzak baino gehiago, etorkizunera begirako ondorioak dituzte kontuan: "Ikasitakoa praktikan jartzeko, eta gehiago ikasteko aukera ezinhobea dira horrelako partidak. Horretaz gain, talde berria garenez, gure arteko harremana sendotzeko ere balio dute, ilusioa handitzeko…" dio Egigurenek.

Ateak zabalik
Hemeretzi urtetik 40 urte bitarteko neskek osatzen dute taldea, eta gehienak Donostia eta ingurukoak dira, Lasarte-Oria edo Hernanikoak, adibidez; Lidia López eta Teresa Jiménez andaluziarrak salbu. Egugirenen arabera, ulergarria da urrunagoko jenderik taldera batu ez izana: "Entrenatzeko orduak eta lekua kontuan hartuz, urrun bizi den jendearentzat oso zaila da maiztasunez etortzea". Hala ere, lau lagunekin hasi zen proiektua haziz doa etengabe: "2012ko irailean entrenatzaileekin eta hamabost bat jokalarirekin atera genuen taldea. Hortik aurrera, etengabe etorri dira neska berriak kirola probatzera, eta gehienak gelditu egin dira", azaldu du. Egun, 25 neska daude taldean, baina oraindik ere jende gehiagoren bila dabiltza, eta ateak zabalik dituzte interesa duen oro eurengana hurbil dadin.

Ez da beharrezkoa aurretik izotz gainean patinatzen aritu izana, ezta patinantzen jakitea ere. Taldean bertan, denetarik dagoela adierazi du Egigurenek: "Batzuk lehenago izotz gainean hockeya praktikatutakoak dira, beste batzuk gurpildun patinetan ibilitakoak, baina badira eskubaloitik edo dantzatik datozenak ere. Are gehiago, inoiz kirolik egin ez dutenak ere badira taldean. Gogoa izatea da bete beharrezko baldintza bakarra. Kirol polita da, eta oso ondo pasatzen dugu. Beraz, interesa duten neska guztiak gonbidatu nahi ditugu!"