KONTAKETA EROTIKOA: AZAL BELTZARANA

KONTAKETA EROTIKOA: AZAL BELTZARANA https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontaketa-erotikoa-azal-beltzarana/@@download/image/gaztezulo_zulob_1481624272.jpg
2016/12/13
erreportajea
KONTAKETA EROTIKOA: AZAL BELTZARANA
Hilabete honetako Zulobero atalean Iratxe Ormatzak igo du tenperatura GAZTEZULOn; neguko hotzak ahazteko modukoa!

"Portuan, barkuari itxaroten. Itsas umeltasunak azaletik erraietaraino bidea egin, eta adi egoteko bultzatzen zion gorputz osoa. Erne, beste gorputzei, begiradei, gogoei. Hondartzako azal bainatu berriak etorri zitzaizkion gogora. Kresalak areagotzen zion hareatzako larru haiek laztantzeko gosea. Toallaren gainean luze eginda, gorputz haietako bati azaleko itsaso osoa edango zion, titiburuak miazkatu harik tente jarri arte, eta gero segitu, tontor bigun haietan, mugagabeak eta aseezinak balira bezala. Bestearen tortola loditu eta zabalduko zen, berba egin guran: mesedez, segiiii, ipini atzamarrak, esku grinatsu hori tortolan, eta segiiii. Sarak segituko zuen miazkatzen, begietara amorru jostalaria zuzentzen. Neska hasiko litzateke bili-bolaka; sutsu onartuko luke Sara, ezpainak zurrupatu, eskukadaka hartu ipurdia, harrapatu izterrak, haren azala eta mamia miazkatu, haginka egin. Atzamarrek eramango lukete neska hura etorri arte, kresal tantak, eztanda txiki ugari, zartada handi bat. Beste neskak ezin ziokeen eutsi, eta barruko suarekin erreko zituen Sararen lepoa, sabela, surtan jarri azala, klitoria mihiaren sugarrarekin jo, edan, jan, harik eta Sara etorri arte."

Kaian, urdinak ziren azala ostentzen zuten zatiak: mahona, bakeroak, tirante urdinak, itsaso zatiek gorputza jantziko balute bezala. Urdina zen Sararen sua egun hartan. Barkua heldu, eta harri-eskailera zaharra jaitsi zuten. Mutiletan zihoazen kuadrillakoak. Ligatu zaleak ziren kostaldeko neska haiek.

Heldu ziren Izarora; teila bota ostean, betiko abesti haiek barkutik barkura jauzika; sail berekoa egiten zituen denak. Gustura laztanduko zituzkeen baten baten izterrak, bere igurtziak gogoz hartuko lituzkeen bat ondoan izanez gero. Gertatuko zen inoiz hori ere. Elantxobeko itsas ate txikitik sartutakoan, gorputzen algara erabatekoa zen. Neska bat, uretatik irteten: titi txiki-txikiak, sabel beltzarana, eta haren atzetik ipurdi laztangarria. Maja izan behar zuen, segurutik.

Freskatzeko, kalimotxo lakorik ezer ez. Poltsetakoari heldu zien; inguruko kuadrillen antzera. Edatekoa amaitu zutenean, tabernetara. Gustukoa zituzten giro biak: jesarrita edarien inguruan, eta zutik edaria eskuan. Makina bat jende zegoen tabernetan. Igurtziak ugariak, nahigabeak, barrara zihoazelako, dantzatzen zebiltzalako, komunera, norbait agurtzera, lagunen bila... Eta Sara, adi. Itsasoak dena umeltzen zuen, bere hankartea ere bai, baita ingurukoena ere. Edatekoak ere laguntzen zuen. Gorputz helduagoak, gazteagoak, denak blaitzen zituen giroak. Desira jasotzen zuten ximur txikiez apaindutako begiek, eta desira berbera destolesten zitzaien ninietan. Hamaika neska, mutil, gizon, andre; denak sexu-desira begietan jasotzeko prest. Ihes egiten zien sexu-gogoak batzuei; isuri egiten zuten beste batzuek. Ezustean harrapatutako begirada bat, ukitzeko gogoa, ostean zer etorriko gorabehera; begirada luzeak: barruan zuten larrualdi eztandagarria.

Sara ondokoaren ateraldiarekin barreka, hiru bat kuadrilla urrunago ikusi zuen: artez berari so. Irribarre konplizeak, begi sutsuak eskainiz ibili zen Sara egun osoan. Nesketan egiteko errituala, berea. Algaraka hasi zen: bat-bateko poza.

Bien arteko hiru kuadrillak astiro aldendu, eta, denboragarrenean, elkarren ondoan zeuden. Irribarretsu, musika ozenaren pean, dantzan hasi ziren, astiro, mugimendu txikietatik abiatuta. Musikari emanda, gero, besoarekin ukitu bat, laztan antzekoa, egin zion, dantzaren eraginez, apropos zelanbait; hura, zirrara! Neska besarkatu beharra zeukan: bere artean hartu. Laugarren kantuan, Matxalen zuela izena, ea lagunduko zion bazterren batera. Lekutan aurkitu zuten bazterra, gain bateko belartzan; han behean, jendearen gogoa dantzan.

Oinutsik, etzanda belarraren gainean, eta zeruaren urdina eta zuria, ikusmugan. Berriketan, ezin besteari utzi amaitzen berbetan, zerbait ezin garrantzitsuagoa balute bezala esateko; barrez lehertzen, elkarren ondoan egote hutsagatik. Matxalen alboz jarri, eta xuxurlaka hasi zitzaion: ezpainak ukitu ez ukitu belarrian. Elektrizitate hutsa. Musuka hastea gura zuen. Ez zuen presarik, ostera, Matxalenek, antza. Potxorraren ezpainek odolez, gogoz, beteta zituen, eta barruan, taup-taup igartzen zuen, klitoriari ate joka. Lepoa miazkatu zion, eta Sarak, asperen luze batekin erantzun. Inoiz ailegatu behar zuen bere ezpainetara. Heldu zen, heldu. Mihiek neurria hartu zuten: sutan zeuden, ahoa leku txikiegia zitzaien. Miazka bularraldean. Geldiro nahi zuten, baina ezin eutsi. Bor-bor zuten gorputza; gehiago behar zuten. Gogoa nagusitu zen, goitik behera. Bata eta bestea, txandaka, lerro bakarra; dena amaitu zen. Gorputzen akelarrea, igurtziak, bestearen gorputza esploratzeko grina batu zen norberaren gogoari heltzeko beharra. Arnasaldiak, etenak, miazka egin, ile luzeak hanketan, sabelaldean, bularra jan. Non gogoa, han mihia, hortzak. Eztanda txikiak, han eta hemen. Heriotza txikia edozein unetan agertu, eta, zast. Gorputzak hara-hona mugitzen, algak uretan zelan. Lantzean-lantzean, algararen bat. Huraxe, gorputzen jaia! Gainean jarri zitzaion Sara, fraketako botoia askatu, kuleroak jaitsi, begira geratu zen: ezin ederragoak, azal beltzarana eta ile kizkur argia. Mihiak bidea egin zuen, ahoa sartuko zukeen, ahal izanez gero. Klitoria handituta zeukan; zurrupatu beharko zion. Berea ukitu behar izan zuen; eztanda egin behar zion. Miazka egin zion potxorraren ezpain bakoitzean, bere gogoa baretzeko. Klitoria igurtzi zion errime, harik eta Matxalenen gorputza astindu arte, isil-isilik, asperena entzun zion bakarrik. Matxalenen eskuak ezpainak luze laztandu, igurtzi zituen, beste eskua ipurdian eta uzkian zebilen, atzamarrekin sartu guran, bai, ez, bai, ez. Baietz, Sarak, eta are gehiago gozatzen hasi zen. Zuloaren lizunak zoratzen zuen. Klitoria gogoz heltzearekin bat, etorri zen Sara: luze, zabal, deiadarka.

Iluntzen hasita zegoen. Musuak agertzen ziren, berba bakanen batekin, lantzean behin. Jesarrita ikusi zuten portua barkurik gabe, ia-ia. Irribarretsu zuten gorputza; desiraren olatuak luze gabe berriro hartuko zituen.