Konfinamenduan maisulanak berrikusten: ‘The Big Lebowski’

Zeri buruzkoa da?
Zaila da koherentzia dosi minimo bat duen sinopsi argi bat ematea. Coen anaien film gehienetan gertatzen den moduan, txikikeria batetik jaiotzen den trama bat –kasu honetan alfonbra batean gainean pixa egiten dutenean, okerreko pertsonaren etxean– etengabeko egoera surrealistez josiriko gidoi perfektu batean bilakatzen delako. 90eko hamarkada hasieran eta Los Angeles hirian girotzen da kontakizuna, Jeffrey Lebowski, ezizenez The Dude, adin ertaineko gizon bat delarik (Jeff Bridges) protagonista nagusia. Honek bi lagun deskribaezin ditu alboan: Walter Sobchak, poloniar jatorriko Vietnamgo Gerrako beteranoa (John Goodman), eta Donny (Steve Buscemi).
Zergatik Ikusi?
Sekuentzia, eszena eta elkarrizketa guztiak buruz jakiteaz gain, bizitzan gehien markatu nauen komedia delako. AEBtako gizartearen satira lotsagabea da. Coen anaien film guztiak, eszena hilezkorrez josiak daudela uste dut, baina, zalantzarik gabe, film honen eszenak maila bat gorago daudela uste dut sormenari dagokionez. Gidoi ez oso konbentzionala baina oso originala, zuzendaritza lan akasgabea, elkarrizketa bikainak eta batez ere pertsonaia ahaztezinak. Horri guztiari gainera, soinu banda bikaina gehitzen badiogu, emaitza zinemaren klasiko moderno batean bilakatzen da. Denboraren poderioz kultuzko etiketa irabaztera heldu den ekoizpena eta mundu osoan zehar fanatikoak irabazten joan den film hilezkorra.
Non ikusi?
Amazon Prime Video plataforman
Gustuko baduzu, ez galdu:
Ezinezkoa da film honen parekorik topatzea, baina umore motaren araberako aukeraketa bat egin beharko banu –umore absurdo-beltz-surrealista– izenburu hauek gomendatuko nizkizuke:
– Death at a Funeral (2007, Frank Oz).
– Burn After Reading (2008, Coen anaiak).
– Top Secret! (1984, Zucker anaiak).
FITXA TEKNIKOA:
Zuzendaria: Coen anaiak.
Urtea: 1998.
Herrialdea: AEB.
Generoa: Komedia.
Iraupena: 117 minutu.
Non ikusi? Amazon