Konfinamenduan ikusitako telesailik onenak

Konfinamenduan ikusitako telesailik onenak Badirudi konfinamenduko garai gogorrenak apurka atzean uzteko bidean gabiltzala, eta hori horrela, bi hilabete luze hauetan irentsi ditudan telesail guztien artean nabarmenduko nituzkeen harribitxiak gomendatzera nator. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konfinamenduan-ikusitako-bost-harribitxi/@@download/image/Konfinamenduan.jpg
2020/06/02

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Badirudi konfinamenduko garai gogorrenak apurka atzean uzteko bidean gabiltzala, eta hori horrela, bi hilabete luze hauetan irentsi ditudan telesail guztien artean nabarmenduko nituzkeen harribitxiak gomendatzera nator.
Konfinamenduan ikusitako telesailik onenak

'Tales from the Loop’

Amazon / 8 atal

Hainbat gorabehera esplikaezinengandik astinduak izan ondoren, herrixka bateko bizitzari eta bertako biztanleen gaineko gogoeta originala eta geldoa da. Patxadaz gozatzeko telesail berezia. Gorrotatu ala maitatuko duzuna. Ez dizut gomendatzen egun gutxitan irenstea, apurka dastatzea baizik. Argazki zuzendaritza txundigarria, plano hipnotikoak, The Leftovers telesailaren Max Ritcher gogorarazten duen Philip Glassen soinu banda liluragarria, kontzeptualki ezin interesgarriagoa iruditu zaidan narratiba eta guztiz ulertu baino, sentitu beharko dituzun atal biribilak. Zientzia fikzioaren erremintak erabiliz, gizakien arteko loturez hausnartzen duen harribitxia.

 

Little Fires Everywhere'

Amazon / 8 atal

Big Little Lies, 'The Affair edota Bloodline bezalako telesailak gustuko badituzu, hau da aukeratu behar duzun hurrengoa. Mendekotasun-sortzailea eta oso entretenigarria. Ohio inguruko auzo batean kokatzen da trama nagusia, eta istorioaren erdigunean bi emakume: Elena (Reese Witherspoon), arauak zorrotz jarraitzen dituen tokiko kazetaria eta Mia (Kerry Washington) alabarekin batera auzora iritsi berri den emakume misteriotsua. Azalduko ez ditudan hainbat gorabeherak tarteko, bi emakumeek talka egingo dute, haien seme-alabak lagun egiten diren bitartean. Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera  eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arte.

 

'The Last Dance’

Neftlix / 10 atal

90eko hamarkadako bigarren zatiko Chicago Bulls historiako kirol talderik onenetakoa izan zela diote askok, eta noski Michael Jordan historiako jokalaririk onena. 10 ataletan zatikaturiko telesail dokumental honetan, talde horren erregealdiaren gaineko erradiografia txundigarria ikusteko aukera izango duzu. Baita garai hartako testuingurua heldulekutzat hartuz, aldagela barruan izan ziren tira-birak, apurka-apurka loratzen joan ziren liskarrak eta jakina botere-borrokak. Erabat txundituta amaitu dut maisulana iruditu zaidan lan hau ikusten eta konfinamenduko astez asteko nire “drogan” bilakatu da. Ikerketa eta dokumentazio lan ikaragarria eta 90eko hamarkadako NBA ligako jarraitzaile ginenontzat opari nostalgiko eta zirraragarria!

 

'DEFENDING JACOB’

Apple Tv+ / 8 atal

Oso gustura ikusi dut AppleTV plataformako Defending Jacob telesaila. Trama oso berritzailea ez izan arren, gutxienetik gehiagora doan thriller dramatiko txukuna, zirraragarria eta eraginkorra iruditu zait. Ausardiaz eztabaida eta hausnarketarako gaiak mahai gainean jartzen dituena. Nerabe bat hilik azaltzen da. Hilketaren susmagarri nagusia klasekide bat. Honen aita, fiskal gisa ari da lanean. Bere betebeharraren eta semearekiko maitasunaren artean banatuta, krimena argitzen saiatu beharko da.
 

'DEVS’

HBO / 8 atal

Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologikoan egiten duten lan, Amaya izenekoa. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs –amaieran DeUs ahoskatzen dela deskubrituko duzu– izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan erreklutatzen dute, proiektu sekretu horretan lan egiteko. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk, enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Amayako fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte. Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa delako. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago.

 

‘Gangs of London‘

Sky / 9 atal

Ahoko-babeslea eta ubelduren aurkako krema alboan dituzula ikusi beharko duzun akziozko thriller frenetikoa, zorabiagarria, gordina eta oso basatia. Peaky Blinders gustuko baduzu, baina erritmoa eta indarkeria hamarkoiztuz, Guy Ritchie-ren Lock & Stock edota Snatch-en zalea bazara baina umore dosia ekuaziotik ezabatuz edota mafia giroan kokaturiko filmak atsegin badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. Mafiak, gezurrak, kaleko bandak eta indarkeria oso basatia dira Londres hirian girotutako telesail honen osagarri nagusiak. Gareth Evans zinegileak  hain berezkoa duen estilo hori gaur egungo Londresera eraman du, gidoi bikain, erritmo ikaragarri eta soilik berak bakarrik planifikatzen dakizkien indarkeriaz eta zartadaz josiriko borroka koreografiatu-txundigarriak. 2020ko lehen sei hilabete hauetan ikusi dudan telesailik onena.

 

‘NORMAL PEOPLE‘

12 atal / BBC / Hulu

2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko `protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuz,sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara. Ederra bezain frustragarria. Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa, The New York Times egunkariaren arabera millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dutena