Konfiantza

Konfiantza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konfiantza/@@download/image/alaia3.jpg
2008/07/04
erreportajea
Alaia Martin


Zenbat aldiz autozentsuratzen duzu zure burua egunean zehar? Eta ez naiz zentsuratzen zaituzten aldiez ari, ez naiz lege ilegalez ari, edo arau sozialez, edo elkarbizitzarako zehazten diren arau horiez… Zutaz ari naiz, ea zuk zenbatetan egiten duzun.

Zenbat aldiz begiratu duzu neska bat, zenbat aldiz begiratu duzu mutil bat, zenbat aldiz begiratu zaitu neska horrek, zenbatetan mutil horrek, eta zenbatetan joan zara etxera begirada hori azpititulatu nahian?

Zenbatetan pentsatu duzu ez zenuela azterketa bat aprobatuko, eta zenbatetan erabaki duzu etsitzea edo mahaipetik paperak ateratzea, edo ez aurkeztea? Eta zenbatetan aprobatu duzu horrela?  

Zenbatetan egon zara gaueko ordu txikitan, maindirepean ezkutatuta, norbaitekin hitz egiteko beharrez, eta zenbat aldiz sakatu duzu entzun zintzakeen norbaiten telefono zenbakia? Deitzeko beranduegi iruditzen zitzaizun, ezta?

Zenbat aldiz iruditu zaizu kamiseta bat dendako aldageletan etxean baino askoz hobe geratzen zitzaizula? Ez ote da izango han lagunak zeneuzkalako primeran geratzen zitzaizula esan eta esan?

Zenbatetan gogorarazi diozu zeure buruari errealista izan behar duzula zeure gaitasun eta aukerekiko? Eta beraz, zenbat aldiz utzi diozu zure gaitasunak garatzeari eta aukerak bilatzeari?

Sistemari ez zaio komeni geuregan konfiantza izatea. Horrela justifika liteke erabakiak geure partez hartzea; geuregan konfiantzarik ez badugu, nola esango dugu buruaskiak garela zer nahi dugun erabakitzeko? Horrela justifika liteke gure herria suntsituko duen proiektu bat egitea, aurre egiterik ez dugula sinestarazten digutelako, ez dugulako geure indarrean behar beste konfiantza. Ez izaten irakatsi digutelako, menpeko izaten irakatsi digutelako, konplexuak, beldurrak eta errealismo izenez bataiatutako sumisioa eta inpotentzia biziarazi nahi dizkigutelako. Horrela ahalegintzen dira herri honen askatasuna lortzerik ez dugula sentiarazten. Ametsei utopia etiketa jartzen.

Azpitituluak jar ditzala begiratzen gaituenak, sinets dezagun aprobatzeko gai garela, badagoela telefonoaren bestaldean entzun nahi gaituen norbait, begira dezagun geure burua geure begietatik, izan gaitezen ameslariak, eta lor dezagun lortzerik ez dugula esaten diguten guztia. Nahi izatea ahal izatea da, ahal dugula dakigunean.