Konekta zaitez...

Konekta zaitez... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konekta-zaitez/@@download/image/12p45-1_1370949675.jpg
2001/10/05
erreportajea
Jon Velasco, Cristian Rodriguez eta Xabier Martinez de Arbulo


Jakina denez,  Euskal Autonomia Elkartean, banketxe batzuk "Konekta zaitez" kanpaina egiten ari dira, bezeroak ordenagailuak finantzatzen laguntzeko. Honi Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza gehituz gero, 45.000 pezeta aurrez daitezke ordenagailua erosterakoan. Nafarroan ere beste hainbeste egiten ari dira.

Kanpaina hauek ez dute aurrekaririk eta, dudarik gabe, onuragarriak dira ordenagailua erosi nahi duen ororentzat. Baina, denok al dugu ordenagailua aldatu beharra? Kontua da: kanpainari zeinek atera diote etekina? Erosleek ala saltzaileek?

Kanpaina ospetsua mugagabea da eta EAEn ordenagailu salmenta ikaragarri haztea ekarri du. Noski, hau ez da kritikagarria. Izan ere, informatika zabaltzea ona dela uste dugu. Baina lehengo haritik, ordenagailua erosi duen jende horrek guztiak benetako beharra al zuen? Ba al zekien zer erosten ari zen?

Ez gaitezen engainatu. Agintariek eta komunikabideek behin eta berriro "mundu interaktibo berria" iritsi dela eta telekomunikazioen eta interneten garaian bizi garela dioten arren, internet erabilera, oro har, ez da gizartean arrunt bilakatu. Ez, behintzat, negozio birtual edo "e-business"-ei esker aberasteko asmoz dabiltzanek nahi luketen bezainbeste.

Zertarako erabiltzen du jende gehienak ordenagailua? Lagunei gauza barregarriak bidaltzeko, noiz edo noiz testu editorea erabiltzeko, informatika ikasten ari den ilobak Anbrosia izebari egindako orrialde bikaina ikusteko… Horretarako behar al dugu ordenagailu berria, primerakoa, polit-polita? Izan ere, askotan jendea protestaka dabil: "aizu, ordenagailu berria erosi dut, baina dena den, in-terneta ez dabil arinago". Ez dakite sarearen abiadurak ordenagailuaren abiadurarekin inongo zerikusirik ez duela eta telefono lineen abiaduran dagoela gakoa.

Beraz, erabilera hauetarako, ez da beharrezkoa ekipoak berritzen dirutzarik xahutzea. Askotan, nahikoa dugu bizilagunari oparitzen diogun ordenagailuarekin. Bestela, bigarren eskukoa eros dezakegu, edo berria erostekotan, diru erdia gastatu. Denok eskura dugun lagun horietakoren batek ordenagailua prest jartzea besterik ez zaigu faltako orduan.