Komodo irla, turistentzat itxita

Komodo irla, turistentzat itxita Komodoko dragoiak babesteko ezinbesteko neurria dela erabaki dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/komodo-irla-turistentzat-itxita/@@download/image/655182_720.jpg
2019/07/29
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Komodoko dragoiak babesteko ezinbesteko neurria dela erabaki dute.
Komodo irla, turistentzat itxita

Gizakiaren bisitei ateak itxi dizkio Komodo irlak. Hemendik aurrera, bertako narrasti erraldoiak bake santuan bizi ahalko dira, turismo masiboaren atzaperretatik salbu. Hain zuzen, neurri hau ezinbestekotzat hartu dute Indonesiako agintariek, Komodoko dragoiak betirako desagertu ez daitezen. Egun, 3.000 dragoi besterik ez dira bizi, eta dagoeneko desagertzeko arriskuan dauden espezietako bat da. 

Turistei ateak ixtearekin batera, Komodo inguruko artxipielagoa gizakiz erabat husteko helburua du gobernuak. Hain zuzen, irlek dagoeneko ezin dute bisitari kopuru itzela jasan; egun, urtean 176.000 lagunek bisitatzen dute Komodo irlako parke naturala. 2008an, aldiz, 4.000 bisitari iristen ziren gehienez.

Gobernuaren erabakiak polemika piztu du irletako biztanleengan, izan ere, gune txiroak dira, eta turismoari esker bizi dira asko. Turismoari mugak jartzea izan zen lehen proposamena, parke naturalerako sarrera 10 euroetatik 1.000 eurotara igaroz. Dena den, Komodoko Dragoien desagerpenaren arrazoi nagusia beren elikagai nagusia diren oreinen desagerpena da; horrekin batera, azken hilabeteetan munduko narrasti handienaren hainbat espezimen lapurtu dituztela salatu dute. Horren aurrean, egokiena irlak guztiz ixtea dela ondorioztatu dute agintariek.