Komikizaleen urteroko topaketak, datorren astean Getxon

Komikizaleen urteroko topaketak, datorren astean Getxon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/komikizaleen-urteroko-topaketak-datorren-astean-getxon/@@download/image/201211147780getxo_komik_luzea.jpg
2012/12/13
berria
Komikizaleen urteroko topaketak, datorren astean Getxon
Azaroaren 23tik 25era bitarte Getxoko XI. Komiki Azoka egingo dute. Areetako Geltokia plazan jarriko dute karpa, eta tailerrak, ekitaldiak eta komikiak erosteko aukera izango da bertan. Interesa duen edonork parte hartu ahal izango du, baita karpatik kanpo antolatuko dituzten jardueretan ere, eta komikigile ospetsuek beren lanak sinatuko dituzte hiru egunez.

Hamarkada bete ostean, indarrak hartuta iritsi da aurtengo Getxoko Komiki Azoka. Norma Editoriala omenduko dute 35 urteko ibilbideagatik, Europako komiki enpresa garrantzitsuenetakoa baita, eta gonbidatuen artean Eddie Campbell eskoziarra, From Hell eleberri grafikoko ilustratzailea, eta Miguelanxo Prado egile espainiarra egongo dira.

Karpa hilaren 23tik 25era bitarte jarriko dute. Komikiak salgai izango dira bertan, Tmeoren 25. urteurrenaren harira ere gune berezia jarriko dute, eta komikizaleen elkargune bilakatuko da Getxo.

Gelditu gabe
Goizeko 11:00etan zabalduko dute karpa, eta Komiki Film Laburren proiekzioarekin hasiko dute azoka. Arratsaldean Santiago Valenzuelarekin mintzatzeko aukera izango dute bertaratuek, eta lanak sinatzen izango dira Tmeoko egileak eta Jorge de Juan, besteren artean.

Larunbat goizean hiru mahai-inguru egingo dituzte: bata superheroien inguruan, bigarrena komikien nazioarteko nahiz bertako merkatuari buruzkoa izango da, eta azkenekoan komikien eta hedabideen arteko harremana aztertuko dute. Egun osoan zehar, dena den, atseden gabe ibiltzeko aukera izango dute komikizaleek.

Igandean amaituko dira topaketak, eta sinatze txandak, mahai inguruak eta bestelakoak ez dira faltako. Ongi pasatzeko eta ilustrazio eta istorioekin gozatzeko parada izango da.

Eta gainera…


Komikietatik haratago, rol partidak, komikigintza eta makilaje tailerrak, eta El Balanzin doako aldizkariaren aurkezpena egingo dituzte. Halaber, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan Arrugas lana proiektatuko dute hilaren 23an 21:00etatik aurrera.
Gainera, azaroaren 19tik abenduaren 10a bitarte hiru erakusketa jarriko dituzte Bizkaia Zubian, Areetako Glass kafetegian eta Erromoko Jai Alai kafetegian.