Komikiari buruz irakasteko komikia kaleratu du EHU-k

Komikiari buruz irakasteko komikia kaleratu du EHU-k Komikien inguruko azterketa egiten du komiki forma duen argitalpenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/komikiari-buruz-irakasteko-komikia-kaleratu-du-ehu-k/@@download/image/upv-ehu-lenguaje-comic_web.jpg
2022/01/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Komikien inguruko azterketa egiten du komiki forma duen argitalpenak.
Komikiari buruz irakasteko komikia kaleratu du EHU-k

Komikiak aztertzeko gida bat komiki forma duen liburua da eta komikien azterketarekin lotutako hastapen eta alderdi nagusiak jasotzen ditu. Komikien hizkuntza, ekoizpena, banaketa-metodoak, ikerketa-eremuak eta munduan zehar garatu diren tradizioak eta generoak aztertzen ditu, besteak beste. Liburua esparru akademikoko publikoari zuzenduta dago, komikien ikerketan hasteko interesa duten ikasleei zein irakasleei, baina  esparru horri buruz gehiago jakin nahi dutenentzat ere interesgarria izan daitekeela adierazi dute. 

Gidaren funtziona nabarmendu dute egileek: "Gidak oinarrizko hainbat alderdi teoriko erakusten ditu, gehienentzat ezezagunak direnak, eta ikasgelan garatzen ditugu praktikaren bidez. Komikiaren diziplinari esker, kasu honetan teoria bera den ideia bat modu grafikoan komunikatu daiteke”.

Euskarazko edizioak Alvaro Rabellik (idazle, ikertzaile eta komiki gidoilaria) eta Jose Carlos Torrek (komikigile, ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) idatzitako hitzaurrea du. Gidaren bukaeran, berriz, Nick Sousanis San Francisco State University-ko irakasleari egindako elkarrizketa dago. Doktore-tesia komiki formatuan egin zuen eta 2015ean argitaratu zuen Harvardeko Unibertsitateak, Unflattening izenburupean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du euskaraz, LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa-taldearen koordinaziopean. Gida honen egileak Enrique del Rey Cabero (Alcalako Unibertsitateko Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea eta GILCO Literatura Garaikideko Ikerketa Taldeko kidea), Michael Goodrum (Canterbury Christ Church Unibertsitateko Historia Modernoko irakaslea) eta Josean Morlesin Mellado (Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa taldearen kidea) dira. Del Rey Cabero eta Goodrum arduratu dira gidoiaz, eta Morlesinek egin ditu marrazkiak. Jatorrizko lana ingelesez argitaratu zuen Oxfordeko Unibertsitateko TORCH Ikerketa Zentroan (The Oxford Research Centre in the Humanities) dagoen Oxford Comics Network ikerketa-sareak. 

Argitalpen digitala doan eskura daiteke EHUren Argitalpen Zerbitzuaren webgunean. Paperezko edizioa liburu-dendetan eros daiteke.