Komikiak sortzen ikasteko doako ikastaroa antolatu du Gasteizko Zas Kultur espazioak

Komikiak sortzen ikasteko doako ikastaroa antolatu du Gasteizko Zas Kultur espazioak Ekainetik uztailera izango dira saioak, ostiral eta larunbatetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/komikiak-sortzen-ikasteko-doako-ikastaroa-antolatu-du-gasteizko-zas-kultur-espazioak/@@download/image/komikiak.png
2024/06/11
Ekainetik uztailera izango dira saioak, ostiral eta larunbatetan.
Komikiak sortzen ikasteko doako ikastaroa antolatu du Gasteizko Zas Kultur espazioak

ZAS Kultur Espazioak gazteei zuzendutako Sortu zure komikiak izeneko doako tailerra egingo du ekainaren 21etik uztailaren 27ra, haur, nerabe eta familientzat. Oporren hasieran "esperientzia sortzaile eta dibertigarri bat bizitzeko aukera" eman nahi die gazteei. 

Zas Kultur-ek gaztetxoekin egin nahi du jarduera hau, "harrobia sustatzeko eta arte eta pentsamendu garaikideari eskainitako espazio alternatibo hau ezagut dezaten". "Komikiaren kultura beti izan da garrantzitsua Gasteizen. Gure hiria Angoulêmerekin senidetuta dago, bertan ospatzen baita Europako komiki jaialdirik nabarmenena. Gainera, Gasteizen komikigintzan aritzen diren kolektibo eta aldizkarien egoitza da, hala nola Atiza elkartearena eta TMEOrena", azaldu dute antolatzaileek.

Tailerrak komikiak sortzeko oinarrizko tekniketan murgiltzeko aukera emango die parte-hartzaileei, eta euren istorio grafikoak sortu ahal izango dituzte. 

Komikien munduan oinarritutako udako tailerra izango da, beraz, irekia eta doakoa, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko. Saioak ostiraletan, 19:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara, izango dira, eta saio batera edo gehiagotara joan daiteke. 10 eta 17 urte arteko haurrak bertara daitezke, eta 14 urtez azpikoek lagunduta joan beharko dute.