Komiki eta manga azoka Getxon

Komiki eta manga azoka Getxon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/komiki-eta-manga-azoka-getxon/@@download/image/200911241445images.jpg
2012/12/13
berria
Komiki eta manga azoka Getxon
Merkatuko azken nobedadeak, egile ezagunen lanaren inguruko erakusketak, tailerrak, lehiaketak, marrazki bizidunen proiekzioak, mahai inguruak... Komikizaleek ezinbesteko topagunea dute hurrengo asteburuan Getxon.


Zortzigarren ekitaldia du aurten Getxoko komiki eta manga azokak, eta hiru egunez, azaroaren 27tik 29ra, bineten munduak parez pare irekiko dizkio bere ateak bertara gerturatu nahi duen guztiari.

Areetako Geltokian ezarriko da karpa nagusia, eta Erromoko Santa Eugenian Manga gunea izango da ikusgai. Bi guneen artean ehun bat salmenta postu kokatuko dira bederatzigarren artearekin loturiko sektore guztiak ordezkatuz: komiki-dendak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak, liburu-denda espezialduak... Eta ohikoa denez, hainbat egile ezagun ere gerturatuko dira aurkezten dituzten nobedadeak sinatzera. Honela, David Lloyd, Dave McKean, Mark Buckingham, Paco Roca, Pascual Ferry eta Salvador Larroca bertan izatea espero da aurten. Purita Campos eta Juan Carlos Eguileorri ere omenaldia egingo zaie.

Karpa nagusian erakusketak eskainiko dira ohikoa denez. Paco Roca eta Jack Mircala egileen omenezko atzera begirako bana, Plutón BRBN.E.RO telebista sailari eskainirikoa eta Injuve 2009 izenekoa izango dira aurtengo erakusketa nagusiak. Egunero eskainiko dira baita jite guztietako proiekzioak ere: multimediak, laburmetraiak, dokumentalak, Animeak eta abar.

Manga Guneari dagokionez jarduera egitarau anitza egongo da. Lehiaketak (mozorroa, karaokea...), tailerrak (manga marrazketa eta Japoniako kaligrafia), mahainguruak eta beste hainbat ekitaldi emango dira Bizkaiko zenbait manga elkarteren eskutik.

Giroa eta azoka ez dira bi gune nagusi hauetara mugatuko. Herriko tabernetan ere EIPEko (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala) hainbat kideren lanak egongo dira ikusgai. 'El Balanzín' komiki aldizkariaren inguruko erakusketa ere herrian zehar zabalduko da.

Komikizaleek izango dute bada, zerekin gozatua asteburu honetan.

11:00-14:30 eta 17:00-21:00 izango da eguneroko ordutegia.

Antolatzaileen webgunean duzu informazio gehiago