Kometa: "Diskoko kanta bakoitzaren atzean izugarrizko ekoizpen lana dago"

Kometa: "Diskoko kanta bakoitzaren atzean izugarrizko ekoizpen lana dago" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kometa-diskoko-kanta-bakoitzaren-atzean-izugarrizko-ekoizpen-lana-dago/@@download/image/kometa03_1452170410.jpg
2016/01/14
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
‘Grabitatea’ da Kometa taldearen disko berria. Hilabete honetan formatu txikiko kontzertuak eskainiko dituzten arren, Andoni Bonafau (Viana, 1989), Mikel Gurrutxaga (Azpeitia, 1990), eta Juan Valdelana (Eltziego, 1992) prest izango dira otsailetik aurrera euren diskoa zuzenekoetan han hemenka defendatzeko.


Hiru zarete taldean eta hiru dira zuen sorlekuak; nola ezagutu zenuten elkar eta taldea osatu?
Bost bat urte atzera, Mikelek eta biok elkar ezagutu genuen. Mikelek Viana ondoko herri batean, Moretan, pasatzen ditu uda eta asteburuak. Gure zonaldeko herriak oso txikiak dira, beraz gazte gehienok elkar ezagutzen dugu. Parrandaren batean hitz egin genuen, musikarekiko maitasuna agertu eta elkarrekin jotzen hasi ginen. Helbururik gabe, denbora-pasa gisa. Gerora, baxu-jotzailearen falta somatu genuen, eta Juan ondoko herri bateko talde batetan aritzen zenez, gurekin jotzera gonbidatu genuen. Smoking Hill deitu genuen taldea hasiera batean, eta ondoren Kometa.

Distantzia entseguak lotzeko oztopo duzue?
Vianan dugu entsegu lokala, eta astebururo elkartu ohi gara bertan. Distantziak egoera zaildu dezake, baita norberaren bizimoduak ere. Izan ere, denek lan egiten dugu, eta, hortaz aparte, Juan eta biok unibertsitatean ari gara ikasten.

‘Grabitatea’ da zuen bigarren estudioko lanaren izena. Presioa sentitu duzue bigarren lana kaleratzeko?
Urtebetean konposatu dugu. Argi genuen nora iritsi nahi genuen, eta lan asko egin behar izan dugu horra iristeko. Talde xumea gara, jarraitzale gutxikoa; gu ongi sentiarazten gaituena egiten saiatzen gara, eta horrek arrakasta badu, ongi, eta bestela, ere bai. Beti diogu gu musika egiten hilko garela.

Nola definituko zenuke zuen soinua?
Gaur egunekoa bezala definitu genezake. Jarraitzen ditugun taldeen soinua lortu nahi izan dugu kanta batzuetan, besteetan zeozer propioa bilatzen aritu gara. Harro gaude emaitzarekin, beraz, baita soinuaz ere, eta horretan ardura handia du Eñaut Gaztañagak (Grises), bere ekoizpena brutala izan baita.

Aurreko diskoarekin alderatuta, zerekin esperimentatu duzue?
Aurreko diskoa zuzenagoa zela esan genezake: gitarra, bateria, baxua eta ahotsa. Egitura aldetik kanta biribilagoak ziren. Oraingoan beste alde batera egin dugu; Grabitatea diskoko kanta bakoitzaren atzean izugarrizko ekoizpen lana dago. Perkusioak, gitarra oso landuak, sintetizadoreak... Kanta bakoitzak geruza asko ditu. Nortasunari dagokionez, diskoa gure ustez askoz ere helduagoa da.



Zein da zuen disko batetik bestera egiten duzuen balantzea?
Positiboa bizirik jarraitzen dugun heinean, talde txikiek bizirauteko ditugun traba guztiak saihestea ez da gutxi-eta.

Nolakoa izan da diskoaren grabazio prozesua?
Bi zatitan grabatu dugu diskoa: apirilean bost kanta eta irailean beste bost. Polita izan da, birritan pentsatu behar izan baitugu diskoa nora eraman nahi genuen. Lehengo zatia konpentsatzeko aukera izan dugu, nahiz eta hasieratik oso argi genuen nora iritsi nahi genuen.

Kantak itxita al zeuden edo forma eman diezue estudioan?
Lehenengo zatian nahiko itxita zeuden, nahiz eta estudioan asko landu ditugun. Bigarren zatiari dagokionez, ez. Berehalakotasuna bilatzen genuen gehiago; ez hain kanta karratuak agian, eta horregatik irekiagoak eraman ditugu estudiora.

Nolakoa da Kometa taldearen sormen prozesua?
Beti berdina. Lehenengo musika egiten dugu, eta ondoren emozioekin lotzen saiatzen gara hitzekin. Etxetik eramaten ditut hitzak idatzita, eta gero denen artean lokalean forma ematen diegu. Nahiko buelta ematen dizkiegu gauzei. Posible da kanta oso bat eginda izan arren, buelta eman eta zerotik hastea.
Hitzei dagokienez, bi hizkuntzatan entzun ahal izan ditugu disko berrikoak. 

Ezberdina da euskaraz edo gaztelaniaz hitzak idaztea eta abestea?
Bai, oso ezberdina da. Nire ama hizkuntza gaztelania da, eta euskaraz ikasi dudan arren, erraztasun handiagoa dut gaztelaniaz. Hori bai, beti izan dugu argi talde euskalduna garela, beraz, gure diskoetan euskarazko kantak beti agertuko dira.

Gogotsu al zarete furgonetan sartzeko?
Kristoren gogoa daukagu. Lokaleko itzalpean kasik urtebe eman ondoren, argia behar dugu! Musikari bezala alor guztietan disfrutatzen dugu, baina zuzenekoak dira magikoenak. Errepertorio berriarekin prestatzen ari garen zuzenekoa itxura ederra hartzen ari da.

Diskoko arregloak, eta, oro har, soinua mantentzen al duzue zuzenekoetan?
Wow! Galdera zaila. Baditugu gure sekretuak zuzenekoei dagokienez, kar kar, kar! Geruza asko dituzten kantak ditugu defendatzeko, eta horretarako erabaki potentea hartu behar izan dugu azken egunotan. Orain arte hirukote gisa aritu gara, baina hemendik aurrera aldaketak datoz…

Itxarongo dugu horren berri eman arte. Bestalde, zuzenean sortutako soinua izango da guztia ala gauzak grabatuta eramatea atsegin duzue?
Orain arte ez dugu grabatutakorik erabili, dena zuzenekoan sortutako burrunba zen. Baina gaur egungo teknologiek horretarako aukera ematen dutenez gero, askatasun osoz erabiltzeko aukera defendatzen dugu. Beraz, hemendik aurrera nork daki. Ikusi beharko dugu zein eratan defenda dezakegun Grabitatea diskoa zuzenekoetan.