Koldo Sebastian del Cerroren ehun lan baino gehiago bildu dituzte Iruñeko 'Topaguneak’ atzera begirako erakusketan

Koldo Sebastian del Cerroren ehun lan baino gehiago bildu dituzte Iruñeko 'Topaguneak’ atzera begirako erakusketan Bere ibilbideko 129 artelan ikusi ahal izango dira urtarrilaren 15era bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koldo-sebastian-del-cerroren-ehun-lan-baino-gehiago-bildu-dituzte-iruneko-topaguneak2019-atzera-begirako-erakusketan/@@download/image/erakusketa 2.png
2022/11/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bere ibilbideko 129 artelan ikusi ahal izango dira urtarrilaren 15era bitarte.
Koldo Sebastian del Cerroren ehun lan baino gehiago bildu dituzte Iruñeko 'Topaguneak’ atzera begirako erakusketan

Koldo Sebastián del Cerro iruindarraren Topaguneak erakusketa atzera begirakoa da, eta haren ibilbide sortzailea berrikusten du 80ko hamarkadaren erdialdetik gaur egun arte. Erakusketa 129 artelanek osatzen dute, egilearen hainbat sormen-sailetakoak. Pinturak nabarmentzen dira batez ere, baina marrazkiak, bolumenak eta argazkiak ere badira. Antolatzaileek azaldu dutenez, "introspekzio-ariketa bat da, egindako bidea aztertuz egina, baina, bitxia bada ere, bere burua hobeto ezagututa, egileak bere burua norantz proiektatu nahi duen eta etorkizun horren begiradan du eskaintzen duen emaitza nagusia".

Erakusketaren ibilbideak egitura kronologikoa du: 1990ean jendaurrean lehen aldiz agertu zen lanarekin hasten da eta aurten bertan Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan egindako bakarkako azken erakusketan jarritako lanekin amaitzen da. Horrela, ikusizko kontakizun bat sortu nahi da, haren sorkuntza-prozesua eta hura artikulatzen duten multzoak deskribatzeko aukeratutako obretan oinarrituta. Honako sail hauen lanak daude ikusgai: ‘Akopleak’, ‘Egitura malguendako moduluak’, ‘Mexuar. Egitura koskadunak eta zulatutako egiturak’, ‘Physis. Radix’, ‘Kalignometriak’, ‘Washi. Sangaku’ eta ‘Infinibertso’. 

Erakusketa urtarrilaren 15era arte izango da ikusgai Kondestablearen jauregiko lehen eta bigarren aretoetan. Bestetik, erakusketa irekita dagoen bitartean, elkarrizketan aritzeko lau ibilbide egingo dira, Koldo Sebastian del Cerro berarekin. Ibilbide horiek abenduaren 17an eta urtarrilaren 14an izango dira, 19:00etan, eta abenduaren 18an eta urtarrilaren 15ean, 12:00etan.

Jarduera osagarriak
1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenaren aitzakian, Topaketak izeneko programa antolatu da, eta bertan hainbat artistek euren ibilbide eta mundu sortzailea izango dituzte hizpide. Askotariko kontzeptu artistikoak jorratuko dira, hala nola espazioa, pertsona, objektua, ekintza, sentimendua, esanezina, denbora eta abar. 

Gaur izango da lehen hitzordua, Kondestablearen jauregiko lehen aretoan, 19: 00etan, Jose Ignacio Agorreta eta Carlos Canovasekin, eta espazioaren inguruan arituko dira. Abenduaren 1ean, Miguel Bergasa eta Pedro Salaberri pertsonaren inguruan mintzatuko dira. Abenduaren 13an eta 15ean, Alicia Otaeguik eta Marijose Recaldek, eta Fermin Alvirak eta Tomas Sobrinok, hurrenez hurren, objektuari eta sentimenduari buruz solas egingo dute.

Eguberrietan, abenduaren 27an eta 29an, esanezina eta ekintza kontzeptuak jorratuko dira, Jose Ramon Anda eta David Rodriguez Caballeroren eta Fermin Jimenez eta John Otazuren parte-hartzearekin. Urtarrilean, hilaren 10ean, Mar Mateok eta Belen Puyok denborari buruz hitz egingo dute, eta hilaren 12an, Javier Baldak eta Miguel Leachek kontzeptuari buruz duten iritziaren inguruan arituko dira.