Kokein: "Zuzenekoen bila joaten gara"

Kokein: "Zuzenekoen bila joaten gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kokein-quotzuzenekoen-bila-joaten-garaquot/@@download/image/2012326937kokei_1360824465.jpg
2012/03/02
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Saioa Gauilunak
Boskote eibartarrak martxoan kaleratuko du lan berria, 'Izan' izenekoa. Indartsu datoz, kontzertuak emateko gogo biziz. Eta ez dute gelditzeko asmorik: Euskal Herritik abiatuta, apirilean Alemaniaraino iritsiko dira kantu berriz beteriko furgonetarekin.


'Zain egon gabe' dio zuen disko berriko kanta batek. Zain eduki dituzue, ba, jarraitzaileak lau urtez.
Lete: Geu ere gure zain egon gara! —barre egiten dute—.
Jatsu: Bizitzak eskatzen dizun erritmoa jarraitzen dugu konposatzerako orduan. Ez diogu gure buruari presarik sartzen, lasai goaz. Lau urte pasa direla? Zer egingo diogu ba!
L: Bai, hasieratik ez genuen inolako datarik jarri diskoa grabatu eta kaleratzeko. Horregatik, pixkanaka joan gara abestian lantzen, eta azkenik sorta on bat osatu dugunean grabatu dugu.

'Mundu Margotu berri bat', aurreko lana, gogorra zela esan zenuten hura aurkezterako orduan. Nola definituko zenukete 'Izan'?

L: Nik krudelagoa dela esango nuke; krudelagoa, baina zentzu onean. Taldearen soinua eta grabaketaren planteamendua nolakoa izan den oso ongi erakusten du, eta zuzenekoen aurrerapen moduko bat egiten du. Aurrekoa baino rockeroagoa, gitarreroagoa da, eta orain arte landu ez ditugun estiloak probatu ditugu: rock&rolla, esaterako.

Zer bilatu duzue?

Zaloa: Ez dugu helburu finkorik jarri. Zer esan nahi dugun, zer igorri nahi dugun, pixkanaka irteten da. Azken batean, bizi ditugun gauzak kontatzen ditugu. Egia da lau urte pasa direla azken diskoa kaleratu genuenetik, baina hura aterata denbora behar da lana goxatzeko eta kantei forma emateko.

Disko hau autoproduzitua da, hau da, lanaren ekoizpen osoa zuek egin duzue: kantak idatzi, prestatu eta grabatu. Nola joan da ibilbidea?

L: Gogorra izan da, eta izaten ari da! —barre egiten dute denek—. Ez, egia esan ez da horren gogorra. Ez gara dena aurreikusita izaten dute talde horietako bat, eta beraz, denetariko kantak irteten dira. Hori bai, ezberdinak izan arren, gustatu egin behar zaizkigu abestiak, eta beraz, egindako batzuk ere kendu ditugu. Grabaketan Kakiren eta Martxel Arkarazoren laguntza izan dugu, baina bereziki gu ibili gara saltsan. Diskoa geureago sentitzen dugu horrela.
J:  Momentu ona da taldeek euren burujabetza aldarrikatzeko. Une honetan jende askorengana iritsi zaitezke esfortzu nahiko txikia eginda, Sareak horretarako aukera ematen duelako, eta horrek zure buruaren jabe izateko aukera ematen dizu, besteen laguntzarik gabe.
L: Kasu honetan ez dago taldearen eta entzuleen arteko bitartekaririk. Baina ez dugu hala egitea erabaki aurretiko esperientziak txarrak izan direlako!
Z: Alderantziz! Besterik gabe, gure erara egin nahi genuen diskoa. Grabatzerako orduan beti pentsatu izan dugu halako zerbait egitea, Aritz ere teknikoa baita. Aurreko lanean berak parte gehiago hartu zuen arren, oraingoan denok sartu dugu eskua. Lan gehiago eta erantzukizun handiagoa da, baina horretarako gogoak genituen.

Hilabete honetan disko berriko kantak webgunetik deskargatzeko moduan jarriko dituzue, eta doan izango diren arren, nahi duenak dohaintzak egiteko aukera izango du. Horretaz gain, biniloa jarriko duzue salgai dendetan. Erabaki horrek egun musikak bizi duen errealitatea islatzen al du?

Z: Bai eta ez. Adibidez, orain Internet erabiltzeko joera handia dago, eta jendeak diskorik erosten ez duenez, Sarean kantak jartzea haiengana iristeko modu bat da. Hori bai, guk esfortzu bat egin dugu, eta jendeak esfortzu hori ikusi dezan nahi dugu. Horregatik jarri dugu dohaintzak emateko aukera. Bestetik, beti egin nahi izan dugu binilozko disko bat,, eta Izan guk ekoitzitako lana izanik, aurrera eramatea erabaki dugu.
L: Azken aldian bi joera horiek nagusitu dira: Internetena eta biniloarena. Azken hau berpiztu egin da. Guk geuk ere beti nahi izan dugu gure taldearen binilozko disko bat izatea, bere portada eta guzti.
J: CDak, gainera, epe motzean hondakin plastiko bihurtzen dira eta edukiontzi horian amaitzen dute. Biniloak, aldiz, balore handiagoa dauka, bereziki musikarekin fetixistak diren horien kasuan.

Hain zuzen, biniloaren azaleko irudia Josu Torrealdaik egin du. Kuriosoa da kaskezurra...

J: Bai, diskoak Izan izena izango zuela erabaki genuenean, azaleko irudiari buruz pentsatzen hasi ginen. Kaskezurraren ideia etorri zitzaigun orduan, hain juxtu, izatearen aurkako zentzua duena literaturan.
Z: To be or not to be!
J: Horregatik, biniloa ikusterakoan, izan eta ez izan biak aurrean topatzen ditugu.

Euskal Herrian musikarekiko zaletasuna oso erroturik dago. Barrutik, baina, nola ikusten da egoera?

L: Talde asko daude Euskal Herrian; kopuru aldetik, behintzat, ikaragarria da. Proposamen onak, politak eta originalak dira gainera, eta baita kalitatezkoak ere!
J: Kanpoan ikusten ez diren gauza asko aurkitu daitezke, sorpresa politak daude.
Z: Dena dela, kontzertuei dagokienez, gauzak ezberdinak dira. Horrenbeste talde egonda, ez da aukera askorik izaten jotzeko, eta gainera, badirudi azken aldian jende gutxiago joaten dela zuzenekoetara. Ez da erraza norberaren lekua topatzea; lan handia egin behar izaten dugu jotzeko lekuak bilatzeko.

Zuzeneko taldea zaretela esango zenukete? Zuzenekoetan irabazi egiten duzuela?

Z: Baietz esango nuke, zuzenekoak garela. CDa, grabatzen duzunean beste modu batean gozatzen duzu, baina gu zuzenekoen bila joaten gara. Irabazten dugun ala ez? Hori jendeak esan beharko du.
L: Dena askatzen duzu eszenatokian, momentu ezberdina baita, eta asko betetzen gaitu. Zuzenekoak gara hala bizi dugulako.

Beraz, prest izango duzue disko berri honen ibilbidea?

Z: Zerbait prestatu dugu, bai, eta gogotsu gaude.

Askotan egingo zizueten galdera da, baina, zergatik Kokein?

J: Fonetikoki gustatzen zitzaigun. Gainera, hasieran JJKren abesti horrekin genbiltzanez, izen hori jarri genion.
Z: Hori da berezko jatorria, baina dagoeneko horrenbeste aldiz galdetu digutenez, edozein erantzun ematen dugu, edozerk balio du!
J: Egia esan, gure lehen kontzertua eman behar genuen, eta izenik ez genuenez, berehala pentsatu eta kartelean jarri genuen!!

Zuen hitzetan, aspertu egiten zinetelako sortu zenuten taldea. Ez da egia izango?

J: Bai, tabernatik atera eta zerbait egin nahi genuen! —brometan—.
Z: Garai hartan bakoitza bere aldetik zebilen musikan, eta ia nahi gabe elkartu egin ginen.
I: Musikak batu gintuen.
L: Kalean denbora gehiegirik ez pasatzeko!!

Nola antolatzen duzue sormen prozesua? Nork bere egitekoa du?

L: Ez gara oso originalak; musika lantzen dugu lehenengo, melodia, eta hortik aurrera hitzak pentsatzen ditugu.
Z: Kasu batzuetan norbaitek ideia bat ekartzen du lokalera, eta bertatik abiatzen gara; beste batzuetan, norbait zerbait jotzen hasten da, eta " hori ongi dago, segi hortik" esanda aurrera egiten dugu. Baina orokorrean lokala da gure sukaldea.
L: Ez dugu lana banatzen, denok egiten dugu denetarik. Aurreko diskoan, eta bereziki honetan, esku gehiago sartu dugu denok, gauza guztietan. Talde gutxitan gertatzen da hori, baina momentuz, halaxe funtzionatzen dugu.
J: Abesti batzuk berehala ateratzen ditugu; beste batzuek, ordea, bueltak eta bueltak behar izaten dituzte abesti bihurtu arte.

Hori da autoprodukzioaren abantailetako bat, ezta?

L: Bai, lokalean gure kantuak grabatzen ditugu, eta pixkanaka nola geratzen diren ikusten dugu. Kuriosoa da, baina askotan abesti bati buruz sentsazio jakin bat duzu lokalean, eta grabatu ostean sentsazio hori aldatu egiten da, zuk uste baino gehiago transmititzen duelako.

Euskal talde asko joan izan dira Japoniara, eta zuek ere bertan izan zineten 2010ean. Nolakoa izan zen esperientzia?

Z: —Letek belaunean jotzen dio, hasteko keinua eginez— Japonian? Zoragarri!! Kristoren esperientzia izan zen denontzako; talde bezala ere oso positiboa izan zen. Gainera, gurearekiko oso ezberdina den kultura bat ezagutzea ikaragarria izan zen; ahalik eta lo gutxien egiten genuen dena ikusteko! Beraiekin kontzertuak jotzea, zuzenekoak nola bizitzen dituzte ikustea, hango taldeekin aritzea, … Ikaragarria!
I: Azken batean, aspalditik egiten den elkartruke bat da, hango taldeak ere hona etortzen direlako. Guk gurpil horretan sartzeko aukera izan genuen, aurretik hemen ezagutu genituen talde batzekin joan ginelako hara, eta bertan asko lagundu ziguten.
L: Talde bezala, gure elkarbizitza neurtzeko ere balio izan zigun. Ez da berdina astean lau ordu lokalean pasatzea, edota hamar egunez batera egotea: lo, esnatu, bazkaldu, jo, etab. elkarrekin egin genuen, dena elkarrekin.

Zerk harritu zintuzten gehien?

Z: Hara joan aurretik oso hotzak zirela pentsatzen nuen, eta bertan ginenean ere gurekiko distantzia mantentzen zutela iruditu zitzaidan; baina hona heldutakoan eta hango esperientziaz pentsatzen jarri nintzenean, pila bat eman zigutela konturatu nintzen. Hori bai, askoz ere lasaiagoak dira, bolumena zaintzen dute, …
L: Oso muturrekoak dira! Oso lasai daude lasai egon behar denean, baina beraien rol hori alde batera utzitakoan erabat aldatzen da kontua. Brahman taldearekin jo genuen Tokiko areto batean, eta eromena nagusitu zen, eraikina erortzeko zorian jarri zuten entzuleek —han oso ezaguna da Brahman taldea—.
Z: Baina gero ilaran jartzen ziren kamisetak erosteko! Hemen denok elkarren gainean ibiliko ginen, zein lehenago iritsi!
J: Eta kontzertura iristen zirenean bakoitza takila batera joaten zen bere trajea aldatzera! Kamiseta makarra jartzen zuten eta kontzertura sartzen ziren.
Z: Eta toailatxoa eramaten zuten sorbalda gainean!
I: Asko harritu gintuen, baita ere, aretoetara iritsi eta dena prest zegoela ikusteak —denek barre egiten dute—. Hemen kontua oso bestelakoa da, ordu erdi pasa behar duzu zain!

2010ean Japoniara, eta aurtengoan, Alemaniara, ezta?

Z: Bai, asmoa behintzat badugu.
I: Diskoak horretarako aukera ematen digu. Oporretan hamar egun hartu, lau edo bost kontzertu eman; gutaz, lekuaz eta abestiez disfrutatu nahi dugu. Berlinen, Hanburgon eta Belgikan jo nahi dugu, eta gauzak prestatzen gabiltza.
L: Txango txiki bat izango da!

Hori al da Izanen jomuga, kanpoan jotzea?

Z: Jotzea da gure helburua, ahalik eta gehien, eta gusturen. Berdin du non. Gainera, jendeak ere entzun gaitzan nahi dugu; batzuei asko gustatuko zaie diskoa, eta beste batzuei ezer ez. Baina gutxienez entzun egingo gaituzte, eta hori nahi dugu.
L: Gure helburua jotzea da, eta jotzean jendeak entzun egiten bazaitu, ezin hobeto!

Zaloa, ongi dakizun bezala, martxoa emakume langilearen hilabetea da. Zu emakume langilearen adibide garbia zara: haurra, lana, taldea… nola moldatzen zara guztiarekin?

Z: Batzuetan lan handia da, ni ez naizelako musikatik bizi. Irakaslea naiz, eta nire lana gustatzen zaidan arren, lan bat da; nahiago nuke ordu horiek musikan sartuko banitu! Baina egia esateko, kristoren suertea daukat. Taldekideekin oso harreman ona dut, lagunak baikara, eta asko laguntzen didate. Etxean ere oso argi geneukan hasieratik: haurra izan arren, gauzak ez ziren aldatuko. Nik hau behar dut, eta gainera, nahi dut. Horregatik, batzuetan zaila izaten da, eta amatxoak, amamak eta horrelakoak behar izaten dira. Baina ahalegin guztiak egiten ditut, ordainak ere ikaragarriak direlako. Haurdun geratu nintzenean jendeak esaten zidan ez nuela musikara itzuli nahi izango, eta ez da egia! Umea jaio zenean gogo asko nituen kontzertuak ematen jarraitzeko; pentsa, jaio eta hilabetera eszenatokian nengoen! Gogoz bazabiltza, denetik egiten duzu. Nik ez nuen ama izanagatik horrenbeste maite dudan zerbait uzterik nahi.

Horrenbeste gizonen artean, gutxienez, ongi zainduta egongo zara!

Z: Bai, haurraren osabak dira denak! Oso ongi zaintzen naute ni, eta nik ere oso ongi zaintzen ditut haiek.

Euskal Herriko rock talde askok ahots femeninoa dute. Kasualitatea ote?

Z: Nik ez nuen erabaki abeslaria izatea neska nintzelako, eta haiek ere ez ninduten horregatik hartu. Batzuetan hala izango da, baina ez da nire kasua. Gainera, ez dut uste euskal taldeetan horrenbeste emakumezko gaudenik. Egia da honetan dabiltzan neska gehienek kantatu egiten dutela; azken batean, klixe moduko bat dago horren inguruan, badirudi hori bakarrik egiten dakigula! Baina nik ez dut inoiz sentitu ezberdina nintzenik emakume izateagatik. Beharbada kasu gehiago egiten dizute, esan bezala, andrazko gutxiago gaudelako mundu honetan, baina aldi berean kritika eta konparaketa gogorragoak jasan behar izaten ditugu. Ezagutzen ditudan neskei ongi abestea eta ahots sendoak izatea eskatzen diete, eta ez da justua.

Ahotsa da zure musika lan tresna. Noiz deskubritu zenuen duzun instrumentua?

Z: Nire amak dioenez, oso txikia nintzela esan nion musika ikasi nahi nuela. Berak aspertu egingo nintzela uste zuen, eta aste bete baino ez nuela iraungo. Baina ez nintzen aspertu, ez! Beti izan dut musika gustuko, nahiz eta nire etxean ez dagoen musikarekiko zaletasun handiegirik. Lehengo gitarra ikasten hasi nintzen, eta jo bitartean abestu egiten nuen; baina pixkanaka, nire adierazteko modua ahotsa zela ikusi nuen, eta gitarra oztopo bat zen horretarako. Beraz, gitarra utzi eta askatasuna lortu nuen, mintzatzeko eta espresatzeko askatasuna. Dena dela, momentu ezberdinak igaro ditut: nire burua ezagutzen joan naiz, eta noraino iristen naizen ikusi dut gutxinaka Horretarako modu ezberdinetan abesten saiatu naiz, nire buruari erronka berriak jarri dizkiot, eta segurtasuna lortzen joan naiz. Ahotsa nire instrumentua bilakatu da, baina nik nahi gabe; barruan nuen zerbait izan da.

Dena den, besteontzat Zaloa ahots bat baino gehiago da.

J: Bere ekarpena ez da soilik musikala. Taldea hori baino askoz gehiago da: gu lagunak gara.
L: Egia esan, neska zelako aukeratu genuen —txantxetan—.
Z: Zu beranduago sartu zinen eta, Lete!
I: Nire ustez taldea bera ez dela existitzen gutariko bat falta bada. Bakoitzaren ekarpena oso garrantzitsua da.
L: Zaloak esan du berak ez duela alderik nabaritzen neska izanagatik. Ba guk ere, zentzu berean esan dezakegu, bakoitzak bere zatia ematen duela, inolako bereizketarik gabe.
J: Nik uste dut musikaren munduan neska gehiago egon beharko liratekeela! Hala nahi dut, nik, behintzat! Baina ez soilik abesten, baita bateria, baxua eta gitarra jotzen ere. Rock&rollaren gabezia bat dela deritzot; emakume gehiago baleude, musika beste modu batean ikusiko genuke.
I: Egia esan, disko honetan Zaloaren ekarpena oso zabala izan da. Asko zabaldu du ahotsaren erregistroa, eta aurrerapauso oso handia eman du. Hunkigarria izan da zein handia egin den ikustea.
Z: Horrelako hitzak eskertzen dira, baina era berean, nik ezin dut hori guztia haiek gabe egin. Elkarrekin jotzen dugu, eta lagunak gara, baina hori baino askoz gehiago ere bagara. Urteak aurrera, askoz segurtasun handiagoa dugu gure artean, eta niretzat behintzat, hori lortzea ezinbestekoa da. Nik ezin izango nuke disko honetan egin dudana egin haiek gabe.
L: Gure kasuan taldea bera da dena funtzionatu arazten duen makina. Bakoitzak berea ematen du, baina elkarketak sortzen du taldea.