Koito osteko pilula: beti azkeneko aukera

Koito osteko pilula: beti azkeneko aukera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koito-osteko-pilula-beti-azkeneko-aukera/@@download/image/91p48sex1.jpg
2008/12/05
erreportajea
Testua: Nerea Sancho psikologoa eta Sexologoa
Koito osteko pilula: beti azkeneko aukera
Koito osteko edo "biharamuneko" pilula. Horra hor, gazteek sarritan modu okerrean erabiltzen duten antisorgailua. Biharamuneko pilula hartzea azken aukera izan behar du beti, eta inoiz hartzen ez badugu, askoz hobe. Hona hemen zenbait aholku pilula hau sekula ez hartu behar izateko. 

Elkar masturbatzea, felazioak, sexu berekoekin harremanak izatea, izter-arteko koitoa, uzki-sarketa, cunnilingusak… haurdun geratzeko arriskurik gabe, hamaika modu daude sexuaz gozatzeko. Gainera, jokabide erotiko hauek, koitoa baino plazer handiago ematen diete gizon eta emakumezko askori. Beraz, gogoan izan: koitoa ez da aukera bakarra, ezta gutxiagorik ere. Eta koitoa praktikatzerakoan, aldiz, biharamuneko pilula hartzea azken aukera da.  Azken-azkenekoa.  

Baina, zer egin dezakegu koitoaren osteko pilula  inoiz ez hartu behar izateko? Galdera honek erantzun erraza du: koitorik ez praktikatu, eta kitto! Baina beharbada, erantzun honek ez zaitu asetuko; beraz, sarketa egin aurretik kontuan eduki beharreko zenbait gauza aitatuko ditugu.

"Atzera-martxa" ospetsuak, edo hilerokoa izateak, ez dizu haurdunaldia ekiditeko modua ziurtatuko; ez dira batere sistema fidagarriak. Gainera, alkohola edo beste droga baten eraginpean bazaude, agian, ez duzu arduraz jokatzeko gaitasun bera izango. Horrelako egoerak aurreikustea laguntza handia izan daiteke.  

Bestalde, garrantzitsua da zer eta norekin egin nahi duzun jakitea. Presaka ibiltzea ere ez da batere ona, eta edozein kasutan, ezetz esaten ikasi behar da: "ez, kondoirik gabe ez". Garrantzitsua da hori esaten jakitea.

Kontuan izan, norberak aukeratu behar dituela bere jokabide erotikoak, eta ez beste inork. Eta jokabide erotikoa gauzatzeko, aldamenekoak ados egon beharko du. Hala, ezinbestekoa da norberaren gorputza eta sexu organoak ongi ezagutzea, zertan ari garen jakiteko. Nesken kasuan, bereziki garrantzitsua da esplorazioak egitea, patxadaz eta intimitatean.

Bestalde, norbaitekin sarketa egiteak ez du esan nahi,  beste noizbait, pertsona berarekin errepikatu behar denik. Egoera bakoitzean erabaki behar da zer egin nahi den, nola, eta norekin. Azkenik, jokabide erotiko bakoitzaren onurak eta arriskuak aldez aurretik ezagutzea komeni da eta, sarketa egitekotan, aukeratutako antisorgailua egoki erabiltzea.

Txapela beti prest!

-Kondoiak eraman itzazu beti, eta txapelik ez baduzu, ikasi esaten: "ez, kondoirik gabe ez".
-Kondoiaren argibideak zehatz-mehatz jarraitu, eta
iraungitze data egiaztatu.
-Ez utzi kondoiak muturreko tenperaturen edo aldaketa handien menpe. Bilgailua irekitzeko, balia ezazu kondoi-azalek albo batean duten zigi-zaga modukoa.
-Hazia isuri bezain laster, zakila baginatik atera eta korapiloa egin iezaiozu kondoiari. Zakila tente ez badago, kondoia bagina barruan gera daiteke, eta horrelakoak ekiditea komeni da. Zakilaren tamainari hobekien egokitzen zaion kondoia erabil ezazu.

Eguneroko pilula

-Aukera hau ziurtasunez egitea funtsezkoa da, inoiz ez duda-mudatan. Beraz, lagungarria da egoerak aurreikustea: parrandak, bidaiak, ordutegi aldaketak, lagun baten etxean lo egitea…
-Noizbait eguneroko pilula hartzea ahaztu bazaizu, arrazoia ikertu. Zergatik izan da? Arrazoi inkontzienteren bat egon daiteke? Haurdun gelditzearen fantasia, bikotearen arreta erakarri nahia…...

sexesaldia


Elizabeth Hilts-ek esana: "sexu segurua praktika ezazu. Honek, ondokoaren izen-abizenak eta non bizi den jakitea ere esan nahi du'.

Sexideia



Bakarka ala konpainian
Ipuin erotiko bat irakur ezazu, eta etzazu gorputza ukitu ipuina bukatu arte.

Elkarrekin bizi diren bikoteentzat
"Telebistarik gabeko astea" ospa ezazue. Telebista ikusteko ohitura duzuen ordu horiek, balia itzazue beste zerbait egiteko.

Sexkubidea


Sexu osasunaren alorrean arreta klinikoa jasotzeko eskubidea: sexu arazo, ardura edo nahasteen aurrean prebentzioa eta tratamendua jasotzeko eskubidea da. 

Sexeguna


Abenduaren 1a: Hiesaren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna.