Klun ikuskizunak izango dira datozen egunetan Bilbon

Klun ikuskizunak izango dira datozen egunetan Bilbon Sei ikuskizun izango dira guztira Zorrotzan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klun-ikuskizunak-izango-dira-datozen-egunetan-bilbon/@@download/image/descarga.png
2022/06/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sei ikuskizun izango dira guztira Zorrotzan.
Klun ikuskizunak izango dira datozen egunetan Bilbon

Clown Zorrotza programaren XIII. edizioa ospatuko du bihartik larunbatera, Azoka Parkean eta auzoko Udal Liburutegian. Sei konpainiak eta artistak parte hartuko dute, eta publiko guztiei zuzendutako ikuskizunak izango dira egitarauan.

Ipuinak eta globoflexia batzen dituen Lur Usubiagaren ikuskizunarekin emango diote hasiera programari ostegunean, 18:00etan, Zorrotzako Udal Liburutegian. Ondoren, Cirque Hirsute frantziarren Les butors proposamena izango da, ikuskizun birtuosoa, akrobatikoa eta burleskoa. Zazpi metroko altueran jarrita, haize-errotetan eta heriotzaren gurpiletan inspiratutako deabruzko zaldiko-maldiko batean eskainiko dute ikuskizuna, 19:30ean, Azoka Parkean.

Ostiralean, berriz, Vela Circo konpainia galiziarraren txanda izango da, A Corda emanaldiarekin, 18:30ean, Azoka Parkean. Ordubete geroago, Malas Compañías konpainiak Zirkus aurkeztuko du, “Compañía Club Deportivo Amateur”-ren historia kontatzen duena. 

Larunbatean, hilak 11, bi ikuskizun izango dira. Bata, Azoka Parkean 18:30ean hasiko den Zirco Txosko-ren Oh – Pera. Antzezlan honek antzerkia, umorea eta zirkua nahasten ditu. Bestea, 19:30ean hasiko den Dulce hogar sobre ruedas izango da, Paolo Martini  katalanaren eta Adrian Schvarstein norvegiarraren konpainiarena.