Klima sendatzen ez badugu berriz ere gaixotuko gara

Klima sendatzen ez badugu berriz ere gaixotuko gara Konfinamendu betean eta aurrekaririk ez duen krisi ekonomiko baten atarian COVID-19aren aurkako sendagai bilatu nahian gabiltza. Birusaren funtzionamendua ikasten gabiltza, baina arriskuan jartzen gaituena benetan gure ohitura eta jokabideak dira. Hala diote aditu batzuk behintzat. Gaur Lurraren eguna dela profitatuta, hau zaintzeak gizakiontzat eta ingurumenarentzat dakartzan onurak aipatzera gatoz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klima-sendatzen-ez-badugu-berriz-ere-gaixotuko-gara/@@download/image/Voices_Armageddon_Main-760x378.jpg
2020/04/22

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Konfinamendu betean eta aurrekaririk ez duen krisi ekonomiko baten atarian COVID-19aren aurkako sendagai bilatu nahian gabiltza. Birusaren funtzionamendua ikasten gabiltza, baina arriskuan jartzen gaituena benetan gure ohitura eta jokabideak dira. Hala diote aditu batzuk behintzat. Gaur Lurraren eguna dela profitatuta, hau zaintzeak gizakiontzat eta ingurumenarentzat dakartzan onurak aipatzera gatoz.
Klima sendatzen ez badugu berriz ere gaixotuko gara

Izan ere, pandemiaren atzean naturaren suntsiketa dago. Ez dago inongo sistema sanitario edo estaturik naturak eskaintzen digun babesa eskaintzeko gai denik. Hori bai, espezieetan askotarikoa den eta ongi funtzionatzen duen natura bada beti ere. 

Bioaniztasuna babesa da birusen aurrean
Orain dela 15 urte frogatu ziren bioaniztasunak zituen funtzio babesleak. Efektu hauei esker karga birikoa gutxitzen da, kutsadura murriztuz. Beraz, natura birusen aurkako babes bikaina da. Hamaika kasu praktiko burutu dira, eta guztiek frogatu dute teoria hori. 

Egunak pasa ahala, hobeto ulertzen dugu pandemia honen jatorria. Ziurrenik saguzarretan du jatorria, hortik gizakietara pasa zelarik. SARS-CoV-2 birusak denbora luzez biziraun du saguzarretan. Horrela, saguzarra osasuntsu dagoenean karga birikoa minimoa da. Alta, estres egoeran, ehizan dabilenean edo bere atzetik norbait duenean, animaliaren sistema immunea deprimitu egiten da eta karga birikoa izugarri hazi. Guregana birusa karga biriko izugarri altuarekin pasatu da, naturak pairatzen duen estres izugarria dela eta, hortik COVID-19aren arriskua.

Horrela babesten gaitu naturak
Natura osasuntsu batek, espezieetan askotarikoa denak modu zabalean babesten gaitu infekzioetatik. Ez soilik bioaniztasunetik. Naturak, basamortuko hautsa gelditu dezake eta atmosferako kutsadura murriztu adibidez. Bi adibide hauek dira birusa zabaltzeko bideetako bat, pazienteei arnasketa arazoak sortuz. 

Ekuazioari klima aldaketa gehitzen badiogu, naturak tarte gutxiago du egon daitezkeen inpaktuak murrizteko eta gure osasuna babesteko. Fenomeno global honek, gure basoek karbono dioxidoa xurgatzeko duten ahalmena murrizteaz gain, sute handiak izateko aukerak gehitzen ditu Australian ikusi ahal izan dugun bezala. 

Keak, herrialdeko biztanleariaren %80ari eragin zion. Arazoa ordea, ez zen Australiarrena soilik izan. Orain pandemiarekin gertatzen den bezala kea planeta osora zabaldu zen. Ez dago erakunde nazional zein nazioartekorik suteen keak prebenitu ditzakeenik mundu osoko hirietara ez iristeko, eta horrela lehendik zituzten kutsadura arazoak ez gehitzeko. Modu berean, ez dago industriarik, gai denik, berotegi efektuko gasak murrizteko, ez behintzat basoek egiten duten moduan. Natura osasuntsu batek babestu egiten gaitu, eta babes horiek ezin dira diruz erosi.

Krisi klimatikoa ez da inora joan
Konfinamendua baliagarria izan lekiguke honetaz hausnartzeko. Azkenaldian entzuten dugun galdera hau da: noiz berreskuratuko dugu normalitatea? Baina zer normalitate? Honaino ekarri gaituena? Pandemiak sortuz eta ekosistemak suntsituz lortu dugun normalitatea?

Txinan jada ikatza erretzen hasi dira energia sortzeko, krisiaren aurretik baino indar gehiagoz gainera. Helburua ekonomia lehenera itzultzea baita, ingurumenari ekarriko dizkion kalteak kontuan hartu gabe.  Pandemiak ordea, bestelako errealitatea erakutsi digu: zeinen ahulak garen ondo funtzionatzen ez duen ingurumen natural batean. Egoerak balio behar du inora joan ez den klima aldaketaren krisiaren inguruan hausnartzeko. Bestela, denbora kontua da berriz ere beste pandemia batean erortzea. Natura gara, ez dezagun ahaztu.