Klima Aldaketaren kostu ekonomiko nabarmena

Ekologismoa ez da Klima Aldaketaren aurkako borrokan axola duen arrazoi bakarra; dagoeneko Klima Aldaketaren lehen errefuxiatuak ezagutu ditugu erabat lehortu diren eremuetan, eta zientzialarien iragarpenak betetzen badira, aurki Elikadura, Osasuna eta Ekonomia izango dira kaltetuak. Hain zuzen, ikerketek diote soilik itsasoaren mailaren igoerak munduko ekonomiaren %20 irentsiko duela 2100 urterako, tartean, kostan bizi diren herritarrak salbatzeko eta kalteak ordaintzeko.
Uholdeak etorkizuneko arazo larrienetakoa izango dira kostaldeko eremuetan, eta arazo hau estuki lotuta dago Berotegi Efektuko Gasen emisioarekin. Efektu honen harira, munduaren tenperatura goraka doa ziztu bizian, Poloetako eta glaziarretako izotza urtuz eta itsasoaren maila igoz. Horrekin batera, ozeanoek atmosferan pilatutako beroa xurgatzen dute, ura hedatuz. Gauzak horrela, urtero ozeanoetako ur maila 3-4 milimetro handitzen doa, eta datozen urtetan erritmoa bizitzea espero dute zientzialariek, muturrek klima egoera eraginez.
Kalkuluen arabera, 2100 urterako 287 milioi lagunek (munduko biztanleen %4,1) pairatuko dituzte itsasoaren maila igo izanaren ondorioak; milioika bizitza arriskuan izango dira, eta 12 bilioi euroko kostuak eragingo ditu. Eta zer egin dezakegu horren aurrean? Eraginkorrena Berotegi Efektua gelditzea litzateke, baina horrekin batera, uholdeak ekiditeko dikeak eraikitzen hasteko garaia izan daiteke.