Klima-aldaketaren inguruko oinarrizko lexikoa plazaratu du Euskaltzaindiak
Hedabideetan nahiz kalean klima-aldaketaz eta aldaketa horri aurre egiteko hartu behar diren neurriez "gero eta gehiago hitz egiten" dela eta, horren ondorioz, "klima-aldaketaren inguruko esamolde ugari eguneroko hizkeran txertatzen ari direla" eta, Euskaltzaindiak eta UZEIk horien hautaketa bat egitea erabaki dute, eta Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa argitaratzeko beharra antzeman dute, "oinarrizko kontzeptu batzuk argitu eta euskarazko terminoak finkatzen laguntze aldera". 25 kontzeptu bildu dituzte bertan, hala nola berotegi-efektu, karbono-aztarna eta klima-larrialdi.

Euskaltzaindiak eta bere erakunde atxikia den UZEIk elkarlanean argitaratu dituzten beste lexikoetan bezala (Koronabirusaren oinarrizko lexikoa eta Telelanaren oinarrizko lexikoa), Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa hartu dituzte oinarri, eta baita inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiak ere. Era berean, lan honetan oso kontuan hartu dute klima-aldaketari buruzko euskarazko erabilera ere, hedabideetakoa bereziki.

