Kliklap bideo lehiaketaren bigarren edizioa martxan da

Kliklap bideo lehiaketaren bigarren edizioa martxan da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kliklap-bideo-lehiaketaren-bigarren-edizioa-martxan-da/@@download/image/2011853314kliklap_bideo.jpg
2012/12/13
berria
Kliklap bideo lehiaketaren bigarren edizioa martxan da
Kanaldude herri telebistaren babesaz antolatutako ekimenak bi kategoria bereiziko ditu: bideo filmaketa batetik, eta gidoi idazketa bestetik. Emaitzak eta irabazlearen izena datorren irailaren 30etik urriaren 3ra Arrosan iraganen den Festirudi festibalaren bigarren edizioan ezagutaraziko dituzte.

Kliklap bide lehiaketak ikus-entzunezkoen esparrua gogoko duten gazteen sormenari bide ematea du helburu. Kanaldude euskarazko herri telebista ekoizten duen enpresak, Aldudarrak Bideo enpresak antolatu du bigarren urtez, eta dagoeneko zabalik da lanak bidaltzeko epea.

Aurtengo lehiaketak, iaz ez bezala, bi kategoria hartuko ditu aintzat, biak ala biak euskarazkoak. Betetik, bideo lehiaketa –erreportaia, fikzioa, bideo musikala… denetarik onartzen da–; eta bestetik, berrikuntza gisa, gidoi lehiaketa, azken honetan gailentzen denak, gainera, aukera izango du Aldudarrak Bideo enpresaren laguntzaz proiektua aurrera eraman eta filmatzeko.

Gaia, ordea, bakarra da bi kategorietarako: Euskal… Hitz bakarra irudimenari hegan egiten uzteko. Parte hartu nahi duen orok proposamenak entregatzeko epea zabalik du iragan uztailaren 11tik datorren irailaren 20ra arte. Izan ere, antolatzaileek irailaren 30ean hasi eta urriaren 2an amaituko den Festirudi festibalean zehar jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Informazio gehiago eta sarien berri, hemen.


Festirudi 2011



Kliklap bideo lehiaketa hau Festirudi jaialdiari begira antolatu du Aldudarrak Bideo enpresak. Bigarren edizio honetan, Arrosa (Baxe Nafarroa) izango du plaza festibalak. Hiru egunez –irailaren 30etik urriaren 2ra arte–, animazio desberdinak izanen dira. Kanaldude Pro esku huskako lehiaketa jokatuko da adibidez, bideo tailerretan parte hartzeko aukera ere izango da eta Euskal Herriko hainbat telebista proiektutako ordezkari eta kudeatzaileak ezagutu ahal izango ditu interesa duenak.
Kliklap bideo lehiaketari dagokionez, larunbat eguerdian –urriak 1– jakinaraziko dituzte irabazleen izenak Arrosako zinema aretoan.