KLASIKOAK ASTINDUZ: Euskal konpositoreak

Ongi etorri KLASIKOAK ASTINDUZ gomendioen txokora! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta!

Musika Klasikoaren munduan pixkanaka murgildu gara azken hilabeteotan, eta dagoeneko ez gara hasiberriak materian, baina oraindik asko dugu sakontzeko. Gaurkoan, gurera begira jarri naiz, zeren musika klasikoa ez da Europako eszenatoki ponposoen kontua soilik; Euskal Herrian ere, sekulako musikariak izan ditugu (eta ditugu!). Txoko honetara etorri berria bazara, ez galdu aurreko atalak: musika klasikoa definitzen saiatu ginen, emakumeen presentzia ia anekdotikoa salatu genuen, musika apur bat entzuten hasi ginen klasikoetan klasikoenak deskubrituz, musika koralaz eta ahotsaren indarraz hitz egin genuen, hamaika bitxikeri eta burezurren misterio bat argitu genuen, eta Ennio Morricone eta soinu banden magia aztertu genuen.

Euskal Herrian musika klasikoa konposatu duten izen handiak ditugu, baina... baten bat burura etorri ote zaizu? Zoritxarrez, guztiarekin bezala, kanpokoa laudatzeko eta gertukoa ahazteko ohitura daukagu (leku gehienetan gertatu ohi den moduan). Izenak botatzen hasi aurretik, hona melodia batzuk; ezagunak egiten zaizkizue?

 

Melodia horietako bat gutxienez ezaguna egingo zaizue ziur! Bada jakin doinu horiek Euskal Herriko konpositoreek sortu zituztela. Baina, nolakoa da Euskal Herrian egin den musika klasikoa? Ez da erantzuteko galdera erraza, baina Euskal Herriko musikaz sakondu nahi baduzue iturririk onena ERESBIL musikaren euskal artxiboa bisitatzea gomendatzen dizuet. 

Euskal Herriko konpositore ezagunenak XIX-XX mende bitartekoak dira, eta normalean gertatzen den moduan, gordetako datu gehienek gizonezkoei egiten diete erreferentzia. Jarraian, izen handienetako batzuk: Pablo Sarasate (1844-1908), Resurreción Maria Azkue (1864-1951), Maurice Ravel (1875-1937), Aita Donostia (1886-1956), Jose Maria Usandizaga (1887-1915), Jesus Guridi (1886-1961), Pablo Sorozabal (1897-1988), Tomas Garbizu (1901-1989), Aita Madina (1907-1972), Francisco Escudero (1912-2002)...

Beharbada izen hauetako batzuk ezagunak egingo zaizkizue, baina ba al dakizue zer konposatu zuten? Esate baterako, goian jarri dudan bigarren abestiaren melodia ezaguna egingo zitzaizuen ziur; bada pieza hori Maurice Ravelen bolero ezaguna da. Bazenekiten Ravel lapurtarra zela? Musikaria mundu guztian egin zen famatua, eta Parisen bizi izan zen urte luzez, baina beti sentitu zen Euskal Herrira estuki lotuta, asko estimatzen zuen jaioterria: "Euskalduna den gauza orotan bada musika pittin bat...Ea Euskal Herrian maite dudan? Esango nuke Euskal Herria baino ez dudala maite". (Gazette de Biarritz, 1929ko irailaren 11).

Pablo Sarasate iruñearra, konpositorea izateaz gain, biolinaren birtuoso harrigarria izan zen. Hau ere munduan ezaguna egin zen, Europa eta Amerikan zehar ibilbide arrakastatsua izan zuen. Berak sortu zuen Pablo Sarasate Orkestra 1879an, bere jaioterrian, gaur egun Nafarroako Orkestra Sinfonikoa dena. Ara Malikian biolin jotzaile ezagunak izugarri estimatzen du Sarasateren musika, eta beti jotzen du bere piezaren bat kontzertuetan:

 

Jose Maria Usandizaga konpositore donostiarrari zor diogu euskarazko lehen opera; Mendi-Mendiyan. Berea da ere fama handia duen Las Golondrinas zarzuela; hil ondoren, Ramon Usandizaga egilearen anaiak opera bilakatu zuen, 1929an Bartzelonako El Liceun estreinatu zutena. Mendi-Mendiyan operari begiratu bat ematea gomendatzen dizuet, sekulako harribitxia baita!

Jesus Guridi gasteiztarra da ziurrenik Euskal Herriko konpositoreen artean ezagunena. Denetarik egin zuen; sinfonia, zarzuela, opera, zinemako musika... Bereak dira Mirentxu, Amaya eta El Caserío opera eta zarzuela ezagunak, eta baita Goiko mendian, Aldapeko, Ni ez naiz zomorrua eta Boga boga doinuak. Ez galdu El Caserío-rekin 1969an egin zuten filma!

Zerrenda etengabe luzatu genezake, baina oraingoz, azken konpositore bat aipatuko dut; Francisco Escudero. Zarauztar honek ere hainbat euskal opera konposatu zituen, tartean, Zigor eta Gernika. Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi zuen Arantzazu eta Evocación en Itziar obrekin. 1960an, Donostiako Banda sortu zuen. Bilbon aurkeztutako Zigor opera-lanarekin, berriz ere, Espainiako Musika Sari Nazionala jaso zuen. Gaurko sarrerarekin amaitzeko, Escuderoren kantu eder bat uzten dizuet, Izar Ederra; gozatu!