Klasikoa eta modernoa

Klasikoa eta modernoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klasikoa-eta-modernoa/@@download/image/Oihane1.jpg
2008/11/07
erreportajea
Oihana Egurtza


Mattin eta Pattin bi ur-tanta bezalakoak dira. Txikitan gehien maite nuen liburuaren aurreneko hitzak dira. Bixkiak ziren Mattin eta Pattin. Igual-igualak.

Ez Mattin eta ez Pattin, Amona Felixa eta Amona Karmen aurkeztu nahi dizkizuet. Mattin eta Pattin ez bezala, eguna eta gaua dira. Txuria eta beltza. Klasikoa eta modernoa direla esan genezake.

Egia esatera, hitzaren esanahi zehatzari erreparatuta, modernoa bere garaiari dagokiona da; garaikidea, euskara zuzenean. Baina gaurko begiz begiratuta, 80 urte-bueltako nire amonen kasuan, bere garaiari gehien zegokionari klasikoa deituko diot. Oraintxe azalpenak.

Klasikoa diot, ikasketarik gabeko emakumea delako Felixa. Baserrian jaioa. Gaztetan, neskame joana. Sukaldean trebea. Txukun josten du oraindik. Umeak, edadetuak eta gaixoak zaintzeko zientzia eta pazientziaduna. Bizi guztia lanean emanagatik ere, sekula soldatarik izan ez duen etxeko-andrea. Horri deitzen diot, amona klasikoa.

Eta beste aldean, amona modernoa. Karmen. Hiriko kaletarra. Unibertsitatean bi karrera ikasitakoa. Ikasle fina behar zuen oso. Literatura maisu batek Quijotea erregalatu zion treintaiseis-ean; hamabi urteko neska-motza besterik ez zenean. Dirurik ez eta, urrutira ikasi zituen Zuzenbidea eta Magisteritza. Maistra ez, baina Errenteriako Udaletxeko langile izan zen ezbehar batean txorkatila erabat bihurritu, eta ezgaitasuna eman zioten arte. 83 urterekin utzi zion egunero egunkaria irakurtzeari. Sukalderako ez zuen eskurik. Honi deitzen diot nik (bere garairako) amona modernoa.

Unibertsitatean hasi nintzenean, maisuen inguruan galdetzen zidan amona modernoak; abileziarik ba ote zuten guri jakinmina pizteko. Amona klasikoak beste kezka bat izaten zuen; ikasle-pisuan fundamentuzko otordurik egiten ote genuen.

Gaitzak ez du, ordea, klasiko eta modernoz ulertzen. Txuria eta beltza, biak jan ditzake. Eta hala egin zuen duela urtebete. Amona modernoa hestea lehertuta ospitalera eraman eta, hiru asteren buruan, hil zeneko urteurren-garaia da. Ez nituen alferrik egin, txikitan, amonarekin hainbeste ordu. Oroitzapen asko utzi dizkit; tartean, igual-igualak ziren bixkien liburua. Mattin eta Pattin bi ur-tanta bezalakoak dira….