Kitzikazank, kimu berriak Iparraldetik

Kitzikazank, kimu berriak Iparraldetik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kitzikazank-kimu-berriak-iparraldetik/@@download/image/2008634702Kitzikazank.jpg
2012/12/13
berria
TESTUA: Gaztezulo. ARGAZKIAK: Kitzikazank taldea.
Euskarazko antzerkia kimu berriak ematen ari da Ipar Euskal Herrian. Mattin Irigoien idazle eta antzerkigile beteranoak zuzentzen duen Kitzikazank taldea da iratzartze horren adibiderik onena. Larunbatean, ekainak 7, Kitzikazank-ekoek Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean antzezlanaren azken emanaldia egingo dute Hernaniko kultur etxean.


Gaur egun, Amikuzeko zazpi antzezle gazte ari dira Kitzikazank-en: Aña Arregi, Amaia Elixerri, Laida Harluxet, Battit Kastillon, Iban Lamark, Pettan Prebende eta Maitena Thikoipe. Taldeak hilabeteak eman ditu Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean antzezlana han eta hemen jokatzen. Besteak beste, Donibane Garazin, Aiherran, Baionan, Saran, Urdinarben eta Usurbilen arituak dira.  Larunbat honetan, Hernanin azken emanaldia egingo dute.  
Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean
lan umoretsua da, dena gatz eta biper, eta hasiera-hasieratik, atxiki egiten du ikuslegoa. Ironia, absurdoa, ametsak... denak dira baliagarri gai sakonez aritzeko: izan ere, ekologia eta natura dira antzezlanaren oinarriak. Bestalde, publikoarekiko hurbiltasuna da Kitzikazank-en helburu nagusietako bat, eta hori dela eta, askotan publikoaren erdian jokatu dute antzezlana, oholtzarik gabe, jendea inguruan jarrita.
Loreak mendian... antzezlanaren beste ezaugarri nagusietako bat bertsolaritza eta antzerkiaren arteko nahasketa bizia da. Bertsolariek zuzenean komentatzen dute obra, Mattin Irigoienek idatzitako testuari eta antzezle gazteen lanari begirada propioa emanez.
Hilabete hauetan, bertsolari ugarik parte hartu dute Kitzikazank-en emanaldietan, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Jesus Mari Irazu, Iñaki Zelaia, Sustrai Kolina, Kristine Txoperena, Ekhi Erramundegi, Jon Martin, Patxi Iriart eta Xiberoko Bertso Eskolako kideak, besteak beste. Ekainaren 7ko Hernaniko emanaldian, Beñat eta Unai Gaztelumendi ariko dira Kitzikazank-ekoekin batera. Emanaldia Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 19.00etan hasita.

Ikusi bideoan:
Kitzizank Gu ta Gutarrak taldearekin batera