Kirolarekin lotutako erronka birala: bost kilometro korrika egitea espazio txikietan

Kirolarekin lotutako erronka birala: bost kilometro korrika egitea espazio txikietan Hozkailu gainean, labe barruan edo hegazki bateko pasilloan korrika egiten saiatzen dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirolarekin-lotutako-erronka-birala-5-kilometro-korrika-egitea-espazio-txikietan/@@download/image/Black White Grayscale Portfolio Presentation.png
2026/05/12

Testua: Maitane Legarreta

Hozkailu gainean, labe barruan edo hegazki bateko pasilloan korrika egiten saiatzen dira.
Kirolarekin lotutako erronka birala: bost kilometro korrika egitea espazio txikietan

Jende askok partekatzen du sareetan kirol jardueren inguruko informazioa: ibilbideak, markak, errekorrak... Orain, ordea, gero eta ikusgarriagoak diren ekintzak egiteko joera zabaltzen hasi da. Ikusmina eragiten duten mugako jardueren inguruko erronkak ari dira sortzen. 

Horri lotuta, jendea leku txiki eta ezohikoetan korrika egiten agertzen den bideoak ari dira zabaltzen Instagramen eta TikToken. Korrikalari edota eduki sortzaileak bost kilometroko lasterketak egiten saiatzen dira toki sinestezinetan, esaterako, hegazkin bateko komunean edo bainuontzian. Entrenamendu aplikazioetan erregistratutako infografiak ere erakusten dituzte askok, zer nolako ibilbide nahasiak sortzen diren ikusteko. Izan ere, besoekin eta hankekin egindako mugimendu txikiak ere jasotzen baititu.

Erronka berri honetan erabat murgilduta dago Jacob Cohen eduki sortzailea, sareetan @notreallywellness izeneko profila duena. Urriaz geroztik, bost kilometroko lasterketak egiten ditu leku pentsaezinetan: ontzi-garbigailuaren edo labearen barruan, hozkailuaren eta sabaiaren arteko tartean, igerilekuan, bi oheren gainean, kaiola batean, banku batean... Mota guztietako txokoak eta gainazalak aprobetxatzen ditu horretarako.

Izan ere, sasoian egotearen inguruko edukiak arinagoak izatea nahi du eduki sortzaileak. Argi uzten du mugitzeko ez dela toki handirik behar, guztiak apropos-aproposak ez diren arren. Mota honetako bideoekin aurrez publikatatutako edukiekin baino askoz ikustaldi gehiago lortu ditu. TikTokeko erabiltzaileen arreta bereganatu du beraz.

Cohenen bideoak ikusita, Wyatt Gillespiek etxe aldaketarako kamioi batean zihoala bost kilometro egiteko erronka jarri zion bere buruari. Hark azaldu duenez, hiru minutuz aritu zen korrika, eta ezin izan zuen jarraitu, kamioiaren mugimenduekin pareten kontra indarrez jotzen zuelako behin eta berriz.

Joera honek jakin-mina eta miresmena sortu du batzuengan, eta ikustaldi ugari lortu dituzte halako bideoek. Beste batzuek zalantzan jarri dute horren zentzua eta benetan ibilbide hori egiten duten galdetzen dute. Gailuek mugimendu soila erregistratzen dutenez, besoa mugitzea nahikoa dela uste dute eta, beraz, emandako datuak ez direla zuzenak edo fidagarriak.  Horretaz gain, "benetako mugimendurik" ez dagoenez, hori ez dela korrika egitea adierazi dute sare sozialetako zenbait erabiltzailek.

Argi dago ikusmira sortu duela, muturreko egoera edo jardunbideekin gertatu ohi den moduan. Hori bai, mugitzeko gauza handirik ez dugula behar ere nabarmendu dute.