Kirola, guztion eskubidea

Kirola, guztion eskubidea ARGI DAGO KIROLA EZ DELA NOLANAHIKO EKINTZA, GIZATIAR EGOERAREN SINTESI POSIBLE ONENA DELA ESAN LITEKE. KIROLEAN KONTAKIZUNEK GAINEZKA EGITEN DUTE: TALKA, NORGEHIAGOKA ETA GATAZKA TOPATU DAITEZKE; BAINA BAITA LAGUNTASUNA LEIALTASUNA ETA ONTASUNA ERE. EKINTZA FISIKOA PERTSONA ORORENTZAT, URRITASUN FISIKO, PSIKIKO EDO SENTSORIALA EGONDA ERE, ESKUBIDE ETA BEHAR BAT DELA ARGI DAGO. BAINA, PERTSONA BATEN BEHARREI EGOKITUTAKO KIROLAK KONTUAN HARTZEN AL DIRA? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirola-guztion-eskubidea/@@download/image/ERRUGBIA_IMG_5346.jpg
2019/04/02

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Argazkiak: Paco Roldán

ARGI DAGO KIROLA EZ DELA NOLANAHIKO EKINTZA, GIZATIAR EGOERAREN SINTESI POSIBLE ONENA DELA ESAN LITEKE. KIROLEAN KONTAKIZUNEK GAINEZKA EGITEN DUTE: TALKA, NORGEHIAGOKA ETA GATAZKA TOPATU DAITEZKE; BAINA BAITA LAGUNTASUNA LEIALTASUNA ETA ONTASUNA ERE. EKINTZA FISIKOA PERTSONA ORORENTZAT, URRITASUN FISIKO, PSIKIKO EDO SENTSORIALA EGONDA ERE, ESKUBIDE ETA BEHAR BAT DELA ARGI DAGO. BAINA, PERTSONA BATEN BEHARREI EGOKITUTAKO KIROLAK KONTUAN HARTZEN AL DIRA?
Kirola, guztion eskubidea

Urumea ibaiaren ertzean kokatzen den Hernaniko Landare errugbi zelai mitikoan elkartuko gara Jon Insausti Hernani Errugbi Inklusiboko arduradun eta egitasmo honen sustatzaile nagusienetakoarekin.

Zein norabidetan lantzen da inklusibotasuna Euskal Herrian?
Gaur-gaurkoz, bi norabidetan lantzen dela esan daiteke: batetik, aniztasun funtzional eza duten inguru batean esperientziak partekatzen dituzte aniztasun funtzionala dutenekin; eta, bestetik, aniztasun funtzionala ez duten umeak, aniztasun funtzionala dutenekin ibiltzen diren klubak.
Umetan, ikastola garaian, pertsona baten beharrei egokitutako eta ekintza bat burutzeko gorputzak behar dituen mugimenduak moldatzen diren kirolak kontuan hartzen al dira?
Kirola, balore asko biltzen dituen jarduera da: esfortzua, errespetua, talde lana… Gure ustez, lehiakortasuna balore horietako bat besterik ez da. Kirolean betidanik lehiakortasuna beste balore guztien gainetik jarri izan da. Arerioak gailendu behar izate horrek emaitzei pertsonei baino balio handiagoa ematera eraman gaitu, eta bide horretan pertsonen beharrak alde batera gelditu direla uste dut. Kirolak berezkoak dituen balore guztiak erabiliz, lehiakortasuna barne, pertsonen hezkuntza integralerako oso baliagarria izan daiteke.
Zergatik diozu pertsonen beharrak alde batera gelditu direla?
Urritasuna duten haurrak heziketa fisikoko klaseetara ez joatetik –beldurraren eraginez again– sortzen den arazo hori hor dagoelako, errealitate bat da. Askok pentsatzen dute heziketa fisikoa eta kirola gauza bera direla. Uste horrek lehen aipatutakoa dakar berriro ere azalera, hau da, emaitzek pertsonek baino garrantzia handiagoa dutela, eta urritasunek emaitza horiek lortzen laguntzen ez dutenez, zuzenean baztertu egiten ditugu, edo kasu askotan, beraiek dira euren burua baztertzen dutenak. Heziketa fisikoa pertsonen garapenaren beste alor bat da, garapen intelektuala edo soziala bezain garrantzitsua, beraz, denontzat bermatua egon beharko luke.

“Aniztasun funtzionala ez dutenak”, “urritasuna duten pertsonak”... Garrantzitsua da termino egokia erabiltzea?
Errealitate honekin bizi ez diren pertsonek terminoekin erotuak gaudela pentsatzea ulertzen dut, baina egunerokoan erabiltzen ditugun terminoak, gizarteak pertsona hauek nola tratatzen dituen isla da. Orain iraingarria dirudien arren, duela ez hainbeste, nolabaiteko urritasuna zuten pertsonei “subnormal” edo “atzeratuak” deitzen genien eta zentro berezietan sartzen genituen, gizartetik guztiz baztertuak. Azken urtetan “ezinduak”, “ez gaituak”, “urrituak”… erabiltzen hasi gara. Egia da aurreko terminoekin alderatuta aurrerapausoa nabarmena izan dela, baina oraindik ere hizkera honen bidez pertsona hauek ezin dutena egin nabarmentzen jarraitzen dugu, egin ditzaketen gauza asko alde batera utzita. Zentro horietatik atera ditugu, baina urritasun hori nabarmentzeak oraindik ere guztiz onartzen ez ditugula agerian uzten du. Gizartean integratuta daude, baina ez dituzte beste guztiok ditugun aukera berdinak izaten.


HERNANI ERRUGBI INKLUSIBOA

Zergatik errugbia?
Esango nuke, errugbia bezalako kirol gutxi egongo direla inklusiboaren kontzeptu hau hain ongi eramaten jakin izan dutenak. Batzuk borroka, basakeria eta istiluekin lotzen duten ekintza den bitartean, ikaskuntza, kirol izpiritua, heziketa, elkarkidetza eta dibertsioa uztartzeko gaitasun harrigarria duen kirola dela konturatuko zarete.
Nola eta zergatik sortu zen Hernani Errugbi Inklusiboa proiektua?
Aspalditik klubak inguruan izaten ziren beste herri ekimenetan parte hartu izan du: euskararen inguruan, sexu berdintasunean, etorkinekin… Beraz, lehendik ere gizartearekiko nolabaiteko ardura bagenuen eta kolektibo honek aukera handiak ez zituela ohartu ginen. Geroztik, zenbait aldizkaritan irakurri nuen Gasteizko Gaztedi taldeak talde inklusibo batekin Ingalaterrako mundial inklusiboan parte hartu eta saria ekarria zuela, eta Hernanin antzeko ekimen bat martxan jartzeko gogoa piztu zitzaidan. Esan bezala, banekien klubean laguntza ez zitzaidala faltako eta ingurukoei nire asmoa zabaldu. Jon Zumalaberen eskutik falta zitzaidan bultzada jaso nuen. Bion artean proiektua idatzi genuen, atez ate ibili ginen erakunde batetik bestera eta Gasteizera bidaien bat egin ondoren, hementxe gaude, gure 3. denboraldian.
Proiektuaz ari garela, zenbatek osatzen duzue lantaldea?
Hiru urte hauetan sare sendo bat sortu dugu, 40-45 lagun izango gara zelaira irteten garenok. Entrenamenduetan, aldiz, 30 bat lagun, batez beste. Guztiok jokalariak izan arren, talde barruan bi rol bereizten ditugu: jokalariak, aniztasun funtzionala dutenak –une honetan 21 pertsona inguru– eta dinamizatzaileak, 20-25 inguru –hauek jokatzeaz gain, jokalariei zelai barruan behar duten laguntza ematen dietenak dira–. Neska eta mutilak elkarrekin jokatzen dugu eta zelaian beti dinamizatzaile bat izaten dugu jokalari bakoitzeko. Hau aurrera eramateko lan talde tekniko bat dugu, Irati Ormazabalek, Aritz Otaegik, Jon Zumalabek, Andoni Lizeagak eta nik neuk osatzen duguna. Zelaiko lanaz gain, jokalarien gurasoek eta klubeko zuzendaritzak taldea finantzatzeko baliabideak bilatzen dituzte. Gainera, elkarte gastronomikoaren zuzendaritza lantaldeak taberna irekitzen digu entrenamenduetan eta partidetan elkartzen garen bakoitzean. Guzti hau koordinatzeko guraso, jokalari, dinamizatzaile eta zuzendaritzako kidez osatutako talde bat sortu dugu.
Kirol talde batean pertsona bakoitza desberdina izanik, zuen kasuan desberdintasun hori are nabarmenagoa al da?
Pertsona guztiak desberdinak gara bata bestearekiko eta gure kasuan ere horrela da. Guregana hurbiltzen den inori ez diogu diagnostikorik eskatzen, berdin zaigu zein abizen daraman atzetik (Downen sindromea, autismoa…). Errugbian aritzeko behar duen laguntza ematen saiatzen gara, besterik ez.
Zein adin-tartekoak dira jokalariak?
14 urtez gorakoek hartzen dute parte talde honetan. Hasieran 14 urte azpiko taldea ateratzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Orain gaztetxoak errugbi eskolara bideratzen hasi gara, benetako inklusioa eman dadin, eta oraingoz kasu asko izan ez baditugu ere, esperientzia oso positiboa izaten ari da.
Aldaketarik nabari da beraien jarrera pertsonalean edo eguneroko bizitzan? Kirolak “on” egin al diela uste duzue?
Agian ni ez naiz hau erantzuteko pertsonarik aproposena eta kanpoko norbaitek erantzun beharko luke, baina egia da gurasoek diotenaren arabera, onura ugari egon dira kasu askotan. Neska-mutil bakoitzarekin errugbi teknikarako gaitasunak lantzeaz gain, sozializazioari, autonomiari eta egokitzapen fisikoari ere arreta jartzen diogu. Kasu askotan, talde baten partaide izateak beraien buruaz duten irudia eta autoestimuan hobekuntza handiak ekarri ditu. Beste kasu batzuekin aldageletan bakarrik moldatzeko lanean gabiltza eta beste askotan kirol ohiturak eta ohitura osasuntsuak barneratzea lortu dugu.

Zer nolako zailtasunak ditu urritasuna duten pertsonek ez dutenekin talde berean bateratzeak?
Argitu behar dut gure proiektuaren xede nagusia ez dela talde barneratzailea sortzea, gure kluba eta errugbia orokorrean barneratzailea bilakatzea baizik. Hau da, lehen unetik gure asmoa aniztasun funtzionala duten pertsonek errugbian jokatzeko ateak ireki eta egokitzea izan da; beste guztien moduan, bere dohainak eta ahaleginek markatzea pertsona horrek zein mailatan jokatuko duen eta ez zerbait diagnostikatuta izateagatik ateak ixtea eta ahaleginik egiten ez uztea. Egia da gaur egun hau aurrera eraman ahal izateko traba ugari daudela, federazioak eta aseguru etxeak ez dira fitxa federatiboak egitera ausartzen, esaterako.  
Zerk eskatzen du talde bat inklusibotasunaren ikuspegitik entrenatzeak?
Hernaniko lehen taldeko entrenatzaileetako bat ere banaiz eta biak entrenatzeko modua oso antzekoa da bietan. Bi taldeetan jokalariek laguntza izaten dute eta nire lana jokalariak ahal dudan hoberen ezagutzea eta bakoitzari dagokion erantzunik egokiena ematean datza. Beraz, bai, berdin jokatzen saiatzen naiz, baina segur aski talde inklusiboarekin pazientzia handiagoa behar dut –barrez–.
Euskal Herri mailan talde gehiago daude?
Ba, Euskal Herrian badira talde gehiago: Gaztedi taldea Gasteizen, errugbi inklusiboaren aitzindaria; Bizkaian, Unibertsitario Bilbao eta Getxo; eta Gipuzkoan, Hernani. Hala ere, entzuna dut beste zenbait lekutan lehen pausoak ematen hasiak direla. Iaz topaketa batzuk antolatu genituen Bilbon, Gasteizen eta Hernanin. Aurten antzeko lan bat egiteaz gain, txapelketa moduko bat formalizatzeko ahaleginak egiten ari gara.
Zein da Euskal Herritik kanpoko egoera?
Europa mailan denbora gehiago daramate lanean, Erresuma Batuan batez ere. 2017an Gasteizen burutu den errugbi barneratzaileko mundialean egoteko aukera izan genuen, eta bertan eredu asko ikusi eta ezagutu genituen.
Zerbait aldatzeko beharrik ala laguntza faltarik sumatzen duzue?
Galdera hau agian aurreraxeago egin beharko zenidake. Nire ustez, gizartea eraikitzea guztion lana da eta, horretarako, horrelako ekimenak herritarrok sortu behar ditugu. Orain arte, gu fase horretan egon gara eta gehienbat baliabide pertsonalak behar izan ditugu. Egia esan, erantzuna paregabea izan da bai klub barneko taldekideengandik, bai guregana hurbildu diren pertsonengandik eta bai jo ditugun erakundeengandik: Atzegi, Pausoak, Gautena, Gipuzkoako kirol egokituko federazioa eta abar. Behin egitasmoa sortuta dagoenean Administrazioak eta beste erakundeek jarraipen bat egin beharko luketela uste dut, eta gustukoa izanez gero, bultzada bat eman. Orain, fase horretan murgiltzen hasi gara, proiektua hazten doan heinean beharrak ere hazi egiten direlako. Orain arte moldatu izan gara, baina hemendik aurrera baliabide gehiago bilatzeari ekin diogu. Zortea izatea espero dut!

KONTZEPTUAK ARGITUZ

INKLUSIBOA VS. EGOKITUA
Badira inklusibo eta kirol egokituaren arteko ñabardurak. Sustraietatik okertzeko joera izaten duen jarrera hori, aurrerago, zuzentzeko erraztasun edo baliabideak existitzen diren jakiteko asmoz, kirol inkusiboa ala barneratzailea izeneko ekimenean murgildu gara. Baina, honetan garrantzitsua da kontzeptuak ez nahastea; Kirol egokitua: kirol diziplina konkretu bat urritasuna duten pertsonei egokitzeari deritzo. Kirol inklusiboan, aldiz, urritasuna duen pertsona, urritasun-eza duten pertsonekin batera aritzen denean ematen da. Kasu honetan pertsonak kirolari egokitzen dira, eta bestean alderantziz.


ANIZTASUN FUNTZIONALA
Termino hau desgaitasunaren alternatiba da eta ukitutako pertsonek eskatuta hasi zen erabiltzen. Esapidea 2005ean proposatu zuen Bizi Independentearen Foroaren (FVI) baitako desgaitasuna duten pertsonen komunitateak. Beste batzuk ordezkatzeko helburuz, beraien semantika mespretxukoa izan daitekeelako.

 

HIRUGARREN ZATIA
"Football is a gentleman's game played by thugs and rugby is a game for thugs played by gentlemen" ("Futbola basatiek jokatzen duten zaldunen jokoa da; errugbia, berriz, zaldunek jokatzen duten basatien jokoa") esaldi ezaguna ezin hobeto ahokatzen da hirugarren zatia deiturikoa ezagutzen dugunean. Errugbi zaleoi ezaguna egingo zaizue termino hau. Partidua amaitzean, parte hartzaile guztiak (aurkariak barne) etxeko taldearen elkartean lagun giroan batzen dira, mokadutxo batzuk hartu, eskuan garagardo ala edari batzuk dauzkatela.