Kirola barra barra

Kirola barra barra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirola-barra-barra/@@download/image/46p20-1.jpg
2004/11/05
erreportajea
Unai Brea
Kirola barra barra
Kirola egiteko garaia da. Egia esan, edozein garai da ona. Dena dela, ikasturtea hasia delako edo laster urte berrian sartuko garelako, batzuk kiroldegira hurbildu dira edo laster hasiko dira hurbiltzen. Zatoz kiroldegietako eskaintza ezagutzera. Kirola egitea —tamainan egitea, noski— osasuntsua baita beti. 

Gauza asko egin daiteke kiroldegietan, baina ezin da denetan denetik egin, jakina. Arruntena gimnasioa izaten da, eta bertan eskaintza zabala izan ohi da. Gimnasioan, ariketa anaerobikoak eta aerobikoak topatuko dituzu. Lehenengoek giharrak indarzen dituzte, eta une labur batean esfortzu handi samarra egitea eskatzen dute. Ariketa anaerobikoen adibiderik garbiena pisuak jasotzea da.

Aerobikoak, berriz, kiloak jaisteko baliagarriak dira eta gaitasun kardiobaskularra areagotzen dute; esfortzu iraunkorragoa egin behar da. Hortxe ditugu, gimnasioetan ugari, bizikleta estatikoa, oinez edo lasterka ibiltzeko zintak, arraunean egiteko makinak... 

Ariketa aerobikoen artean, izenak argi dioenez, aerobika dago. Tradizio handiko kirola dugu honakoa. Zer da aerobika? Musika bati jarraituz, irakasleak agindutako mugimenduak egitea. Pisua galdu eta sasoian egon nahi badugu, aerobika oso kirol egokia da.

Kiroldegietako eskaintza aztertzen jarraituz, izen “arraro” samarrak ere baditugu; Total body conditioning izeneko jarduna —gorputz osoaren egokitzapena—, esaterako. Aerobikaren antzeko helburua du —sasoian jartzea— eta gorputz osoa lantzen da bertan: ipurdia, abdomena, hankak, izterrak eta besoak, besteak beste. Kontua indarra hartzea eta giharrak sendotzea da. Total body conditioning-ak aerobik eta step ariketak —oholtza baten gainean egindakoak— nahasten ditu.

Ingelesezko -ing atzizkidun kirol gehiago ere bada. Stretching-a dugu haietako bat. Baina erne, ez zaitzatela izenak lilura; stretching-a, funtsean, betiko luzatze ariketak egitea baita. Jardun honetan ez dago tramankuluen beharrik, baina ezinbestekoa da begiralearen argibideak jarraitzea, badaezpada ere.

Spinning-a
ere moda-modan dago. Jardunbide berri hau bizikleta estatikoan egindako aerobika da. Spinningean, begiraleak uneoro zer egin adierazten du, bizikletak eskainitako aukerak baliatuz: orain ordeka balitz bezala, orain maldan gora… Ariketa aerobikoa da eta musikaz lagunduta egiten da.

Azken moda uretako spinninga da. Baina kiroldegi guztietan ez dute horrelako eskaintzarik. Izan ere, bizikleta berezi eta, hortaz, garesti samarrak behar dira.

Uretan beste kirol batzuk ere egin daitezke. Horra hor, aqua fitness delakoa. Birikak eta bihotza sendotzeko egiten da, eta igeriketa eta aerobik ariketak uztartzen ditu. Aqua fitnessa aerobika baino kirol lasaiagoa da, edo ez hain gogorra, behinik behin. Beraz, aerobika gogorregia iruditzen bazaizu, hona hemen beste aukera bat.

Igerilekua
kiroldegi askoren osagai nagusietakoa da. Nor bere kabuz ibiltzeko erabil daiteke edo kiroldegiak berak eskainitako ikastaroren bat hartzeko —lehen aipatutako aqua fitness edo spinning ikastaroak, igeriketa ikastaroak…— . Adituen arabera, bizikletan ibiltzea eta igeriketa kirol osoenak dira. Igeri eginez, esaterako, gihar asko landu eta gorputz adar asko mugitzen dira: hankak, besoak, abdomena, ipurdia… Batez ere, sasoian egoteko egin ohi da; igeri eginez, oro har, ez da pisua galtzen. Beste abantaila bat ere badu: nork bere erritmoa ezar dezake.

Dancea

Gimnasioa eta igerilekua kiroldegi askoren oinarrizko bi zutabeak izaten dira, baina gehiago ere bada: rokodromoa, squash-a, yoga… Dena dela, azken boladan dantza ikastaroak nagusitzen ari dira. Areto-dantzek eta Karibekoek dute arrakasta handien. Halaere, eskaintza  zabalagoa da: balleta, orain oso modan dagoen kapoeira brasildarra, jazza… Dantza hauen bitartez, kirol ariketa errazak egin daitezke, gorputza musikaren erritmoan mugitzen den bitartean.

Eta borroka arteak
Borroka arteak aspaldi iritsi ziren kiroldegietara: karatea, kung fu-a, taekwondoa, kenpoa… Hala ere, azken urteotan, arteotako bi nagusitu dira: aikidoa eta taichia. Lehenengoa kirol gogorra da, izan ere, kirolariek aurkari askori batera aurre egiten ikasi behar dute, eta jakina, hori ez da gauza erraza. Gorputza indartzea ez da aikidoaren helburu bakarra, ordea; borroka arte honek gorputza eta burua lantzea ere badu xede. Taichiak ere helburu bera du, baina aurrekoa baino askoz lasaiagoa da. Funtsean, osasunarentzat onuragarriak izan daitezkeen mugimendu multzo harmoniko bat garatzen du taichiak, eta kirol lasaiak atsegin dituztenentzako jarduera aproposa da.

Zaindu elikadura



Sasoian egoteko, kirola egiteaz gain, elikadura zaindu behar da. Alferrik da kiroldegian izerdia botatzea, handik irtendakoan sabela litxarkeriz betetzen badugu… Teoriak dioenez, kirolariek sarriago jan behar dute, baina gutxi aldiro. Horrek liseriketa errazten omen du, eta beraz, jandakoak mesede handiagoa egiten du. Adituen arabera, onena bost otordu egitea litzateke.

Gosaria ez da normalean egiten dugun bezain arina izan behar, eta proteina ugari izan behar du. Afarian, berriz, proteina gutxi eta karbohidrato asko jatea da onena, horrek loa errazten duelako. Oro har, koipe gutxi jan behar da, eta ahal den heinean landareetatik —eta ez animaliengandik— eratorritakoa hartu behar dugu. Arrain koipeak, hala ere, gomendagarriak dira, besteek ez dituzten hainbat ezaugarri dituztelako.

Eguneroko dietaren ezinbesteko beste osagarri bat zuntza da. Gainera, azukre arrunta eta gatza neurriz hartu behar dira. Eta jakina, edateko, freskagarriak edo alkohola baino, ura.

SPA guneak; horiek bai pagotxa!


Kiroldegi asko sauna, masajea, hidromasajea eta antzekoak ere eskaintzen hasi dira. Koldo Elorrieta Sopelako udal kiroldegiko zuzendariak dioskunez, “SPA guneak gero eta zabalduago daude: masajea eta sauna, lurrunezko bainuak, ur-txorrotak, dutxak…”. Lehen bainuetxeetan baino ez zegoen zerbitzua kiroldegi arruntetara iritsi da, eta askok eskertu egin dute, noski. Ariketa egin ondoren, hidromasaje eder bat hartzea sekulako gozamena baita. Izan ere, hidromasajeak giharren tentsioa gutxitu eta odolaren zirkulazioa hobetzen du. Ez dago batere gaizki lantzean behin norbere buruari horrelako bat errezetatzea.

Gutxik hartzen dute sauna edo hidromasajea besterik gabe. Batzuek igerilekuan jardun eta gero erabiltzen dituzte, beste batzuek aurretik, inork gimnasioan izerdia bota ondoren… Hala ere, ez pentsa edozein kiroldegitan aurkituko dituzunik zerbitzu hauek. Halako gauza modernoak astiro ezartzen dira; kiroldegi apalenetan, batik bat.   

Udal kiroldegiak, arrakastatsuak



Euskal Herriko udalerri askok dute kiroldegia. Denak ez dira berdinak, noski, eta normalean handiagoak izaten dira udalerri handietan. Oro har, ordea, eskaintza zabala dute egunero, ordu batzuk gorputza zaintzen pasatu nahi dituztenentzat. Eskaintza zabala ordutegiari ere badagokio. Eta zenbaitetan asteko zazpi egunetan ere egoten dira zabalik. Gainera, ohiko gimnasio pribatuak baino merkeagoak izan ohi dira.

Herritarren eskariak sortu du, hein handi batean, udal kiroldegien beharra. Horixe gertatu zen Sopelan, esaterako. Bizkaiko herri honetako  kiroldegiak duela urte eta erdi zabaldu zuten. Sopela, Barrika eta Urdulizko herritarrei zuzenduta dago —gainerakoek ere erabil dezakete, nahi izanez gero, baina gehiago ordainduta—; hiru herrien artean 15.000 biztanle inguru dituzte guztira, eta kiroldegiak 8.000 bazkide ditu. Udal kiroldegien arrakasta ederto adierazten duen adibidea da, zinez. “Hona datozen gehienek lehendik ere kirola egiten zuten”, dio Koldo Elorrieta Sopelako udal kiroldegiko zuzendariak. “Udalari behin eta berriz eskatu diote kiroldegia sortzea, eta presio horrek, azkenean, etekina eman du”.