Kirol nutrizioan izaten diren gabeziak zuzentzeko 'Menuba' aplikazioa sortu dute
“Nutrizio heziketaren gabezia” betetzeko sortu du Ignacio Escribano Ott Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta saskibaloiko entrenatzaile eta nutrizionistak kirol horrekin lotutako Menuba aplikazioa. "Nutrizioak oneratzeko eta kirol errendimendua optimizatzeko" berebiziko garrantzia duela nabarmendu du, eta saskibaloian bereziki, mugimendu azkar, bat-bateko eta errepikatuak izaten direlako, eta jokalariek ahalegin handia egin behar izaten dutelako.
"Kirolariek kirol nutrizioari buruzko ezagutza eskasa eta desegokia" izaten dutela ohartarazi du, eta "horrek haien errendimendua eta osasuna konprometitu ditzakeela". Laguntza profesionalik eza, denbora kudeatzeko zailtasunak eta ezagutzarik eza dira saskibaloi jokalariek, adituen gomendioen ildotik, jokabide osasungarriak garatzea eragotz dezaketen oztopo nagusiak. Aplikazio honen bidez, horretan laguntzea da asmoa. Escribanoren hitzetan, “Menuba-k modu arin eta berritzailean hurbiltzen ditu zientziaren arloan garatutako ezagutzak, teknologia berrien bidez”.
Artikulu zientifiko bat ere argitaratu berri du Escribanok, bere doktorego tesiaren baitan: A Glimpse of the Sports Nutrition Awareness in Spanish Basketball Players. Ikerlanaren helburu nagusia kirol nutrizioari buruzko ezagutzak eta praktikak deskribatzeko ikerketa bat egitea izan da, Espainiako saskibaloi jokalarien lagin bat hartuta –18 urtetik beherakoak, profesionalak ez direnak, zein heldu profesionalak–. Lortutako emaitzen arabera, nutrizio espezifikoaren ezagutza eskasa dago kategoria eta maila guztietan. Ignacio Escribano Ottek adierazi duenez, “ezagutzek aurrerago ohitura bihurtuko diren portaerak azaltzen dituzte. Hala ere, ezagutza falta hori dela eta, egokiak ez diren nutrizio jokabideak eta praktikak hartzen dira, eta horrek osasuna eta kirol errendimendua arriskuan jar ditzake”.
Escribanok artikuluan azaldu duenez, "saskibaloi jokalarien nutrizio ezagutzak, praktikak eta portaerak ez datoz bat adituen gomendioekin". Aurkikuntza horiek iradokitzen dute kirolarien osasuna arriskuan egon daitekeela, eta muturreko egoeretara irits daitezkeela; hau da, energiarik ezera edo gehiegizko energiara. Gainera, nutrizio gehigarriak gaizki kudeatzea eta hautatzea dakarten mezuak jasotzen dituzte, eta elikatzeko kantitatea, mota eta unea oker aukeratzen dituzte; horrek guztiak eragin negatiboa du beren kirol errendimenduan".
Menuba aplikazioa Google Play Storen eskura daiteke doan eta, laster, Apple Storen kaleratuko da iOS-erako.


