Kirol jarduerak eta lantegiak izango dira aste honetan Iruñeko Gaztediaren Etxean

Hamaika plan programaren barruan hainbat jarduera egingo dituzte egunotan ere Gaztediaren Etxean. Antzerki-lantegia, Core+luzaketak egiteko saioa eta mugikorrarekin selfieak hobetzeko trikimailuei buruzko lantegia sartu dituzte egitarauan. 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduerak dira, aisialdi inklusiboa bultzatze aldera, eta "gazteen gustu eta kezkei irekia".
Atzo, asteartea, Comercial Dance saioa egin zuten eta gaur, berriz, antzerki-lantegia izango da. Xabier Flamarique eta Jaione Urtasun bertaratzen direnen bat-batekotasuna, sormena eta irudimena sustatzen saiatuko dira, ahozko eta keinuzko trebetasun eta abileziak garatuz eta antzerkia erabiliz hezkuntzarako tresna eta adierazpen-tresna gisa.
Bihar, osteguna, Core eta luzaketen saioa izango da. Gorputz-enborraren erdiko gunea landuko dute: abdominalak, lunbarrak, pelbisa, gluteoak eta bizkarrezurreko muskulu sakonak, eta amaitzeko, gorputz osoko luzaketak. Joanes Sagarzazu entrenatzaile pertsonalak emango du saioa, euskaraz.
Azkenik, ostiralean, mugikorrarekin selfie hobeak ateratzen ikasiko dute gazteek. Gailu mugikorren erabilera fintzen ikasiko dute parte-hartzaileek. Mikel Tolosanak nahi duten kalitatea lortzen irakatsiko die trikimailu eta arau errazen bidez.
Gaztediaren Etxean izango dira saioak, 19:00etatik 20:30era, doan. Interesa dutenei bertaratzeko deia egin diete, ez baita beharrezkoa aurrez izena ematea.