Kirmen Uriberen Udako liburuak

Kirmen Uriberen Udako liburuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirmen-uriberen-udako-liburuak/@@download/image/65p40-1.jpg
2006/07/07
erreportajea
Kirmen Uriberen Udako liburuak


Alessandro Baricco, "Zeta" (Igela, 2004)
Erraz irakurtzen den nobela horietakoa da "Zeta". Baina ez eskasa. Maitasun istorioa kontatzen du, zetazko harren bila Japoniara joaten den gizon batena. Kapituluak labur-laburrak dira, eta poemen egitura dute. Japoniako pintura bezala, soil-soila da liburua, beharrezkoak diren hitzak ageri dira, besterik ez. Arratsalde batean irakurtzeko modukoa.

Joseba Sarrionandia, "Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak" (Pamiela, 1988)

Poesiarekin maitemintzeko liburua. Niri halaxe gertatu zitzaidan, behintzat. Joseba Sarrionandia idazle handia da, eta baita irakurle handia ere. Horren adibide da liburu hauxe. Greziar arkaikoetatik hasi, eta gaur egunera arte, tradizio askotako poemak itzuli eta ekarri ditu liburura. Eguneroko bizitzan, seguru poema bat baino gehiago baliagarri izango zaizuela.

Paul Auster, "Brooklyngo erokeriak" (Alberdania, 2006)

Ahalegin handia egin du Alberdania etxeak liburu hau itzuli eta argitaratzean. Lehen aldia da, idazle garaikide baten obra batera ateratzen dela gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz. Amerikako Estatu Batuetako idazlerik ezagunenetakoa izango da Paul Auster. Europan behintzat, bai. Austerrek hiru gauza maite ditu, batez ere: New York, detektibeen nobelak, eta bizitzako kasualitateak. Gauza horiek gustuko badituzue, hauxe da zuen idazlea.

Koldo Izagirre, "Teilatuko lizarra" (Susa, 2006)

Liburu honetan, kanten letrak bildu ditu Koldo Izagirrek. Maisua da Izagirre lan horretan. Molde klasikoak hartzen ditu, koplak eta bertsoak, eta zaharberritu, haize berria ekarri. Idazle kritikoa eta kultua, irakurleak gozatu ederra hartzen du hizkuntza nora darabilen ikustean. Beti du gordean sorpresaren bat.

Harkaitz Cano, "Neguko zirkua" (Susa, 2005)

Canoren azken proposamena. Beti bezala, freskoa eta desberdina. Oso gustuko duen jeneroa aukeratu du, ipuina. Izan denaren eta izan litekeenaren arteko mugan ibiltzea du gustuko Canok. Literatura eta jolasa eskutik helduta.

James Barrie, Peter Pan (Alberdania-Elkar, 2003)

Hau bezalako hautaketetan, beti izaten dut gomutan idazle klasikoren bat. Klasiko batek ez dizue sekula huts egingo, zerbaitegatik bizi izan dira-eta horrenbeste urtez. Barrieren liburua zoragarria da ezbairik gabe, eta, filmetatik edo telebistatik ezaguna egingo zaizuen Peter Panen benetako neurria ematen du. Egun ere bizi-bizi dauden gizarteko kezkak ageri dira liburuan. Irudimena oso garrantzitsua da Barrieren testuetan, baina ez irudimen inozoa, askatzailea baizik.