Kirmen Uribe: "Gauza txikiek dute benetako garrantzia"

Kirmen Uribe: "Gauza txikiek dute benetako garrantzia" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirmen-uribe-quotgauza-txikiek-dute-benetako-garrantziaquot/@@download/image/40p16-1.jpg
2004/04/02
elkarrizketa
Igor Arizmendiarreta
Kirmen Uribe, Ondarroan jaio zen 1970ean. Lau liburu idatzi ditu, eta azkenarekin, "Bitartean heldu eskutik", Espainiako Kritika Saria irabazi zuen. Gasteizen bizi da egun, eta azken boladan, "Zaharregia, txikiegia abian" ikuskizunarekin buru belarri dihardu.

Ez da ohikoa Kirmen izena, ezta?
Ez, egia da. Garai batean euskal izenen zerrenda bat bidali zuten Venezuelatik Ondarroara. Izen haietako bat Kirmen zen. Kirmen izenak leiala edo fidela esan nahi du, "irmoa" hitzarekin lotutako bizkaitar hitz zaharra da.

Idazle tipikoak etxean ordu asko eman behar ditu. Tabernetan asko ikusten zaitugu.

Kaleko giroa asko gustatu izan zait beti. Idazlearen irudi tipikoa hautsi eta, idazleak duen itxura aspergarri eta beldurgarri horretatik aldendu nahi dut. Tabernetan egotea atsegin dut, lagunak han daudelako, baina neurrian. Izan ere, idazteko etxean egon beharra duzu.

Zer du Gasteizek Ondarroak ez duenik?

Biak maite ditut, hiria eta herria, ezingo nintzateke bizi ez batean ez bestean. Hiriak dauka askatasuna, eta herriak lasaitasuna. Gustuko dut jaioterrira joatea, han baititut nire giroa eta lagunak.

Rock izar askok drogen beharra dute. Eta idazleek zer?

Bakoitzak ikusi behar du bere gorputzarekin zein droga doan ondo. Nik idazteko ez dut drogarik erabiltzen. Hala ere, idazteko bizi behar duzu, eta bizitzeko, drogak behar dira, agian. Baina idazteko nahiago dut lasaitasuna. Istorio batean sartu behar duzu, eta askotan, istorio bera da drogarik handiena.

"Zelebratu" deitzen omen zaituzte…

"Zelebratu" nire izebari esaten zion gure amonak, oso neska alaia zelako, beti pozik zebilelako. Nik beti izan dut gustuko ezizen hori, baina ez alaitasunaren zentzu horretan. Nire ustez, bizitzako gauza onei garrantzia ematen jakin behar dugu. Askotan gauza txarrei onei baino garrantzia gehiago ematen diegu eta. Horregatik hartu nuen ezizen hori.

Zeri idazten diozu zure olerkietan?

Eguneroko errealitateari buruz gogoeta egitea atsegin dut. Gauza txikiei handiei baino arreta handiago eskaintzen diet, azkenean gauza txiki horiek dute benetako garrantzia: nire ondoan bizi den magrebiarra, jotzen duten emakume bat… Pertsonen ikuspuntua hartzen dut abiapuntutzat, ikuspuntu orokorra beharrean.

New York-en izan zara duela gutxi, zerk erakarri zaitu gehien?

Han jende asko dago entzuteko prest. Jakinmin handia dago munduko kultura txikiak zer egiten ari diren jakiteko.

Euskera txikiegia, zaharregia al da?

Bai, baina agian. Agian horrek asko esan nahi du, gure buruari galdetu behar diogu ba ote den, edo ez ote den txikiegia. Gaur egungo gizartearen joera uniformizatzailetik ikusita, badirudi gure hizkuntza txikiegia dela, hiztun gutxi baikara. Baita zaharregia ere, izan ere, milaka urte ditu euskarak. Ikuspegi horrek kezka sortzen du gure baitan: iraungo ote du euskarak? Gure hizkuntza baliagarri izango da etorkizunean? Hala ere, kezka horrek erantzuna du: gure barruan hizkuntza horrek bizia hartzen badu, edo zentzurik badu, bizirik jarraituko duela, alegia.

Poetek ligatzeko erraztasuna omen duzue.

Agian ez, zeren poetaren pertsonaiak berak beldurra sortzen du: zalantzak daude, hau nolakoa izango da, "tipo" arraroa ez ote da izango. Beste guztien moduan ligatzen dugu. Azkenean, balio duena barruko pertsona da.

Medemen dokumentalean parte hartu zenuen. Zein iritzi duzu gatazkaz?

Nik uste dut konponbidea badagoela, eta konponbidea argi dago nondik etor daitekeen: elkarrizketatik eta errespetutik. Bi hitz oso garrantzitsuak dira bizitzan: elkarrizketa eta elkarrekiko errespetua.

Amaitzeko, neska batekin ligatzeko esaldi polita bota iezaguzu.

"Zurekin lasai nago, zurekin lasai senti naiteke"