Kirmen Uribe: "Hasiberria naiz, oraindik liburu hobeak agertuko dira"

Kirmen Uribe: "Hasiberria naiz, oraindik liburu hobeak agertuko dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirmen-uribe-hasiberria-naiz-oraindik-liburu-hobeak-agertuko-dira/@@download/image/kirmen_01_1382620795.jpg
2013/11/04
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Galder Izagirre
Idazleen estereotipoei iskin egiten dien idazlea da Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970). Lasaia, oso adierazkorra eta gertukoa. Garia beharrean, alea maite duena.


Durangoko Azokarako aste gutxi falta direnean, euskal idazle nahiz musikarientzako zita garrantzitsu horren aurretik, azaroaren 18an New Yorkera
joango da Kirmen Uribe Jainko txiki eta jostalari hura (Elkar) CD-liburua aurkeztera. Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin batera osatutako proiektuan literatura, musika eta marrazkia uztartu dituzte. "Gustura gaude emaitzarekin, lan ederra izango da". Ondarroan aurrestreinaldia egin ondorengo egunean bildu gara berarekin, goiz-goizetik bizia hartzen duen arrantzale herri txikiko Alamedan. Iritsi bezain laster, "Kafetxo bat hartuko dugu, ezta?", bota digu. Eta ezertan hasi aurretik, terrazan eseri gara. Argazkiak egitera bere etxera igotzeko baimena eskatu diogunean, arazorik ez, desordenatu samarra dagoela aurrez abisatu badigu ere –ez da horrenbesterako izan!– Eta amaitutakoan beheko tabernara jaitsi gara, lasai eseri, grabagailua martxan jarri, eta inguruan genituen emakumeen berriketaren gainetik –andrazkoak dira denak– gure solasaldian murgiltzera.

Hirugarren eleberrian lanean hasi zarela jakin dugu orain gutxi. Zer aurreratu diezagukezu?
Ez gehiegi… Nobela nahiko korala izango denez, jende askorekin bildu nahi dut, Euskal Herriko azken 40 urteetako gertakariekin lotura duen jendea elkarrizketatzea baita asmoa. Ez lehen planoan egon diren, protagonista izan diren horiek, jende normala baizik. Historiak herritarrengan izan duen eragina interesatzen zait. Elkarrizketekin hasiko naiz lehenik, eta ikusiko dugu… pixkanaka idatzi nahi dut, eta baliteke lanari azken ukituak emateko kanpora joatea, Mussche (2012) lanarekin egin bezala, etxekoa faltan bota arren. Oso esperientzia ona izan zen –San Frantziskon egin zituen bi hilabete–, nobelan erabat murgildu nintzelako. Eta hiriak ere, hain da zabala eta alternatiboa, pertsona moduan aldatu ninduela uste dut.

Beharrezkoak al ditu idazleak halako egonaldiak obra borobilagoak egiteko?
Ez, beharrezkoak ez, izan ere nik egunero idazten dut. Baina laguntzen dute, ikaragarri gainera, bereziki azken orrazketa egiteko, azken ukitua emateko. Ni lasaitu egiten naiz kanpora irtendakoan, Euskal Herria tentsioz betetako tokia delako. Hemendik at ideia asko sortzen zaizkit eta gauzak garbiago ikusten ditut, interferentziarik gabe. Guztia ahaztu eta bakarrik zaude, pentsatzeko astia duzu.

Idazle kaotikoa omen zara…
Bai… –barre egiten du–. Idazle kaotikoa izan naiz orain arte, baina tira… Aurrekoan Asier Altunarekin egon nintzen hizketan, eta hark esaten zidan zinegileek metodo bat dutela. Eta nik uste dut nobelagileak ere behar duela metodoa, pixka bat eroa izan arren. Erotasun puntu hori ezinbesteko du, baina baita metodoa ere; data batzuk jarri, eta idazketa prozesua horiek jarraiki egin. Bestela ezinezkoa da eleberri bat idaztea. Baina nire izaera ero hori mantenduko dut, eta hirugarren lanean ere agertuko da.

Nola hautatzen dituzu landu nahi dituzun gaiak?
Intuizioz. Beno, alde batetik intuizioa da, eta bestetik bizi dugun egoerari emandako erantzuna. Literatura, eta artea, oro har, kezkatik sortzen dira, gizabanakoaren eta munduaren arteko tentsio horretatik; bizi dugun horretatik, jendarteak hartu duen norabide horretatik. Eta ondoren intuizioak esaten dizu zer kontatu, barruak gidatzen zaitu. Hirugarren nobela hau aspaldiko ideia da, baina orain ikusi dut nire burua idazteko gai. Izan ere, zenbaitetan ideiak izan badituzu, baina ez duzu astirik izaten edo ez duzu zure burua gai ikusten horri ekiteko. Baina beti iristen da momentua, liburu bakoitzak berea baitu.

Zure bibliografiako bi eleberriak, eta baita hainbat poesia lan ere, itsasoari loturik daude. Badakit kostaldekoa zarela, baina horrez gain, zer du itsasoak?
Itsasoa eta askatasuna oso hurbil daude. Haurra nintzela, itsasoari begira jarri eta pentsatzen nuen: "Hortxe bertan dago New York, hortxe Londres…" Eta Donostia ikusi egiten nuen! Izan ere, Ondarroatik Donostia ikusten da, eta hori haur batentzat dei bat da, askatasunerako deia. Itsasotik gertu bizi direnen izaera ezberdina da, aiurri bidaiari hori, zabal hori, munduari begira dagoen izaera hori, izaera bizizalea. Eta baita tragikoa ere, itsasoak badakielako gogorra izaten. Bizitzako alde ezberdinak islatzen ditu itsasoak, eta ametserako joera, Londres, Donostia… ezagutzeko gogo hori. Horrez gain, nire aita arrantzalea zen, baita aitona ere.

[Kritikaren aburuz, euskal literaturaren "iraultza lasaia" eragin zuen Eta bitartean heldu eskutik (2001) obrarekin. Uriberen hitzetan, formek eragin zuten iraultza hori, ez edukiak. Gauza bera gertatu zen bere lehen eleberriarekin, Bilbao-New York-Bilbao (2008), sare egitura eta pasarte laburrek ezaugarritzen baitute berau.]

Esan genezake teknologia berriek eragin dutela euskal literaturaren iraultza?
Bai. Bilbao-New York-Bilbao-ren kasuan, esaterako, argi dago. Egungo bizimodua islatu nahi izan zuen liburuak. Abiadura bizian bizi garelako, eta gure bizitza oso zatikatua dagoelako. Ez garai batean bezala, zeinetan baserritar batek goiz osoa lanean pasatzen zuen baratzean, gero lo kuluxka egiten zuen, arratsaldean beste lan batzuk egin, eta gauean suari begira egoten zen. Astea oso astiro pasatzen zen orduan, eta igandea noiz helduko zain egoten ziren. Guretzat denboraren sentsazioa ikaragarri biderkatu da, askoz azkarrago doa dena. Eta askoz zatikatuago ere bai. Hori argi ikusten da sare sozialetan, bertan oso mezu labur eta zatikatuak bidaltzen ditugulako, argazkiak, iruzkin laburrak… Gure bizitzaren irudi bat ematen dugu, beronen interpretazio bat. Eta Bilbao-New York-Bilbao hortik jaio zen. Lehen pertsonan idatzita dago, sare sozialetan ere hala kontatzen direlako gauzak. Pertsona batek bere bizi-esperientzia nola ordenatzen duen kontatzen du obrak, eta guk sare sozialetan hori egiten dugu, gure bizitza ordenatu, nahi duguna erakutsi, eta nahi ez duguna ezkutatu.

"Irakurleen maila berean dagoen idazlea naiz", esan izan duzu. Zein zentzutan?
–Barre egin eta tartetxo bat hartu du erantzuten hasi aurretik–. Nik irakurlearengan sinesten dut, uste dut irakurlegoak azken bolada honetan, bereziki euskaraz, ikaragarri egin duela aurrera. Euskarazko irakurle gehienek badute hezkuntza maila bat, inolako zaitasunik gabe irakur dezakete euskaraz… eta hori azken urteotan lortu da. Orain hogei urte ez baitzen hori gertatzen, euskaraz irakurtzeko zailtasunak zeuden. Eta uste dut idazleak ere irakurlearen maila berean jartzen ikasi behar duela. Ezin diozu irakurleari gehiago eskatu, edo bera estutu zure idazkera adornatuarekin. Umiltasun puntu bat eta komunikazio eremu bat landu behar dira. Nik errespetu handia diot irakurleari, eta horregatik, ez ditut liburuak niretzat idazten, soilik, baizik eta euskal irakurlegoarentzat.

Aldiz, uste zabaldua da gazteen artean euskal literatura irakurtzeko esfortzu bat egin beharra dagoela...
Bai, esaldiak ordenatzeko moduagatik, sintaxiagatik, eta beste arazo batzuengatik. Esango nuke euskal idazleak kanpoko literaturara egokitu nahi izan duela, eta eredu izan diren liburu horiek, edo horietako batzuk behintzat, oso prosa elaboratua dute. Eta nahastu egin dugu zaila dena ona denarekin, adornatua onarekin, eta ez luke hala izan behar. Atzerriko literatura erreferenteek oso soil idazten dute egun, AEBetan, esaterako, ez dute prosa hanpatu edo puztua erabiltzen. Eta gu horretaz jabetu behar gara, eta hori ekarri behar dugu euskarara. Literatura ona oso soila izan daiteke, horretaz konbentzituta nago.

Paperekotik haratago, hainbat multimedia proiektutan parte hartu duzu, orain eskuartean duzuena kasu. Literatura eta teknologia berrien arteko lotura naturala dela esango zenuke? Ala lotura hori behartu egin dugu, lehenaren biziraupena ziurtatzeko?
Ez, bilaketa prozesu bat da. Gauzak ez dira egiten saltzeko helburuarekin, ez dira horren sinpleak. Sortzaileak beti ari dira bilatzen, idazleak, musikariak, artistak, eta gizartean gertatzen diren aldaketa horiekin bat doaz. Nire kasuan, musikariekin lankidetza bilatzea oso naturala izan da, artista plastikoekin edo ikus-entzunezko artistekin bilatzea bezalaxe. Zergatik ez dugu ba batera lan egingo? Dena den, ez da kontu berria, Ez Dok Amairuren garaian ere, 60ko hamarkadan, gauza bera egiten zutelako. Gertatzen dena da orain beste pauso bat eman dugula, eta CD-liburuak argitaratzen ditugula. Artistaren bilaketari erantzuten dion zerbait da. Esaterako, AEBetan zientzialari eta artistek proiektu asko egiten dituzte elkarlanean, eta hori ere hona iritsiko da. Baina ez da gehiago saltzeko, gizakiaren jakin-minari erantzuteko baizik. Artistek inork zapaldu gabeko hondartza horiek ibili nahi dituztelako.

Iragan hilabete hasieran Jon Kortazarren azken lanaren aurkezpenean esan zenuen, idazle baten arrakasta ziurtatzeko hiru ezaugarri direla ezinbestekoak: fundamentuzko obra egitea, lana irakurtzeko prest dauden irakurleak izatea, eta berari buruz hitz egingo duten kritikari eta irakasleak edukitzea. Zeintzuk esango zenuke izan direla zure arrakastaren gakoak?
Bereziki irakurleak. Beti babestu izan naute, baita kritikak ere, nahiz eta batzuek gehiago eskatzen didaten. Baita tira, hori aurrerago etorriko da –barre egiten du–. Konfiantza eman didate, baita argitaletxeek ere. Badakit oraindik asko dudala hobetzeko, eta liburu hobeak agertuko direla. Hori nahiko nuke, behintzat, hasiberria naizela uste baitut, eta kalitatez asko hobetuko dudala. Baina horretarako editoreen, kritikarien, irakurleen… babesa behar duzu, bestela bidea oso zaila delako eta aurrera egin ezinik geratzen zarelako. Eta irakurleek betidanik babestu naute, Euskadunon Egunkaria-n argitaratzen nituen zutabeen garaitik.

Betidanik babestu zaituzten irakurle horiek, aldiz, urrundu egin zitzaizkizula sentitu zenuen lehen eleberriarekin, bereziki, zure irudi publikoaren inguruan sortu zen eztabaidagatik.
–Barrez hasten da–. Tira, lehen lan hark sona handia izan zuen, onerako nahiz txarrerako. Nik uste dut gehien bat onerako, baina beno… Azken batean, Kirmen Uribe idazlea eta Kirmen Uribe pertsona bereizten dira, eta lehenak euskara mundura zabaldu nahi zuen, ahalik eta esparru gehienetara iristeko. Eta uste dut hori lortu dudala, euskaraz ez dakiten euskal herritarrek ikaragarri irakurtzen baitituzte nire eleberriak gaztelaniaz. Eta hori jauzi handia da, beren irudikaria aldatzen ari delako, itzulitako euskal idazle bat irakurtzen dutelako. Idazle gisa hori zen nire helburua, lurraldeak irabaztea. Baina noski, bestetik Kirmen Uribe pertsona dago, eta pertsona horrek bere lagunak ditu, bere ingurua, ideologia. Eta ikusi nuen lagun batzuk, hasiera batean, deseroso zeudela, gero ulertu duten arren. Eta Mussche betiko irakurleei eginiko keinu bat izan da, betiko Kirmen naizela eta haiekin nagoela esateko. Eta uste dut eskertu didatela.

Eta hirugarrenarekin, baduzu helburu jakinik?
Ez –barrez–. Beno, nahiko nuke itzulia izatea, eta munduak ikusi dezala hemen, Euskal Herrian, zer gertatu den. Zein mundu ikuskera duen euskaldun batek, zer den euskalduna izatea, hori nahiko nioke azaldu kanpoko jendeari. Ea posible dudan!

Oso komentatua izan zen Patxi Lopez lehendakari ohiak ‘Bitartean esku heldutik’ poesia-liburuko poema bat irakurri izana bere kargu-hartze ekitaldian. Euskarari eginiko keinua izan zela diozu zuk. Nola uste duzu interpretatu zutela gainerakoek?
Ez dakit, Euskal Herria hain dago politizatua… Nik onerako hartu nuen nire poema bat halako ekitaldi instituzional batean irakurtzea, ez ekitaldi politiko batean, instituzionalean baizik. Eta euskarari egin zion keinua, ez niri. Azken batean, poema bat argitaratzen denean edozeinena bihurtzen da, eta edozeinek erabili dezake.

Horixe galdegin behar nizun, idazlea bere poemaren erabilera guztien erantzule dela uste al duzun?
Ez, noski. Batzuetan haserretu egin zaitezke, baina ezin duzu ezer egin. Lagunek esan zidaten desmarkatu egin behar nintzela, eta nire poemak horretarako erabiltzerik nahi ez nuela esan… Baina ez dakit, zertarako? Denborak gauzak bere tokian jartzen ditu, eta lasai egoten jakin behar da. Ni pertsona lasaia naiz, eta epe luzera begiratu ohi dut, ez naiz momentuko zurrunbiloetan erortzen. Ez naiz polemika zalea, are gutxiago polemikaren bidez zure irudi publikoa sustatzearen aldekoa. Idazle bat bere obrak definitzen du, eta kito.

Atzerrian eginiko errezitaldi eta hitzaldietan oinarrituz, behin baino gehiagotan esan duzu euskal literaturak oso harrera ona duela nazioartean. Zergatik?
Hizkuntza ederra iruditzen zaielako, musikaltasunagatik, bereziki; Katalunian, Japonian, AEBetan, Ingalaterran… asko gustatzen zaie. Eta horrekin
lehen pausoa irabazita dugu. Ondoren, egia da euskal liburuak beste hizkuntzetara itzultzea oso zaila dela, orokorrean zaila delako itzulia izatea; AEBetan, esaterako, liburuen %2 dira itzuliak. Baina errezitaldietara jendea erakartzea eta gustura uztea, hori egingarria zaigu. Herri txikia gara, baina idazle bikainak ditugu, eta literatura oso ona, idazle on batzuk ditugulako, ez bat ala bi bakarrik. Eta Joxean Lizarribarrek zioen bezala, konplexurik gabe egin behar dugu aurrera, kanpora irten. Gu ere hala joan ginen 2002an New Yorkera, eta orain ere hala goaz, jendeak Euskal Herria ezagutzen duelako, baita euskara ere. Konfiantza gehiago behar dugu.

Obraren arrakastaz aritu gara lehenago, eta itzulpenez orain. Zure aburuz, lan baten arrakasta, berau itzulia izan den hizkuntza kopuruak zehaztu dezake? Zure lanak 14 hizkuntzatara itzuliak izan dira.
Obraren arrakasta agerian uzten du itzulpenak. Baina irakurleak izatea garrantzitsuagoa dela esango nuke, euskaraz gustatzen ez den liburu batek, edo euskaraz ibilbide luzerik ez duen liburu batek, ez duelako halakorik egingo kanpoan. Lehendabizi gure esparrua landu behar dugu, eta ondoren atzerrira joan, pixkanaka. Baina ez kanpotik barrura, edota soilik kanpokoa landu. Oso argi daukat hori. Euskalduna naiz, eta hemengo hizkuntza komunitatea da garrantzitsuena. Obra bat itzulia bada, hizkuntzari berari duintasuna ematen dio, sendotasuna.

Hain zuzen, Harvard unibertsitateko ‘The Harvard Book Review’ aldizkariaren arabera, "Uriberen literaturak Euskal Herrian ditu erroak, baina zeharo unibertsala da". Beharbada hori, zure lana nazioartera zabaltzeko tema hori, izan da euskal komunitateak gehien kritikatu dizuna.
Tira, tentsio txikiak baino ez dira. Futbol jokalari bat atzerrira joaten denean herrian errezeloa sortzen hasten denean bezala, nire kasuan ere gauza bera pentsatuko zuten batzuek, "hau jada ez da gurea". Beldurrak dira, beldur humanoak, baina denborak, arestian esan bezala, gauzak bere lekuan jartzen ditu, eta argi dut garrantzitsuena hemengoa dela. Ondoren polita da Japoniara joatea, edo auskalo nora, baina izan dadila euskal literatura zabaltzeko aitzakia bat.

Eta zein uste duzu izango dela datozen hamarkadetan euskal literaturak jarraituko duen bidea, noranzkoa?
Baikorra naiz, eta azken 40 urteetan ikaragarri aurreratu dugu: Atxaga, Saizarbitoria, Lertxundi, Koldo Izagirre, Aranbarri, Rikardo Arregi… Zenbat idazle on egon diren gure aurretik! Eta gu haiei esker gara idazle. Nahiko nuke etorkizunean kalitatezko idazle gazteak sortzea, dagoeneko hasi dira sortzen, eta gurea amets soilean ez geratzea. Askotan izaten dut beldur hori, gurea ez ote den boom horietako bat eta laster galduko ote den, Axularren garaiko Sarako Eskolarekin gertatu bezala. Ez nuke nahi. Bitartean, ahalik eta liburu onenak idatzi behar ditugu.

Kirmenen kuttunak


Liburu bat: Rayuela (Julio Cortazar, 1963).
Film bat: Aupa Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005).
Kanta bat: Ruper Ordorikaren Berandu dabiltza.
Ez duzu sekula ahaztuko... New Yorkera Mikel Urdangarin eta gainontzekoekin joan nintzen lehen aldia.
Miresten duzu... Gure gurasoen belaunaldia, gerra ostekoa, gosearena, euskal kulturari eutsi ziona.