Kimuak programarako film laburrak aurkezteko deialdia egin dute

Kimuak programarako film laburrak aurkezteko deialdia egin dute 30 minututik beherako lanak aurkeztu behar dira maiatzaren 25era bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kimuak-programarako-film-laburrak-aurkezteko-deialdia-egin-dute/@@download/image/kimuak 2022.png
2022/05/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

30 minututik beherako lanak aurkeztu behar dira maiatzaren 25era bitarte.
Kimuak programarako film laburrak aurkezteko deialdia egin dute

Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatu eta Zineuskadi elkarteak kudeatutako KIMUAK programaren aurtengo edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Hautatutako film laburrak KIMUAK atalean bilduko dira, eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizunetara bidaliko dira.

Hogeita hamar minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2021eko ekainaren 1etik aurrera egindakoak badira. Bestalde, eta aurtengo berritasun gisa, Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Hirigune Elkargoko euskarazko film laburrak ere onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.

Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute. Zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izana onartuko da.

Film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 25era bitarte egongo da zabalik. Eskaera-orria, eskatutako agiriak eta film laburra kimuak@filmoteka.eus helbidera bidali beharko dira, deskargatzeko aukera aktibatuta duen Vimeo-ko esteka pribatu bat gehituz.

Kimuak programako katalogoa gehienez zazpi filmerekin osatuko dute. Honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak eta horren arabera puntuatuko ditu lanak: film laburraren interesa, gidoiaren kalitatea eta maila teknikoa eta artistikoa; proposamenaren arriskua, planteamenduaren originaltasuna eta hizkuntza zinematografikoa berritzeko gaitasuna; eta nazioarteko potentziala. 

Oinarriak eta izen-emate formularioa hemen eskura daitezke.